Eguzkitze fenomenoa, gaztelaniazko ‘asoleo’ fenomenoa, gertakizun arkitektoniko astronomikoa da eta momentu jakin batean, zona jakin bat eguzki izpiz argitzean datza. Eguzki izpiek nahita kokatutako leihoetatik eraikin baten barruko puntu zehatz bat argitzen dute eguzki egutegiko data garrantzitsuetan, ekinokzioetan edo solstizioetan edo beste data esanguratsu batean.
Fenomeno hau Bergaran ere gertatzen da, urteko egun seinalatu batean, Santa Marina elizan. Zientzia erdigunean duen gertaera hau uztailaren 18an ikusteko aukera izango da.
Eguzkitze fenomenoa zientzia aplikatuz —astronomia, geometria eta behaketa sistematikoa— lortzen den fenomenoa da. Fenomenoaren eta zientziaren lotura argia da, izan ere, fenomeno hau bera da antzinako kulturen jakintza zientifikoen aplikazioaren adierazpen bat. Eguzkiaren mugimendua urtean zehar ulertzea eskatzen du: solstizioak, ekinokzioak, eguzki angeluak, egunaren iraupena eta abar. Horrek, zeruaren behaketa sistematikoa, eredu astronomikoen identifikazioa eta zikloen erregistroa dakar. Beraz, zientziaren aplikazio baten emaitza da; jakintza astronomiko, geometriko eta arkitektonikoen aplikazio praktikoa eta sinbolikoa.
Eguzkitze fenomenoa Bergaran
Lanbroa kultur elkarteko kideek eman dute Bergarako Santa Marina elizan suertatzen den fenomenoaren berri. Azaldu dute hiru baldintza bete behar direla: mendebaldeko fatxadako leiho zirkularretik sartzea eguzki izpiak, uztailaren 18a izatea (Santa Marina eguna), eta Santa Marina elizako sagrarioa kokatuta zegoen tokia bete betean argitzea (eliza baten lekurik sakratuena).
Beraz, datorren uztailaren 18an, azken 225 urteetan urtero gertatu den bezala, Santa Marina elizan, Santa Marina egunean, bete betean argituko da aldare nagusiaren gaineko sagrarioa zegoen tokia, Alejo Miranda arkitektoak XVIII. mendearen bukaeran egindako lanari esker. Elkarlanean aritu dira Lanbroa kultur elkartea eta Ilatargi astronomia taldeko kideak. Hain justu, Ilatargi taldeko Josu Gonzalezek eta Gorka Buruagak fenomenoa aztertu eta neurtu dute; izpiek Sagrarioan jotzen duten toki horretatik Eguzkia sartzen den leihora zenbat gradu dauden jaso dute, besteak beste.
Bestalde, eguzkiaren ibilbidea eta argi faseak ikusteko aukera ematen duen Suncalc tresnaren bidez, Santa Marina mapan jarri, erretabloa kokatu, eta behin marka jasota, egun zehatz bateko ordua aukeratzearekin Eguzkiak une zehatz horretan aukeratutako puntua zein norabidetik jotzen duen jakin ahal izan dute Ilatargiko kideek.
Bi elkarteetako kideek adierazi dutenez, uztailaren 19an, Santa Marina egunaren ostean, bisita gidatu antzeko bat antolatuko dute elizan bertan parrokiarekin elkarlanean.
Hitzorduaren zehaztasunak aurrerago emango dituzte Ilatargi eta Lanbroa elkarteetako kideek. Era berean, irailean hitzaldi-afari bat antolatzeko asmoa erakutsi dute.

«Detrás de cualquier lujo hay un crimen»

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

La vida es un poco como la carrera de los Iron Maiden; 50 años este 25D
