«Ontzia ez da mugituko kanpoko balizen haizearekin baina sariak haize ona dira hobeto joateko»
Bigarren egin du Etxebarrik beste urte batez munduko jatetxerik onenen zerrendan. Era berean, pozik ageri da Aitor Arregi Elkanok lau postu gora eginda. Zenbakiak gutxienekoa dira, euskal kulturak eta sukaldean egiteko moduak gastronomia globalean lekua izatea da sariaren balioa getariarrarentzat.

Etxebarri eta Elkano jatetxeak bigarren eta hogeitalaugarren postuetan, hurrenez hurren, geratu dira aurtengo The World's 50 Best Restaurants zerrendan. Errepikatu egin du Axpekoak eta 28. lekutik lau postu egin ditu gora.
Turinek hartu zuen joan den ostegunean urteroko sariemate ekitaldia. Munduko 50 jatetxe onenen zerrendan bi euskaldun ageri dira: Bittor Arginzoniz (Etxebarri) eta Aitor Arregi (Elkano).
«Su pixka baten laguntzaz, osagai sinpleak, hala nola esnea eta haragia, plater aparteko eta ahaztezin bihurtzen ditu». Hauexek The World's 50 Best Restaurants sariaren hitzak Etxebarri jatetxearen balorazioa egiterakoan. Munduko bigarren onena da epaimahaiaren iritziz. Iaz ere postu bera eskuratu zuen.
Mutu zegoen Axpeko jatetxeko telefonoa joan den ostiralean, sariematearen biharamunean. Mutu Arginzoniz. Ez da fokupean jarri zalea, bere eguneroko lana da hitz egiten duena. «Bere diskurtsorik onena bere isiltasuna da. Bere isiltasunaren eta sentsibilitatearen bidez gauza asko esaten ditu», esan zion NAIZi Italiatik Euskal Herrirako bidean telefono bidez Aitor Arregik.
Berehala erakutsi zuen berezkoa duen eskuzabaltasuna eta euskal gastronomiaren komunitatearekiko duen lotura estua, bere buruaz eta Getariako proiektu arrakastatsua aipatu aurretik, ezer baino lehen, besteen lorpenak txalotzeari ekin baitzion. «Azken urteotan bihotza ahotik atera beharrean egoten gara sariematean. Gugatik baino askoz urduriago egoten naiz Bittorrengatik, eta atzo ere hala izan zen. Azken momentura arte ez genuen jakin munduko onena ala bigarren onena izango zen», aitortu zuen.
Aitzindaria izan da bizkaitarra eta balioan jarri du Arregik. «Berak jarri du parrillaren ikuspegia munduan duela urte batzuk eta horren atzetik etorri gara beste batzuk. Argentinako Don Julio ere hor kokatuko nuke. Bittor izan da parrilla aktualizatu duena, gure kasuan arranparrilla».
Euskal Herriaren kontsul ikusten du. «Gure herriarentzat garrantzitsua izango litzateke lehenengo postua eskuratzea, modu horretan consul bat izango genuke mundu osoan. Izan ere, irabazle suertatzen dena ‘liberatu’ egiten du sariak, ez du gehiago lehiatzen. Best of The Best taldeak sartuko litzateke. Bertako kideak urtero sariemate ekitaldira datoz, eta urte osoan consul-ak dira gastronomia munduan. Gure parrilla hor geratuko balitz Euskal Herriak consulatu bat irekitzea bezalakoa izango litzateke. Beno, uste dut dagoeneko badela, edonondik dator jendea bere jatetxera eta denek maite dute, baina ea ‘askatzen’ duten gizona», adierazi du.
Itsasargia. «Bittorrek ondo islatzen du euskaldunon izaera. Egunero lana eginez eta ingurua errespetatuz, itsasargia da», nabarmendu du.
28tik 24ra pasa da aurten The World's 50 Best Restaurants zerrendan. Zenbakiak gutxienekoak direlakoan dago Aitor Arregi. «Hona etorri izana, bere horretan, oparia da. Interesgarria da Getaria bera eta herrian arrantzaleen eskutik itsasontzitik lurrera iritsi zen arranparrilla bisualizatzen delako munduko pertsona asko biltzen dituen topaketan. Hortik aurrera 50, 36 edo 4... zenbakiak gora-behera ibiltzen dira. Ez ginen etorri pentsatuz 50. postua egitea txarra zenik. ‘Ze ondo, hemen gaude!’ izan zen gure pentsakizuna; eskertuta gaude», esan zuen.
50, 36 edo 4... zenbakiak gora-behera ibiltzen dira. Ez ginen etorri pentsatuz 50. postua egitea txarra zenik. ‘Ze ondo, hemen gaude!’ izan zen gure pentsakizuna; eskertuta gaude»
Garaikurren lehiak ez gaitu itsutu behar Arregiren ustez. «Barkua ez da mugituko kanpoko balizen haizearekin baina sariak haize ona dira itsasontzia hobeto joateko. Ezin diegu begiratu sariek gutaz zer dioten guk hori egiteko. Kanpotik datozen bultzadak ongietorriak dira, pendiente ditugun kontuak egiten laguntzen dutelako. Baina motorra etxean dago, bertan egiten dira gauzak».
Sariak bultzada, ilusioa eta konpromisoa direla adierazi zigun Arregik duela lau urte egindako elkarrizketan. Iritzi berekoa da orain ere. «Saria konpromisoa ere bada, jendea etxera erakarriko du eta guk errazago edukiko dugu dena antolatzea eta egitea. Alderdi positiboak ditu eta konpromisoa hor dago, baina ez sarik ematen dizkigutelako bakarrik. Konpromisoa dago gure kasuan Elkano aitak ireki zuen lehen egunetik».
«Bittorren konpromisoa da bere inguruarekiko eta bere etxera doazenekiko. Eta denok egin beharko genuke gauza bera. Gustatzen zaiona besteekin konpartitzen du. Errekonozimenduak jarraitzeko bultzada dira, baina eguneroko bezeroak dira etxea egiten dutenak», gaineratu du.
Jatetxe baten balioa zenbakitan neurtzeak «zentzu gutxiago» dauka Elkanoko arduradunaren esanetan. «Sariak etortzen ez direnean ere berdinak izango gara gu», esan du perspektiban jarriz. Aurtengo edizioan Etxebarri eta Elkano dira euskaldun bakarrak. «Beste euskaldunak egon dira zerrendan: Juan Mari Arzak, Andoni Aduriz iaz arte egonda, zer esanik ez Eneko Atxa, eta Josean Ariza. Denek konpromiso berarekin jaraitzen dute. Orain Asiako sukaldari asko daude zerrendan, gero ez dakit zer gertatuko den».
Ezin dugu galdu perspektiba pentsatuz egia hau denik, zenbakia. Bakoitzak ezberdin ikusten du. Michelinek bakarra eman dio Bittorri. Nola? Beste zerrenda batzutan badaude aipatu dizkizudan euskaldunak eta hemen ez. Zein da egia? Egia plurala da».
Aurrera begira, ezin zilborrari begira egon. Etxekolanak badauzkate egiteko –sozializazioa tartean–. Hala aitortu du. «Gauza asko ditugu hobetzeko baina gu zer garen, kontzeptuak, ez dira aldatzen».

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Investigan insultos y un presunto intento de agresión al alcalde durante la procesión del 7

Agradecimiento desde el hospital de Gaza a una Iruñea volcada contra el genocidio

«Aquí me voy a tatuar unos huevos con txistorra»
