
Gasteizko jaien laugarren egunean Plaza Berria inprobisatutako sukaldez bete da goizeko 10.00etatik. Ordu horretan hasi da Bereziak kuadrillak urtero antolatzen duen Sukaldaritza Lehiaketaren 30. edizioa. Nahitaez erabili beharreko osagaiak Añanako gatza, patatak eta Arabako garbantzuak izan dira.
Bereziak taldeak antolatzen duen arren, kuadrilla desberdinak elkartzen dituen ekintza da, elkarren artean lehiatu daitezen. Aurten 19 kuadrilla parte hartu dute, besteak beste, Txirrita, Zintzarri, Okerrak, Margolariak, Txinpartagorri, Petralak, Kaletarrak, Los Desiguales, Luken, Galtzagorri, Zoroak eta Hegotarrak.
Azken hauentzat lehenengo aldia izan da lehiaketa honetan. Hegotarrak kuadrillako kide den Leire Rojok NAIZeri azaldu dionez, garbantzuzko eltzeko bat aukeratu dute beraien estreinaldirako. Jakinarazi nahi ez zuen osagai bat jarri diote, baina bere kideari eskapatu zaio: bakailaoa.
11.00k aldera lapikoak itxura ona bazeukan ere, mahai gainean zegoen gaztak eta udaiazpikoak denbora beste zerbaitetarako aprobetxatzen ari zirela esaten zuen. «Aldi berean kuadrillarentzat hamaiketakoa prestatzen ari gara, orain datozelako», azaldu du Rojok. «Uste dut janari gehiago daukagula horretarako plater nagusirako baino».
Lehenengo aldia den arren, debuta egiteko urte aproposa uste dute Hegotarrakekoek. Kuadrillak 30 urte bete ditu aurten eta ostiral honetakoa lehiaketaren 30. edizioa izan da. «Dena bat dator», esan dute lapikotik begiak kendu gabe.
Plazaren beste aldean Txirritakoak zeuden, proposamen guztiz desberdin bat eskuartean zeukatela. Aukera beganoak egitea izan da kuadrilla honen asmoa, garbantzuzko txilia eta ogi indioa, hain zuzen. Enara Berganzo sukaldarietako batek azaldu duenez, kuadrillak parte hartzen duen lehengo aldia izan da ere bai, baina «jende askok parte hartu nahi zuenez, aurretiko hautaketa bat egin genuen», esan du. Bost bikote aurkeztu ziren eta bera eta bere kidea aukeratu zituzten lehiaketarako.
Lehiaketa bukatzeko pare bat ordu falta zirenean «momentuz ondo» zeuden biak, «baina gauza oso ‘pro’ak ikusten dira hortik», onartu du Berganzok.
Ardo-dastaketa eta txapelketa bitxi bat
Lehiaketan zehar, plazara gerturatzeko beste arrazoi batzuk ere egon dira. Bereziak kuadrillak txorizo-pintxoak eta Arabako sagardoa banatzeaz gain, Arabako Errioxako Ardo-dastaketa solidarioaren 20. edizioa prestatu dute. Talur desgaitasuna duten pertsonentzako aisialdi eta denbora libreko elkartearentzat dirua bildu dute.
Igor Raezek, antolatzaileetako batek, NAIZeri argitu dizkio dastaketaren nondik norakoak. Hiru euroren truke arabako urteko bost ardo desberdin probatu ahal ziren, itsu-itsuan: Casa Primicia, Manuel Quintano, Mitarte, Aimarez eta El Hombre Orquesta. Ardoen ezaguarriak irakurrita dastatutako bakoitza zein izan den asmatuz gero, urdaiazpiko bat irabazi zitekeen.
Goizeko 10.00etatik egon dira, eta, Raezen esanetan «hasieran kosta egiten zaigu jendea etortzea, zaila delako ardoari lehen ordutik ematea». «Jendea gosaltzen eta kafea hartzen ari da», azaldu du. Hala ere, 13.00ak aldera jende gehiago gerturatzen hasten dela zedhaztu du.
Bitartean, plazan ere bai, ez da arraroa izan ardo-zehatoak hegan egiten ikustea. Ardo-zahato jaurtiketako VIII. Zeledon txapelketa antolatu du Bereziak taldeak. Urez beteta bazeuden ere, eguneko edozein ordutan ardoa edateko baimenak ez du asko iraungo: jaiak bukatu eta Zeledon igotzeko egun bat pasatxo falta da.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Glutenik gabeko garagardoak digestio mailako ondoeza eragin dezaketen konposatuak izan ditzake

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

La transformación hacia un modelo comunitario de atención


