
Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Lakuako Osasun Saileko Biobizkaia Osasun Ikerketako Institutuak Europan aitzindaria den erregistro bat jarri dute abian, Erditze Unitatean artatutako emakume haurdunentzat. Odolaren eta plazentaren laginak biltzea da helburua, diabetesa, hipertentsioa, obesitatea eta neurogarapeneko nahasmendu batzuk prebenitzeko eta tratamendu pertsonalizatua emateko ikerketa bultzatzeko.
Parte-hartzea borondatezkoa da, eta odol lagin bat ematean datza (erditzean erabili ohi den zain barneko bidea aprobetxatuz), baita jaiotzaren ondoren plazenta zati txiki bat ematean ere. Gainera, baimena eskatzen da amaren eta jaioberriaren historia klinikora modu kodetuan sartzeko, betiere ikerketa helburuekin.
Lagin guztiak Euskal Biobankuan biltegiratuko dituzte, Europan bakarra den eta EAEn ikerketa biomedikorako balio handia duen baliabide publiko bat sortzeko. Erregistroari esker, gaixotasun metaboliko eta neurologikoak goiz diagnostikatzen eta hobeto tratatzen lagunduko duten biomarkatzaileak identifikatu ahal izango dituzte, baita neurogarapeneko arazoen ezagutzan aurrera egin ere.
«Haurdun dagoen emakumeen parte-hartzea funtsezkoa da etorkizuneko medikuntzan aurrera egiteko. Haien eskuzabaltasunari esker, ama eta haurtxo askoren osasuna hobetu ahal izango dugu Euskadin eta mundu osoan», nabarmendu dute proiektuaren arduradunek.
Nora Fernandez Jimenez Biobizkaiko IRLAB Immunogenetikako Ikerketa Laborategiko ikertzaileak eta Jorge Burgos San Cristobal Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Obstetrizia Ataleko buru eta Biobizkaiko Medikuntza Perinataleko taldeko ikertzaileak koordinatu dute erregistroa. Nabarmentzekoa da, gainera, Itziar Gonzalez Moro Biobizkaiko ikertzailearen eta Gurutzetako Ospitaleko Erditze Unitateko emagin taldearen inplikazioa: Maria Jesus Mulas Martin, Tatiana Medina Cuesta eta Marta Martinez Gutierrezekin, lagin bilketaren koordinazioaren buru gisa.
Proiektuak honako erakundeen ekarpen ekonomikoa jaso du: Lakuako Gobernua, EHU eta Berrikuntza, Zientzia eta Unibertsitate Ministerioa (MICIU). Laginak biltegiratzeko Euskal Biobankuaren laguntza; eta Osakidetzako Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko, Barrualde-Galdakao ESIko, Barakaldo-Sestao ESIko eta Uribe ESIko osasun-zentroetako lehen mailako arretako emaginak eta Osasun Saileko Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutua elkarlanean aritu dita.
Hiru ikerketa proiektu
Gaur egun, erregistro horri lotutako hiru ikerketa proiektu daude martxan: PredPlacenta, Placenta and Neurodevelopment Joint Laboratory eta MatPlacenta. Lehen proiektua haurtzaroko asrrisku-faktoreen ingurukoa da, bigarrenak genetika, epidemiologia, psikologia eta neurologiako adituak biltzen ditu eta hirugarrenak geneen plazentako adierazpenean eta neurogarapenarekin lotutako ibilbideetan amek dituzten efektu genetikoak eta Haurren Osasunean duten eragina ulertzea du helburu.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

Ikerketa batek eskolen jangeletako menuetan desoreka nutrizionalak antzeman ditu

Pantxoa eta Peioren ‘Azken dantza’-rako sarrerak agortu egin dira
