NAIZ

Paper-ipuinak eta txotxongiloak, umeen gozagarri erraldoien atsedenaldian

Colectivo Humo talde tuterarrak ikuskizun ederra eskaini die erraldoien konpartsaren atsedenaldian gerturatu diren ume, guraso zein aiton-amonei. Asteazkenean San Jose plazan izango dira, umeei beste ipuin batzuk kontatzeko.

Manuel Aliaga, kontakizun betean.
Manuel Aliaga, kontakizun betean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Manuel Aliaga tuterarra urduri zebilen: umeak zain zituen. Saioak 11.00etan hasi behar zuen eta bera San Frantzisko plazan puntual zegoen eszenatokia eta ikuskizunerako behar zituenak antolatuta. Erraldoien konpartsaren atsedenaldian umeei zenbait ipuin kontatu behar zizkien, baina argindarraren kaleko kaxa itxita zegoen eta, argindarrik gabe, mikrofonorik ez. Azkenean, telefono dei batzuen ostean, udal langile batek kaxa ireki eta, hogei minutuko atzerapenarekin, Aliagak kontakizuna abiatu ahal izan du.

Publikoak San Frantzisko plazako txoko bat bete du. Aurrez aurre, lurrean eserita, haurrak, eta inguruan, zutik, gurasoak, txuri garbiz jantzita eta atseden ederki hartu izanaren aurpegiekin. Baita aiton-amonak ere, falta ziren gurasoen ordez, aje gordinaren miseria sufritzen ari diren horiez, alegia. Edozein modutan, haurren unea zen, baita Aliaga berarena ere.

Umeak, gustora

Aliagak bere burua aurkeztu du, «titiritero y papiricuentero», ipuinak kontatzeko txotxongiloak eta papera erabiltzen dituelako, eta papera baliatuta, Berto familiaren historia kontatu du. Ipuinaren amaiera haurrei aukeratzen utzi die.

Bigarren ipuina gaztandegi bat duen Mosquete jaunari buruzkoa izan da, hirugarrena, hiru txerritxoen aldaera original bat, eta azkena, txotxongiloekin, ‘Loperucita eta caperulobo’; izenburuak dena esaten du. Amaieran, umeek otsoa, txanogorritxo eta beste txotxongiloak laztantzera hurbildu dira.

Bizitza osoa ipuinak kontatzen

Aliagari galdetuta zenbat urte daramatzan sanferminetan ikuskizunak egiten, ez du erantzuten jakin. «Bizitza osoa». Duela 42 urte hasi zen eta, geroztik, askotan izan da Iruñeko jaietan.

Bihar, erraldoien konpartsak Salsipuedesen hartuko du atseden, eta Colectivo Humo tuterarrak han izango dira 11.00etan beste ikuskizun bat eskaintzen, ‘Mingo, el gigante’ izenekoa. Plan ona umeentzat, hobea helduen bermuta aguantatu edo lehen ilaran ordu erdiz itxaroten edukitzea baino. Eta, dagokionari: mesedez, Aliaga gizajoak argindarraren armairua 11.00k baino lehen irekita eduki dezala.