
Soziolinguistika klusterrean kezka nagusi bat zuten azken urteetan: hizkuntza teknologietan ematen ari zen garapenak zer eragin zuen euskararen erabileran. Hori ikertze asmotan sortu zuten Itzulinguru proiektua, «itzultzaile neuronalaren eragina hizkuntza jarduera arautuan» ikertzeko. Izan ere klusterreko kide den Asier Basurtoren arabera, beraientzat garrantzitsua zen itzultzaile neuronalaren aplikazioa aztertzea, «euskaraz garapen teknologiko maila aurreratua zuelako, eta gizarteko testuinguru arrunt askotan» erabiltzen ari zelako. Hala ere, ez zuten «jolasteko erabiltzen duen jendearekin» egin nahi ikerketa, maila profesionalean erabiltzen zutenekin baizik.
2023 eta 2024ko ikasturteen artean egin zuten ikerketa, eta asteazken goiz honetan Udako ikastaroetan ‘Itzulinguru proiektua euskaltegietan eta bigarren hezkuntzan’ mahaingurua osatu dute Basurtok berak, Beñat Erezuma Bigarren Hezkuntzako irakasleak eta Aitor Ogiza, AEK-ko kideak. Bakoitzak bere esperientziak kontatu ditu, itzultzaile neuronalak zertan lagundu dien eta aldi berean zein oztopo sortzen dituen diglosia egoeran dagoen euskararen kasu zehatzean.
Basurtok ikerketaren marko teorikoan aipatu du jarduera profesionalen alorrean egin dutela lehen ikerketa hau: «Jada egitura bat badago, sistema bezala ulertzen dugu, eremu horietan jada badaude arau batzuk, lan banaketa bat, tresna batzuk… baina teknologia sartzen denean sistema horrek distortsio bat jasaten du, eta tresna, arau, lan banaketa horiek moldatu egin behar dira».
Itzulinguru proiektua hainbat alorretan ikertu dute, erakundeetan, Osakidetzan, hedabideetan zein hezkuntzan. Eta azken honen inguruan aritu ditu solasean, hezkuntzan izan duen aplikazioaz hain zuzen ere.
Hala ere, ikuspegi orokor batetik itzultzaile neuronalaren aukerak zerrendatu zituen: «Euskaraz testu gehiago sortzea, erabiltzaileen euskarazko gaitasuna handitzea, sortutako testuen kalitatea hobetzea, funtzionamenduaren efizientzia, langileen autonomia eta ahalduntzea, eta heziketa tresna bezala erabiltzea». Horiek lirateke lorpenak.
Ondorioak, aurrera egiteko
Eta jarraian, ondorioei begira jarri da, nahiz eta gaineratu duen itzultzaile neuronalaren kasua «gainditu» eta teknologia berriei egiten dieten erreferentzia gehienek.
Batetik, izan hezkuntzan zein beste erakundeetan agerian utzi omen ditu erakundearen beraren «gabeziak eta beharrak»; «tresna berri batekin beharrak, irizpideak, antolaketa...dantzan jartzen dira», azaldu du. Bestetik, itzultzailearen erabilera «ordenatu eta arautzea» beharrezkoa dela azpimarratu du, «tresnak euskararen alde jokatzea nahi bada, behintzat». Hirugarren ondorioa errebisioa: «Gaur egun ez gaude makinak ematen digunaz itsu itsuan fidatzeko moduan, testuen aurre edizioa eta post edizioa ezinbestekoak dira».
Bestalde, adierazi du interesgarria litzatekeela «testuen ibilbidea agerian jartzea»; hau da, esplizitatzea testuak zein ibilbide izan duen, itzulia izan dela etab. «Garapen teknologikoan eta inplementazioan egiten diren hautuen araberakoak dira eragin soziolinguistikoak», kontatu du beste ondorio baten gisara Basurtok, eta zehaztu du Euskal Herrian badagoela horren kontzientzia, «garapen teknologikoa bertatik eta euskaraz» egiteko, eta gaineratu hori funtsezko faktorea dela hizkuntzaren biziberritzean.
