NAIZ

Izotz Aroko klima aldaketak ekialderako migrazioa eragin zuen Europan

Klima aldaketak azken glaziazioaren amaieran izan zuen eragina aztertu du nazioarteko ikerketa batek. Deskubritu dutenez, gizakiek historiaurreko Europako ekialdera migratu zuten. Ikertzaileen ustez, gertaera horrek erakusten du zein azkar erreakzionatu zuten, migratu egin zutelako desagertu ordez.

Iberiar penintsulako datuak Algarveko Unibertsitateko (Portugal) eta EHUko ikerlari banak laburtu dituzte. Zehazki, Alvaro Arrizabalaga Historiaurreko Ikerketa Taldeko kidea da ikerketaren egileetako bat.
Iberiar penintsulako datuak Algarveko Unibertsitateko (Portugal) eta EHUko ikerlari banak laburtu dituzte. Zehazki, Alvaro Arrizabalaga Historiaurreko Ikerketa Taldeko kidea da ikerketaren egileetako bat. (EHU)

Duela 12.000 urte baino gehiagoko klima aldaketak historiaurreko gizakien populazio posibleei nola eragin zien deskubritu du nazioarteko ikerketa berri batek. Europa osoko 25 ikertzailek parte hartu dute bertan, Koloniako Unibertsitatearen zuzendaritzapean, eta tartean EHUkoak.

Ikerketak aldaketa adierazgarriak aurkitu ditu biztanleriaren tamainan eta dentsitatean azkeneko Izotz Aroaren amaierako denboraldi garrantzitsuetan, zehazki Goi Paleolitoan, duela 14.000 eta 11.600 urte bitartean. Iberiar penintsulako datuak Algarveko Unibertsitateko (Portugal) eta EHUko ikerlari banak laburtu dituzte. Alvaro Arrizabalaga Historiaurreko Ikerketa Taldeko kidea da egileetako bat.

Ikerketak bi denboraldi garrantzitsutan jartzen du arreta: GI-1d-a (14.000-12.500), Goi Paleolitoan klima hobetu zen aldia, eta arestiko Dryasa (GS-1). Klima denbora laburrean hoztu zen aldi horretan, duela 12.500 eta 11.600 urte artean, azken glaziazioaren amaieran. Arestiko Dryasak Pleistozenoko azken hotz-astindua irudikatzen du, eta holozenoko klima-zikloari ematen dio bidea. Ziklo horretan gaude orain.

Koloniaren Protokoloa

Ikertzaileek, Koloniaren Protokoloa izeneko metodologia geoestadistiko berritzailea erabilita, eta datu arkeologikoen oinarri zabal batekin, biztanleriaren tamaina- eta dentsitate-aldaketak neurtu zituzten Europako hainbat herrialde-eremutan, duela 14.000 eta 11.600 urte artean.

Klimaren hobekuntzako lehenengo denboraldian (GI-1d-a), birpopulatzen eta Europa erdialdeko iparraldera eta ipar-ekialdera hedatzen jarraitu zuten gizakiek, eta, horrela, eremu hori Europako dinamika demografikoaren erdigunea bihurtu zen Historiaurrean lehenengoz. Europako hego-mendebaldeko biztanleriak, batez ere Iberiar penintsulan eta Frantzian, gutxiagotzen hasi ziren aurreko denboraldietako datu demografikoekin alderatuta.

Bat-bateko hoztearen ondorioz, Arestiko Dryasean, datuek erakusten dute balitekeela biztanleria erdira murriztu izana. Halere, Europako erdialdeko eta ekialdeko eremu batzuetan, esaterako, Italiako iparraldean, Polonian eta Alemaniako ipar-ekialdean, biztanleriaren dentsitatea handitu eta guzti egin zen.

Erreakzio demografikoa

Ikertzaileen ustez, gertaera horrek erakusten du zein azkar erreakzionatu zuten historiaurreko gizakiek klima aldaketaren aurrean. «Gure datuek iradokitzen dute gizakien komunitate askok ekialdera migratu zutela klima berrira egokitzeko, desagertu ordez», azaldu du Isabell Schmidtek, Koloniako Unibertsitateko Historiaurreko Arkeologiako Saileko kideak, eta argitalpenaren zuzendariak.

Ikerketak nabarmentzen du, biztanleriaren kolapsoa jasan zuen aurreko denboraldian ez bezala (Gravettiarrean zehar, duela 25.000 bat urte), Goi Paleolitoko gizakiek hobeto erantzun zutela, itxuraz mesedegarriagoak ziren eremuetara migratzearen bidez.

Azterlana ikerketa-ildo zabalago baten barruan dago, CRC 806 ‘Europarako gure bidea’ (2009–2021) esparruaren barruan jarri zen martxan eta gaur egun HESCOR proiektuaren baitan jarraitzen du, Ipar Renania-Westfaliako Estatuko Kultura eta Zientzia Ministerioak finantzatuta.