Distira handiko jaialdia, formatu ttipiari helduz
EHZ festibalari esker ezagutu dute askok Arberatze-Zilhekoa, Nafarroa Behereko ekialdeko herri ttipia. Amikuze eskualdean, nekazaritza herri honek milaka jende aterpetu ditu, tailerrak, kultur ikusgarri eta musika emanaldiekin alaitasuna hedatzeko, festa eredu engaiatu baten inguruan.

1996an abian ezarri zen Euskal Herria Zuzenean Arrosako zolan. Hogeita hamar urteak ditu, beraz, jaialdiak begien bistan. Ibilbide oparoa izan du eta Ipar Euskal Herriko inguru anitz ezagutu ditu bide horretan; Arrosako Sohatiatik Idauze-Mendiko Mendikotara joan zen; Heletara ondotik, Lekornera gero, eta barne gogoeta batekin bere burua berriro definitu eta nomada gisa Baigorrira, Baionara eta Itsasura ailegatu zen; Irisarrin berrabiatu zen ttipiago eta lokalago bilakatuz, eta aurten bigarrenez Arberatzen da, Amikuzetik Euskal Herriari zoriona iragarriz.
Eguzki galdatan esnatu zen Arberatze atzo. Oihal-etxola koloretsuen itzala, eta Euskal Herri osotik jindako jendea, nagusiki gazteak. Txomin Dhers txalapartari lohizundarra aurkitu genuen jende artean eguerdi partean: «Joan-jin bat egiteko prestatzen ari naiz bero honen erdian; jaialdia ordu batzuez utzi eta Gipuzkoara noa, Asteasura, Xiberoots taldearekin kontzertua baitugu han, eta bihar berriro hemen izanen naiz taldearekin jotzeko».
«Herri ezberdinetatik pasa da eta beti uzten du zerbait ona inguruetan, herriko eta eskualdeko jendearen parte hartzea izaten delako oinarri garrantzitsu bat»
Teklatuak jotzen ditu Xiberootsen Donibane Lohizunekoak, eta jaialdian parte hartzeak zer dakarkion galdetu genion: «EHZ txikitatik ezagutzen dudan festibala da, lokala da, bertakoa. Nola erran, alternatiboa? Tira, engaiatua hitzarekin lotuko nuke zehazkiago, konpromisoz betea dagoelako. Herri ezberdinetatik pasa da eta beti uzten du zerbait ona inguruetan, herriko eta eskualdeko jendearen parte hartzea izaten delako oinarri garrantzitsu bat». Gaur joko duten kontzertuaren berri galdetu genion atzo, baita zertan ibiliko diren udan zehar ere: «Hamar urte bete ditu Xiberoots taldeak. Hirugarren diskoa atera berri dugu, “Zer agitüko” izenburua daukana; ragga-reggae-dub doinuei eutsita soinu elektroniko batzuk gehitu ditugu; Peio Erramuzpe sartu berri da taldean eta bere makina soinu batzuek aldaketa ttipi batzuk ekarri dituzte. Disko horren aurkezteari eutsiko diogu udan zehar eta, noski, hemen horretan arituko gara; igandea izanik, 10.00etan jotzen dugu, Tapia eta Leturiaren ondotik; kontzerturako espresuki jantziko gara, mozorrotu… kontzertu berezia izanen dela ziur naiz. Iparraldean, gure jendearekin, eta Euskal Herri osoarentzat».
Gazteen ikuspegia
Plazan zebilen Aitzol Gil de San Vicente gaztea ere, brigada berdeetako laguntzaile. Brigada horiei dagokie jaialdiak duen aitzindaritza zaintzea, ekinbide anitz ezarri dituztelako abian ildo horretan: plastikoaren erabilera murrizteko edalontziak, birziklapen neurriak, produktu kimikorik gabeko komun idorrak, eta garraio kutsadura saihesteko zero kilometroko ekoizpenak, adibidez. Gazte ikuspegitik jaialdiaren berri emateko eskatu genion. «Nire ustez, EHZ zubiak eraikitzeko gune bat da, horretarako sortu zena eta horretarako balio duena. Hemen elkartzen gara barnealdeko gazteak, kostaldeko gazteak, belaunaldi desberdinetakoak, Ipar Euskal Herriko eta Euskal Herri osoko herritarrak, eta zubiak sortzeko eta alternatibak eraikitzeko balio duela esango nuke. Balio aurrerakoietan eta balio eraldatzaileetan oinarrituz ateratzen delako aurrera jaialdi hau. Ez da jaialdi bat gehiago, baizik beste askotatik desberdintzen den jaialdi bat; elkargune bat da, elkarketak eraikitzeko sortua, eta maite dugun Euskal Herri horren bidean oasi txiki bat dela esango nuke».
Urteetan aitzin joan arau, laguntzaile funtzioak ere aldatu ote zaizkion galdetu genion. «Orain brigada berdean nago, komunak garbitu, zikin-ontziak birziklatu… Azken finean, horixe baita EHZren desberdintasuna, bertako produktuak, jasangarritasuna, festa edo edozein kontutarako espazio seguruak… hori bultzatzen du festibalak, hori da helburua». Festa anitz aipatzen dela baina hainbeste eginbeharren erdian hartarako tarterik gelditzen den itaundu eta «bai, bai, zalantzarik gabe, lan txanda artean ere bai, noski, beti dago aukera giro politean festa egiteko, lagunekin elkartzeko, edo aspaldiko klasekideekin, adibidez».