«Gaur egun ez gaude makinak ematen digunaz itsu itsuan fidatzeko moduan, testuen aurre edizioa eta post edizioa ezinbestekoak dira»
Eta azken ondorio sorta gisara, hizkuntza-ideologiak, irudikapenak, diskurtsoak ere eraldatu egiten direla ohartarazi du, «tresnak ez dira neutroak». Nabarmentzekoa da «sortze hizkuntza» kontzeptuaren inguruan egin duen hausnarketa: «Gaur egun testuak ez ditugu hizkuntza bakarrean sortze, ordenagailuan zortzi leiho irekita eta hizkuntza ezberdinetako iturrietatik sortzen dugu, hori nola aitortu planteatu behar dugu». Eta bestetik, hizkuntza autoritate eta legitimitate modu berriak ere sortu direla azaldu du, izan ere, lehen akademiek edota komunikabideek baldintzatzen zuten zer zegoen ondo eta zer gaizki, baina Basurtoren esanetan itzultzaile neuronalak gero eta gehiago ari dira paper hori betetzen.
Klusterreko kideak erronka forma hartu duen galdera batekin amaitu du bere hitzartzea: «Hizkuntzak ikasteko motibazioez hausnartu behar dugu, zertarako ikasiko dut? Instrumentalak ez diren motibazioez pentsatu behar dugu euskararen biziberritzea bultzatu nahi dugun guztiok».
Ikastetxeetako ikasleen bizipenak
Hezkuntza arautuan lau esku hartze egin zituzten, eta Erezumak esperientzia horiek partekatu ditu. Bere ustez garrantzitsua da esperientzia bakoitza kokatzea eta bere egoera soziolinguistikoaren baitan ulertzea.
Lehen adibidea Uribe Kostako BHIkoa da, Plentzian, gehiengoak ikastetxeko bizitza gazteleraz egiten duen ingurunea irakaslearen arabera. Teknologia jakintza gaian etxebizitza baten instalazio elektrikoa egin behar zuten, eta ondoren, osagai elektriko bakoitzari etiketa bana jarri izenarekin zein funtzioarekin euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Amaitzeko proiektuaren txostena euskaraz idatzi eta ahoz azaldu behar zuten.
Elementu positibo gisa komunikazioa erraztu daitekeela edota txostenetan egin ohi zituzten akatsak itzultzailearekin zuzenean zuzentzen zirela aipatu ditu. Aurkara, testuak gazteleraz sortzen zituztela eta itzulitakoan ez zutela berrikusten nabarmendu du.
Bilboko Miguel de Unamuno ikastetxean egin zuten bigarren esku hartzea, albiste zientifiko bat hartu eta aurkezpena egin behar zuten. «Erosoen egiten zitzaien hizkuntzan idatzi behar zuten, eta hori gaztelera da. Itzultzailearekin itzultzen zuten euskarara eta teorian horrekin testua bereganatzen zuten», adierazi du. Praktikan, azaldu du hainbat argi ilun identifikatu zituztela, batetik, beraiena baina euskara maila hobean jasotzen zuten itzulpena, eta hori positiboa zela, baina gazteleraz sortzen zutela, eta testua ere buruz ikasita botatzen zutela, edukia eta ulermena barneratu gabe.
Zarauzko Lizardi BHI-n egin zituzten azken bi ikerketak. Ekonomia jakintza gaiaren adierazle ekonomikoen albisteak euskarara ekarri behar zituzten itzultzaile neuronala erabiliz. Erezumak kontatu du ikasle horiek, orokorrean, itzulpena jaso eta doiketak egin zituztela. Alde positiboa berehala sumatu zuten: «Lehen iturri gutxiago zituzten, euskarazkoak bakarrik eta orain informazio iturriak zabaltzea ekarri zien».
