Amagoia Bilbao

Bakailao eta laranja entsalada

GETTY IMAGES
GETTY IMAGES (GETTY IMAGES)

Osagaiak 4 lagunentzat
100 g-ko 4 zati bakailao solomo gazi, 2 laranja, 16 otarrainxka, 200 g patata, 2 tomate, uraza, 2 baratxuri ale, 200 ml olio. Saltsa: 10 koilarakada olio, 3 koilarakada Jerez ozpin, gatza.

Zailtasuna                              3            

1. Bakailaoari gatza kentzeko 36 orduz ur hotzetan beratu.
2. Tarte horretan ura lau aldiz aldatu behar dugu. Lehenengo bi aldaketak zortzi ordura izango dira, eta beste biak hamar ordura. Atera eta ondo lehortu.
3. Laranjak zuritu eta tiratan moztu.
4. Patatak garbitu eta ur eta gatzarekin 20 minutuz egosi. Zuritu eta zerrendatan moztu.
5. Otarrainxkak zuritu eta barruan daukaten hari beltza kendu. Zartagin batean olio pixka batekin arin erregosi.  
6. Kazola batean 2 baratxuri osorik eta olioa berotu, baratxuriak gorritu arte. Sutatik kendu eta epeltzen utzi. Baratxuriak atera.
7. Bakailao puskak olioan sartu. Sutan jarri eta bakailaoa egosi, su eztitan, 60 gradutan, 4 minutuz alde bakoitzetik. Xukatu eta xaflak atera.
8. Uraza garbitu eta zatitu.
9. Tomateak garbitu eta dadotan moztu.
10. Baratxuriak eta bakailaoaren olioaren erdia irabiatu, loditu arte.
11. Saltsaren osagaiak irabiatu.
Plateretan uraza eta tomatea jarri eta saltsarekin ondu. Gainean bakailaoa, patata, otarrainxkak eta baratxuriaren saltsa tira batzuk jarri.