NAIZ

Etorkizuneko 170 fisikaritik gora izan dira bisitan Donostian

Fisikako Ikasleen Espainiako Topaketak (ENEF) geldialdia egin du Donostian, eta Estatu osoko 170 ikasle baino gehiagok puntako lau zentroren lana ezagutu dute: nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatea. 

Espainiar Estatuko fisikari gazteak Donostian izan dira asteazken honetan.
Espainiar Estatuko fisikari gazteak Donostian izan dira asteazken honetan. (Nora GONZALEZ | DIPC)

Diziplina hori ikasten duten Estatu osoko gazteak biltzen dituen urteko ekitaldirik handiena da Fisikako Ikasleen Espainiako Topaketa (ENEF). Bilbon egiten ari da aurten astebetez. Programaren barruan, 170 ikasle baino gehiagok bisitatu dituzte asteazken honetan CIC nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa, Donostia International Physics Center (DIPC) eta EHUko Kimika Fakultatea.

Jardunaldian, ikasleek zuzenean ezagutu dute euskal ekosistema zientifikoko lau zentro horiek, bakoitzak bere eremuan, egiten duten lana. Horretarako, zentroetako ikertzaileekin iritziak trukatu dituzte, eta gune zientifiko aktibo honek eskaintzen dituen aukeren berri jaso dute. Gainera, mahai-inguru bat egin dute, unibertsitate komunitateari irekia.

Inflexio puntu bat bokazioan

Fisikako Errege Elkarte espainiarreko (RSEF) Ikasle Taldeak antolatzen du ENEF, Estatuko fisikako ikasle guztiak elkartu, aukera berriak eskaini, eta zientzia horren irakaskuntza eta dibulgazioa bultzatzeko.

Topaketaren helburu nagusia da parte-hartzaile bakoitzaren gaitasunak ahalik eta gehien indartzea. Horretarako, haien hazkunde pertsonala eta profesionala sustatzen dute hitzaldi, tailer, lehiaketa, enpresa azoka, laborategietarako bisita eta gazteen eta zientzia eta teknologiaren esparruko eragileen arteko konexio jardueren bidez.

«Fisikaren arloan erreferentziazko zentroak bisitatzeak aukera ematen die ikasleei gaur, hemen eta orain egiten den zientziarekin konektatzeko. Ezagutza akademikoaz harago, halako esperientziek aukera ematen dute bide profesional posibleak irudikatzeko eta grina zientifiko berriak sustatzeko. Ez da egunero izaten fisikaren abangoardian dauden ikertzaileekin hitz egiteko aukera. Jende askorentzat, esperientzia hau inflexio-puntu bat izaten da beren bokazio zientifikoan», nabarmendu dute antolatzaileek.