Ikusi zuten ez zela nahiko itzultzailetik pasatzea, pentsamendu kritikoa landu zuten zuzentzeko
Bigarren esperientzian, teknologia alorrerako proiektu baten txostena egin behar zuten, materiala gazteleraz zein ingelesez bilatu eta itzultzailearen bidez euskarara ekarri. Erezumak: «Ikusi zuten ez zela nahiko itzultzailetik pasatzea, pentsamendu kritikoa landu zuten zuzentzeko. Eta bigarrenik, erdaretan erabiltzen zituzten hitz edo esamolde batzuk euskarara ekarri zituzten, hiztegia aberastuz». Hala ere, arazo batzuekin egin zuten topo: Adimen Artifizialaren inguruko arau edo irizpideak ikastetxean ez zeuden zehaztuta; irakasle batzuek teknologia berriaren aurkako jarrera zuten; eta hirugarrenik eta Erezumak bereziki azpimarratu duena, «ebaluazio metodologiak ez daude moldatuta errealitate berrira».
Euskaltegietan zer eta zertarako?
Esperientzia ezberdina izan zuten euskaltegietako irakasleek; horien berri eman du Ogizak goizeko mahainguruan. Aitortu du beraiek konturatuak zirela ikasleek itzultzailea erabiltzen zutela, «maila baxuenetakoek adibidez WhatsApp taldeetan idazteko, maila aurreratuenetan segurtasuna irabazi eta gehiago erabiltzera ausartzeko».
Hala ere, adierazi du itzultzailea erabilgarria izateko, bi hizkuntzetan gutxieneko maila izatea beharrezkoa dela, «bestela ezin baituzu interpretatu jasotakoa zuzena den». Maila eta profil ezberdinetako ikasleekin probatu zuten tresna, eta guztietan dinamika bera erabili dutela kontatu du: «Ikasleek beraiek idazten zuten testua, itzultzailearekin itzultzen zuten, eta ondoren itzulitako testu hori berriro ere itzultzailearekin euskaratzen zuten; orduan, ezberdintasunak lantzen zituzten». Kontraste horiek egitera jolastuz elikatu dituztela beren klaseak kontatu du.
«Ikusi dugu ikasleak tresna hori erabiltzen trebatu behar ditugula, teknikoki badakite, baina helburu jakin batzuei begira nola erabiliko dugun trebatu behar dugu», hausnartu du Ogizak. Eta gaineratu du, programaziora eramateko tresna bat dela uste dutela, «autoebaluazioa gidatzeko erabili daiteke».
Esperientzia horietatik ondorio bat borobildu du Basurtok: «Erabilera akritikoa gure aurka etorriko da, nola erabili pentsatzerakoan euskararen erabileran izango dituen ondorioen ikuspegitik pentsatu behar dugu». Eta Erezumak, hezkuntzari lotuta gaineratu du bere ustez, ebaluazioa jarri behar dela erdigunean eta hori birpentsatu behar dela: «Nola ziurtatzen dugu Bigarren Hezkuntza amaitu duten ikasleek B2 maila eskuratzen dutela? Iruzkinak eskatu eta guk zuzenduz? Nire teoria da gero eta gehiago izan beharko dela offline, zuk etxean egizu nahi duzuna, baina gero gelan hartuko dugu tarte bat zuk egin duzun horren inguruan hitz egiteko». Tresnak erabiltzera bultzatzen ditu berak, baina egoki erabiltzeko ikasgelan tartea eskaini behar zaiola uste du.

El matcha conquista el mundo y los productores en Japón se ven desbordados por la demanda

Solidaridad con Palestina ante un Kursaal acordonado por el concierto de Calamaro

Lluvia de elogios para el regreso de Oasis en la prensa británica

El txupinazo por los derechos humanos de Yala Nafarroa hermana a Iruñea y Palestina
