BABESLEDUN EDUKIA

Iruñeko sanferminak, munduko jai ezagunenak eta anitzenak

Zortzi eguneko egitaraua, 500 ekitaldi baino gehiago eta 1,95 milioiko aurrekontua izango dute Iruñeko auzoetara zabalduko diren sanferminak. Egitarau ofizialez gain, herri-eragileek euren egitarauak prestatu dituzte: Herri Sanferminak, Oinez Txokoa, Iruñeko peñak, kultur aniztasuneko taldeak...

Umorea ez da faltako aurtengo sanferminetan. Irudian, gazte kuadrilla bat ongi pasatzen Udaletxearen aurrean, 2024ko uztailaren 14an.
Umorea ez da faltako aurtengo sanferminetan. Irudian, gazte kuadrilla bat ongi pasatzen Udaletxearen aurrean, 2024ko uztailaren 14an. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Aurtengo sanferminei hasiera ofiziala emateko ohorea izango dutenak Palestinaren aldeko Yala Nafarroa plataformako kideak izango dira, hala erabaki baitu bozketan parte hartu duten herritarren gehiengoak (20.045 botoen %52,8ak). Horrela, iruñarrek beren elkartasuna adierazi nahi izan diote azken urte t'erdian 56.000 hildako baino gehiago pairatu dituen palestinar herriari.

Txupinazoa igande eguerdiko 12.00etan botako dute eta une horretatik aurrera, festa lehertuko da ez bakarrik hirigunean, baita hiriko auzo desberdinetan ere, hori izan baita Udalaren desioa. Horrela, txupinazoa jarraitzeko pantaila erraldoi bana jarriko ditu Txantrea auzoko Federico Soto plazan eta Donibaneko Yamaguchi plazan.

Aurreko urteetan bezala, musikak garrantzi berezia izango du aurtengo egitarauan eta jai-ekitaldien erdia hartuko du. Horrela, zuzeneko kontzertuak izango dira gune finkoetan, hala nola Gaztelu plazan, Foru plazan, Konpainian, Gurutze plazan, Sarasate pasealekuan edo Antoniuttin. Nobedade gisa, jaiei amaiera emango dien taldea Sorotan Bele izango da, uztailaren 14an, Gaztelu plazan. Plaza horretan bertan, aurreko egunetan, honako taldeak arituko dira: Bulego, Tatxers, Kaotiko, Rozalén, Leire Martinez, OBK, Ladilla Rusa, Dupla, Zea Mays, Sara Rocas, Cali eta El Dandee...

Gainera, kultur jarduera alternatiboak eskaintzen dituzten elkarlanerako espazioak indartu egingo dira bertako taldeen musika elektronikoarekin eta dantzarekin, Antoniuttiko instalazio militarren ondoko aparkalekuan, DLC Kultur plataforma kulturalaren eskutik. Gune horretan berrogeita hamar saio eskainiko dira DJekin eta kontzertuekin.

Hitzordu klasikoenen artean, 66. Txistulari Alardea izango da asteazkenean (uztailak 9) Sarasaten, non hiru bertso jaialdi ere izango diren: astelehenean, ostegunean eta larunbatean. Pasealekuak jotak hartuko ditu goizero, uztailaren 8tik 14ra bitartean.

Ostegunean (uztailak 10) haurren eguna ospatuko da eta dantza jaialdia izango da Gaztelu Plazan. Adinekoen eguna ostiralean izango da (uztailak 11) eta Manu Tenorioren kontzertu berezia iragarri dute Gurutzeko plazan.

Horrekin batera, sei auzotan, uztailaren 8tik 13ra, txikienek "Planeta Tierra" ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Ikuskizun horrek Birjolasturen filosofiari eusten dio, eta umorez betetako antzerki-formatua duen jatetxe mugikor bat izango da.

Aniztasunari eta inklusioari dagokionean, aurten "Zentzumenen espazioa" errepikatuko da, Kondestablearen jauregian, sentsibilitate handiko pertsonei zuzendua eta iaz harrera ona izan zuena.

Gainera, kalean, zerbitzuak eta ibilbideak egokitu dira. Azoka-esparrua musikarik gabeko gunea izango da uztailaren 9, 10 eta 11n, 12:00etatik 14:00etara, eta baimen bereziak antolatu dira erreferentziazko ekitaldietarako, hala nola prozesioa edo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren agurra. Udalak plataformak jarri ditu Gaztelu Plazako eta Foru Plazako kontzertuetara sartzeko.

Iazko Herri Sanferminetako txupinazoa. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Herri-eragileen egitarauak

Egitarau ofizialez gain, Iruñeko hainbat herri-eragilek euren egitarau bereziak prestatu dituzte. Herri Sanfeminak ekimenak, esaterako, jaigunea prestatuko du O plazan eta txupinazo herrikoia botako dute eguerdiko 14:30ean.

Auzolanean prestaturiko egitarauean, arratsalde antitaurinoak, herri bazkaria, Palestinaren aldeko manifestazioa eta kontzertuak izango dituzte Alde Zaharreko txoko honetan.

«Adin guztientzako eskaintza zabala eta anitza izanen dugu aurtengo sanferminetan: eragileen eskutik antolatutako bazkariak, bertso saioa, txikientzako antzerkia, pilota txapelketa, herri olinpiadak eta elektrotxarangak honen adibide dira», nabarmendu dute.

Nafarroako ikastolek ere euren egitarau propioa prestatu dute Takonera parkean. Txupinazoa eguerdiko 12.00etan botako dute eta, zortzi egunez, familiarekin zein lagunekin euskal giroaz gozatzeko aukera paregabea izango da. Hemen ere musikak garrantzi berezia izango du eta ez dira faltako Euskal Herriko talde ezagunak: Trikidantz, Korrontzi, Nafarroa 1512, Alarma Morea, Gabezin...

Bestalde, eta euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea aldarri, bi ekimen antolatu dituzte Etxeratek eta Sarek sanferminen bueltan. Uztailaren 4an kalejira egingo dute eta hilaren 8an, egun osoko egitaraua izango duen «Etxera eguna», bazkari herrikoi, kalejira eta kontzertuekin.

Iruñeko Peñek ere prest dituzte euren ekintzak. Guztira 16 dira Federazioan bilduta daudenak eta euren lokal guztiak «emakumeentzako gune seguruak» izango direla ziurtatu dute. «Prest gaude, behar izanez gero, erasotzailea edozein dela ere, jarduteko», iragarri dute.

Iruñeko Peñek ere giroa jarriko dute hiriko kaleetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Segurtasuna eta jasangarritasuna

Zentzu horretan, Iruñerriko Mugimendu Feministak, Indarkeria Sexisten aurkako Plataformak eta Peñen Federazioak erasoen aurkako protokoloa gaurkotzeko prozesua jarri dute abian, hamahiru urtetan indarrean egon den ekimena gaurko egoerara egokitzeko eta eraginkortasuna indartzeko. Era berean, Iruñeko Udalak Dekalogo bat prestatu du jaiez arduraz gozatzeko aholkuak emateko. Besteak beste, entzierroko segurtasun arauak eta lapurretak ekiditeko aholkuak jasotzen dira, baita eraso sexista guztiak salatzeko gomendioa ere.

Bestalde, ingurumenaren arloan, Udalak indarrak batu ditu Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Nafar Gobernuarekin jaietan ere ingurumenaren jasangarritasuna eta hondakinen kudeaketa bultzatzeko eta erabilera bakarreko plastikoen aurka borrokatzeko.

Horrekin batera, Udalak kanpaina berezia jarri du abian egun hauetan kaleak garbitzen arituko diren hirurehun pertsonen lana errespetatzeko. "Eskerrik asko gure lana errespetatzeagatik" izango da kanpainaren leloa.

Tabernetako ordutegiari dagokionez, Iruñeko Alkatetzak dekretu bat plazaratu du uztailaren 7tik 15erako ordutegi bereziak arautzeko. Horrela, tabernak, kafetegiak, jatetxeak, taberna bereziak eta ikuskizun-kafetegiak 6:00ak arte egon ahal izango dira irekita. Bestalde, diskotekek eta dantzalekuek 17:00etara aurreratu ahal izango dute irekitzeko ordutegia, eta, gainera, jarduera-ordutegi luzeagoa izango dute, goizeko 7:30ak arte.

Garraioaren arloan, Renfek plan berezi bat jarriko du martxan uztailaren 4tik 15era, Iruñetik datozen edo Iruñera doazen distantzia ertain eta luzeko zerbitzuetan plaza kopurua indartzeko. Egun horietan, 108.000 plaza baino gehiago eskainiko ditu uztailaren 15era arte.

Autobus zerbitzuari dagokionez, gogoratu beharra dago eskualdeko hiri garraioa eskaintzen duen TCC enpresako langileek greba mugagabea hasi zutela asteazkenean lan-baldintza hobeak eskatzeko. Enpresa eta langileen ordezkariak hainbat bilera egiten ari dira gatazka konpontzeko, eta bitartean gutxieneko zerbitzuak %70ekoak izango dira egunero, bai gaueko zerbitzuan eta bai egunekoan ere.

Autoz joaten direnentzako, Nafarroako Gobernuak trafiko-dispositibo berezia prestatu du eta alkohola eta drogak detektatzeko 258 kontrolgune jarriko ditu, bai Nafarroako hiriburuko herri barruko bideetan, bai sarbideetan, uztailaren 5etik hilaren 15era bitartean. Guztira, 130.000 alkohol eta droga proba egingo direla aurreikusten da.

Informazio honen babesleak: Iruñeko Udala, Pates Etxenike, Bar Bodegas Leire, Catachu Taberna, Disnaval, Sagardiko, Iruñeko Herrikoa, Monton Taberna, Zuriza Taberna, La Raspa Taberna, Lislore, Lanbroa Taberna, Bar El Txoko, Mesón de la Navarrería, Arbizuko Kanpina, IKA Nafarroa.