BABESLEDUN EDUKIA

Dron ikuskizuna iragarri dute Beasainen, su artifizialen ordez

Kutsakorrak eta zaratatsuak dira su artifizialak, eta azken urteetan ezbaian egon direnez, alternatibak asmatzen ari dira. Hala, aurten Beasaingo Loinaz jaietan su artifizialen ordez, dron ikuskizuna eskainiko dute. Bestalde, txupinazioa sare sozialen bidez jarraitu ahal izango da.

Beasaingo koadrillak, barrakagunean.
Beasaingo koadrillak, barrakagunean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jaietako danbatekoarekin (18.00etan) eta Mariren jaitsierarekin (22.30ean) hasiko dira ostiral honetan (maiatzak 30) Beasaingo Loinaz jaiak. Azken ekitaldi hori izan ohi da ikusmin gehien duena eta, hori dela eta, iaz egin zuten bezala eta arrakasta izan zuela ikusita, aurten ere zuzenean eskainiko dute Udalaren Youtube kanaletik.

Hala ere, ziurraski badago egitarauan jendearen arreta gehiago piztuko duen ekitaldi bat, eta hori su dron ikuskizuna izango da, igande honetan, ekainak 1, 22.30ean eskainiko dutena. Su artifizialen erabilera ezbaian dago azken urteetan, zaratak animaliak eta hainbat pertsona asaldatzen dituelako. Zarata gutxiago egiten duten su artifizialak asmatu diren arren, arazoa ez da guztiz konpontzen –ingurugiroarentzat, gainera, kaltegarriak dira–, eta jaiak denek gozatzeko izan beharko luketenez, Beasaineko Udalaren apustu hau primerakoa da. Ea zer moduzko harrera duen.

LED argiz hornitutako hamarnaka dronek hegan egingo dute zeru ilunean, musika eta soinu-efektuak uztartuz, erritmo sinkronizatuan mugituz, erakustaldi artistikoa eskaintzeko. Hori egiteaz arduratutko den enpresa Flock Drone Art Studio izango da, eta 120 dron erabiliko ditu Beasainen. Ikuskizuna ohiko lekuan eskainiko dutenez, Igartzako Monumentu Multzoan, publikoari su artifizialak ikusteko jarriko ziren leku berdinean jartzea gomendatzen dute, ondo ikusi ahal izateko.

Gaztetxoentzako aukera zabalagoa

Beste berrikuntza bat Haur Danborradaren ordu aldaketa da. Izan ere, aurten eguerdira pasa dute, garai batean zuen ordutegia berreskuratuz. Larunbatean, maiatzak 31n, Igartzatik aterako dira konpainiak 12.00etan, Koxkola Txaranga eta Musika Eskolako bandak lagunduta.

Gaztetxoekin jarraituz, publiko horren egitarauko eskaintza zabaldu nahian, larunbatean Skate erronkak, graffitia eta DJa izango dira Iturralde plazan, 12-18 urte bitartekoei zuzenduta. Hurrengo egunean, berriz, 12-16 urtekoentzat, toki berean, eskulan tailerra izango da. Ekainaren 7an, berriz, Iturralden bertan eta arratsaldez, familientzako eskulan tailerra antolatu dute.

Gau giroari dagokionez, Zea Mays eta Süne izango dira kartel-buruak. Zea Mays ekainaren 6an 23.30etan eskainiko du kontzertua, eta Sünek hurrengo egunean, 23.00etan, Bideluze plazan biak. Horiez gain, Muxutruk erromeri taldea, Goxua'n salsan, Trannce, nafar jotak eta DJ Txomin, txistulari, gaitero, banda eta trikitilariak ere izango dira jaietan zehar.

Loinaz jaiak ekainaren 8an amaituko direnez, egitaraua denon gusturako ekitaldiz betetzeko aukera egon da. Ez dira faltako kirol jarduerak, dantzak edo sukaldaritza lehiaketak, ohikoa den bezala.

Herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin aurtengo jaietan ere prebentzio kanpainak errepikatuko dira. Horrela, alkoholaren kontsumo arduragabea, indarkeria sexista eta lapurretak saihesteko gomendioak zabalduko dira. Ikastetxeetan egonak dira Udaltzaingoko agente tutoreak Ertzaintzarekin hitzaldiak ematen. 

Zentzu horretan, Beasaingo alkateak, Leire Artolak, jaiez gozatzeko deia egin die herritarrei, «normaltasunez eta gizalegez, banatzen gaituenari baino batzen gaituenari garrantzi gehiago emanez eta denok batera elkarrekin Beasain bizigarriago baten alde eginez».

Beasaingo jaietako albiste honen laguntzaileak: Argi Optika, Arrainki arraindegia, Arrano taberna, Barandiaran berrikuntzak, Beasaingo Udala, Goyerri autorrecambios, Kattalin erretegia, Margogai eta Sirmet.