BABESLEDUN EDUKIA

Lesakarrek ere prest dute sanferminetako zapi gorria

Iruñean bezala, Lesakan ere Fermin donearen jaietako txupinazoa botako dute igandean, baina ostiraletik hasita musika saiorik ez da faltako. Egitaraua ostegunera arte luzatuko da eta, urtero bezala, Udalak dei egin die herritarrei eta bisitariei festak arduraz, errespetuz eta alaitasunez bizitzeko.

Fermin donearen eguna handia astelehenean izango da. Argazkian, dantzariak elizatik jaisten, 2024ko uztailaren 7an.
Fermin donearen eguna handia astelehenean izango da. Argazkian, dantzariak elizatik jaisten, 2024ko uztailaren 7an. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aurtengo sanferminak igande eguerdian botako den altxaferoarekin hasiko badira ere, ostiral eta larunbata gauean kontzertuak izango dira: La Txama eta DJ Infernu (ostirala 4) eta Muxutruk eta DJ Endara (larunbata 5). Larunbatean bertan, arratsaldeko 16.30ean, Benito Taintaren Omenezko II. pilota txapelketaren finalak jokatuko dira.

Hasiera ofiziala, beraz, igande eguerdiko 12.00etan izango da. Aurten, Lesakako Gurekin Zerbitzuen Elkarteko kideek piztuko dute altxaferua, «denda, taberna eta bertze negozio ttiki horiek direlako Lesaka handi egiten dutenak, herritarrei beharrezko zerbitzuak emanez eta, aldi berean, gure kaleei bizia emanez», adierazi du Udalak.

Altxaferoak eztanda egitearekin batera festa lehertuko da Lesakan eta 12.15ean haur ttikien danborrada abiatuko da Elutxa txarangak lagunduta. Arratsaldean, Tantirumairu taldearen dantza erakustaldia izango da eta 20.00etan danborrada nagusia eta erraldoi eta buruhaundien konpartsa abiatuko dira Lesakako bandak lagunduta. Eguna amaitzeko, Akerbeltz taldearen emanaldia izango da.

Fermin donearen egun handia, aurten, astelehenean izango bada ere, egun horretako ospakizun guztiak mantenduko dira. Horrela, ezpatadantzariak lanean hasiko dira goizean goizetik, eta eguerdian, meza bukatu ondoren, Zubigaineko Dantza ospetsua eskainiko dute, XV. mendean Lesakako auzoek sinaturiko bake-itunaren oroigarri gisa.

Arratsaldean beste dantza saioa egingo dute bezperen ondotik, eta 19.00etan Arrano elkarteak antolatutako bertso saioa izango da Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Josu Sanjurjo eta Julen Zelaieta bertsolarien eskutik. Larrain dantza eta zezensuzkoaren ondoren, Mogumbo Brass Band taldearen emanaldiarekin amaituko da eguneko egitaraua.

Asteartean (uztailak 8) Peñen eguna ospatuko dute, gosari, danborrada, betizu, peñen jaitsiera eta elektrotxarangaren emanaldiarekin. Asteazkenean (uztailak 9) haurren eguna izango da eta egitarauan hainbat ekitaldi daude iragarrita, hala nola haur eta gurasoen danborrada, betizuak, gazte-bazkaria, haur ikuskizunak, pilota partiduak, larrain dantza, zezensuzkoa, Elutxa txarangaren kalejira eta Zurrunbilo taldearen emanaldia. Egun horretan, bestalde, Lesakako Sare Feministak antolatutako Señora Bazkaria egingo dute Azkaineko emakumeekin ahizpatuta, Kasino jatetxean.

Osteguna (uztailak 10) herritarren eguna izango da eta ez dira faltako Bankako Menditarren emanaldia, betizuak, herri-poteoa Elutxa txarangarekin lagunduta, herri bazkaria eta ondoren Beñat Mitxelenaren musika emanaldia, Oilar Beltzak taldearen kontzertua eta, aurtengo sanferminei amaiera emateko, jai-hilak Elutxa txarangarekin.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Udalak dei berezia egin die herritarrei eta bisitariei festak arduraz, errespetuz eta alaitasunez bizitzeko. Horrela, herriguneko lorategi eta berdeguneetan akanpatzea debekatuta egongo dela gogorarazi dute.

Era berean, kanpotik datozenei garraio publikoa erabiltzeko deia egin diete eta asteburuan ohiko autobus zerbitzuak indartuko dituztela gogorarazi dute, Burundesa eta Baztanesa enpresarekin elkarlanean.  

Informazio honen babesleak: Arrano Ostatua, Lesakako Txosnak, San Fermin Jubilatuen Ostatua, Bittiria Kafetegia.