«Horixe baita EHZren desberdintasuna, bertako produktuak, jasangarritasuna, festa edo edozein kontutarako espazio seguruak...»
Mexikortxo musika taldea herrian zebilen, beren jantzi mexikar eta umore onarekin musikaz inguruak alaitzen. Eneko kantariak eman zigun taldearen berri. «Aizarotzen, Nafarroa Garaiko Basaburuan sortutako taldea da Mexikortxo. Herri ekimenetik sortutakoa. Zergatik? Dirurik ez duten herri txikiek ere badutelako eskubidea kontzertu on bat izateko. Horrela sortu genuen gurea, musikari hoberenak bilduz», erran zigun erdi serio baina umorez. Horregatik galdetu genion lagun taldetzat edo musika taldetzat duten haien burua.
«Ez gara talde bat, baizik banda bat, banda villista bat zehazki. Gure lehen tronpetista zapatista da, baina gu Pancho Villaren jarraitzaileak gara. Izan ere, Joxe Doroteo Arango Aranbula izena zuen hark; bi abizen euskaldun zituen, Basaburukoak, gure ingurukoak. Eta gu saiatzen gara kanta mexikar iraultzaileak plazara ekartzen, mezu bat dutenak, herri ekimeneko mezu bat bidaliz edo betiko maitasun korridoen letra euskaratuz».
Lana eta festa
Programazio berezia eta aberatsa du EHZk, Zikiro karpan Itzuli Konpainia, elizan Altxa Lili, plazan herri kirolak eta bertsoak, Izan musika taldea… eta berotik ihesi, freskatzeko, ostatuetan harat-honaka zebiltzan festazaleak eguerdi eta arratsalde partean. Nola ez, lan txandetan buru-belarri, aldiz, laguntzaileak; Lasako Maia Iribarne Olhagarai, adibidez. Musikaria eta bideogilea da bera, baina zerbitzuan ari zen ostatuan. «15 urte ditudanetik manera honetan ari naiz EHZn. Modu aktiboan parte hartzea baita enetzat politena, giroaz gozatzea, eta ikastea, jende berria ezagutzea. Lagunak elkarrekin heldu gara herritik eta esperientziaz gozatzen dugu», erran zuen.
«Modu aktiboan parte hartzea baita enetzat politena, giroaz gozatzea, eta ikastea, jende berria ezagutzea»
Zerbitzari ari zen Izturitzeko Eztebe Oihenart ere. «Bosgarren urtea dut laguntzaile gisa. Irisarrin hasi ginen, aski naturalki. Urtez urte atxikitzen dugun engaiamendua da, elkartasunez eraikitzen duguna. Badakigu bi parteen egiten gainera, lan txanda eta festa pixka bat», erran zuen.
Ostatuaren kanpoaldean zebilen Txomin Catalogne. Bunuzeko musikaria urte luzeetan aritu izan da laguntzaile; orain, beste modu batean. «Nire lehen oroitzapenak Arrosakoak dira; ttipi-ttipiak ginen, zazpi-zortzi urte; gurasoak laguntzaileak ziren. Lehen usainak horiek direla erranen nuke. Gero antolakuntzan aritu nintzen, ekipo batekin, eztabaida guneak eta abar. Eta orain biziki maite dut festibalak hartu duen bidea; txikiagoa eta lokalagoa da; irekia ere bai, bistan dena, eta biziki pozik naiz ikusiz gazteriak bide hori hartzen duela».
Azkenik, antolatzaile taldeko Ihintza Etxart bidarraitarrarekin mintzatu ginen. «Iazko jende kopurua izan dugu ostiralean, eta gaur jende anitz espero dugu, aro ona eta kontzertu erakargarriak daudelako. Lan zama gehigarri bat da lehen urtea; euria izan genuen gainera, eta iazko akatsetatik ere abiatzen gara, beste aterabide batzuk atzemateko. Herritarrak kontent ziren iaz, eta aurten ere besoak zabal-zabalik egin digute harrera. Gunea birmoldatu dugu; elizara pusatu gintuen iaz euriak, adibidez, eta aurten erabilpen berri bat eman diogu ikusgarrientzat. Giro orokorra aldatu dela erran daiteke agian; lokala da hau, kasik ia denek ezagutzen dugu elkar, eta elkar ezagutzen ez badugu, iduri du familia berekoak garela. Sentitzen da on egiten duela jaialdiak, giroa sanoa dela, eta hemengoak lan eginarazteko ere balio duela. Hemengo ekoizleak adibidez. Besta ereduari buruz ere bada gogoeta bat, baita geroari buruz ere. Heldu den urtean 30 ospatuko ditugu, eta badugu alimaleko proiektu bat liburu, dokumental eta podcastarekin. Desafio handi bat, eduki aberatsekin, adin guztietako arduradun eta laguntzaileekin».

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Agradecimiento desde el hospital de Gaza a una Iruñea volcada contra el genocidio

«Aquí me voy a tatuar unos huevos con txistorra»

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa
