Juan Luis Mugertza

Euskal Herrian hegaztiak behatzeko lekuak: Zer ikusi, huraxe ikasi

Askotan ondoan egoten dira, baina ez gara jabetzen. Pasealdia atseginagoa egiteko musika eskaintzen diguten arren, ez diegu kasu handirik egiten. Aspaldian, ordea, bestelako tratua dute.

Mozolo arrunta (Athene noctua)
Mozolo arrunta (Athene noctua)

Bai, garai batean bestelako tratua zuten. Euskaldun askok, bereziki baserritarrek, ahotan izaten zituzten, eta, soloak lantzeko sasoian edo pertsona baten izaeraz mintzatzean, txorien izenak erabiltzen zituzten. Adibidez, lotu ezinik ibiltzen zenari ipurdikara esaten zioten. Isildu ezinik egoten zenari, pitxartxa. Pertsona argalari, ezerezari, txirta. Txikerra, bihurria bazen, txepetxa.

Haatik, badaude beste asko. Kasurako, belatz gorria, zerutik zintzilik, orekan; zapelatza, argi indarretako kableetan pausatuta; basahateak, kua! kua!, aitita-amamak eta umeekin berriketan; martin arrantzalea, gezi baten antzera begien aurretik urdinaren ederra marraztuta uzten duena; sasoi batean mezuak bidaltzeko, eta hiri-herri gehienetan horren ugaria den haitz usoa; musika genero asko ezagutzen duen birigarroa; ehiztariek txikito baten bueltan mintzagai duten oilagorra; udaberrian nahikoa erraz entzun, baina ikustea horren erraza ez den kukua; egun argiz ibiltzen den gaueko hegazti harraparien artean txikiena den mozoloa; itsasoko kaioak, ubarroiak, harri-iraulariak… Horiek denak gure txoriak dira, eta arrasto handia utzi dute euskal kulturan. Asko zor diegu. Beraz, badugu non zer ikusi, eta noiz zer ikasi.

Amiamoko zuria (Ciconia ciconia).
Arrano arrantzalea (Pandion haliaetus).
Arrano beltza (Aquila chrysaetos).
URDAIBAI ETA TXINGUDI, HEGAZTI ESPEZIE ASKOREN GELDIUNEA

Urdaibai itsasadarra Oka ibaiaren bokalean kokatuta dago, eta Bizkaiko hezegunerik garrantzitsuena da. Erreserbaren kokalekua ezin hobea da Europa eta Afrikaren artean migratzen duten hegaztiek atseden hartzeko. Udazkenean eta neguan Europako iparraldeko hegaztiak etortzen dira Urdaibaira, janari bila eta eguraldi epelagoaren bila. Mokozabalak, koartzatxo txikiak, basateak, nabarmentzen dira beste askoren artean. Udaberrian eta udan, penintsulako hegoaldean eta Afrikan atseden hartutako hegazti taldeak Europa iparraldera itzultzen dira.

Plaiaundi (Txingudi, Irun), Bidasoa ibaiaren muturrean dagoen naturagunea, hezegune berezi eta aberatsa da, balio ekologiko izugarria duena. Hegazti espezie askoren migrazio bidean kokatuta dago, eta itsas hegaztientzat ere babesgune egokia da. Bertan koartzatxo txikiak, arrano arrantzaleak, limikolak (txirri txikiak, kuliskak…), kaio hankahoriak eta martin arrantzaleak ikus daitezke, besteak beste. Halarik ere, ezin utzi aipatu gabe inguruneak jasan ohi duen gizakiaren presioa. Egun, jatorrizko paduraren zatitxo bat besterik ez da geratzen.

Arrano sugezale europarra (Circaetus gallicus).
Basahatea (Anas platyrhynchos).
Etxe-txolarrea (Passer domesticus)
ERREGE BARDEA, BESTELAKO TXORIAK

Nafarroako Errege Bardeako mankomunitateak lugorrien %20 baino gehiago du Nafarroa osoan, eta estepako hegaztiak natura ondasun garrantzitsuak dira inguru horretan, hala nola basoilo txikiak, ganga azpizuriak, ganga azpibeltzak, hontza handiak, Dupont hegatxabalak, atalarrak, txirri lepokodunak... Alabaina, Bardeako tiro eremuan estepako hegaztiek bizi izaten duten egoera ez da oso itxaropentsua. Nafarroako elkarte ekologistek behin eta berriro eskatu dute Bardeako tiro eremua deuseztatzea, erreserba integrala egitea, eta larreen ingurumen kudeaketa egokia bultzatzea, espezieak zaintzeko, baina hegazti gizajoek gerra hegazkinen zarata eta bonben burrunba baino ez dute entzuten.

Murgil handia (Podiceps cristatus)
Oilagorra (Scolopax rusticola)
Okil beltza (Dryocopus martius)
ORGANBIDEXKAKO LEPOA (ZUBEROA), ZERUARI BEGIRA

Iratiko oihanean, 1.283 metrotan, Organbidexka izeneko lepoan, leku oso ona dago migrazioa ikusteko. Hori bai, jakin behar da noiz joan. Izan ere, hegazti batzuk uztailean abiatzen dira Europako iparraldetik hegoaldera, eta beste batzuk, berriz, irailean. Zerura begira zaudelarik, behin baino gehiagotan miru gorriak, sai arreak, pagausoak, zikoina zuria eta beltzak, miru beltzak, birigarroak... ikusgai eta gozagai izango dituzu. Gainera, zorte handia izanez gero, hain ohikoak ez diren bestelako behaketak egiteko aukera ere izan dezakezu: zapelatz liztorjaleak, mirotz lepazuriak, belatzak, zingira-hontzak...

Ganga azpibeltza (Pterocles orientalis)
Garrapo eurasiarra (Sitta europaea)
Haitz-usoa (Columba livia)
IZKI, OKILAREN TOK! TOK! ENTZUTEKO LEKU ONA

Izki, Arabako hego-ekialdean, baso handiko eremua da. Bertan daude Euskal Herriko ameztirik ederrenetakoak. Basoan okiletan estimatuena okil ertaina bada ere, bestelako txoriak ikusteko aukera handia da: gerri-txoriak, garrapoak, erregetxoak, txontak, garraztarroak, zapelatzak… Ugaltze sasoia aukera ona da Izkin okilak enborren txalaparta jotzen entzuteko. Izan ere, orduantxe saiatzen dira bikotekidearekin harremanetan jartzen, eta egur ustelean habia egiteko zuloa egiten dute. Bitxikeria bezala esan behar da, okil gibelnabarra izan ezik, Iberiar penintsulako okil espezie guztiak daudela Izkin.

Kuku arrunta (Cuculus canorus).
Mika arrunta (Pica pica)
SALBURUA, GASTEIZKO EKIALDEAN

Hegazti migratzaile askok Salburuan egiten dute geldialdia haien bidaia luzeetan. Hezegunearen ertzetan belardiak eta zuhaiztiak daude, eta zuhaiztietan astigarrak, haritzak, sahatsak, lizarrak eta makalak. Horrek aukera ematen du hezegunetik kanpo bestelako hegazti espezieak ikusteko. Esaterako, okil berdeak, okil handiak eta txikia, mokolodiak, buztaluzeak… Salburua parkeko hezeguneak lau urmael nagusi ditu gaur egun. Gasteiztik hurbilen dagoena Betoñukoa da; ekialdera, Arkautikoa; eta bi horien artean Larregana eta Durantzarra daude. Bertan 200 animalia espezie aurki daitezke, hala nola hegaztiak, ugaztunak, anfibioak, narrastiak, arrainak eta ornogabeak.

Aipatutako lekuak ezagunenak-edo diren arren, badaude beste batzuk aukera ona ematen dutenak: Lindus-Ibañeta, Pitillas lakua, Bertizeko basoak, Irunberri-Arbaiun arroilak… Ahaztu gabe geure kostako parajeetara (Abra, Getariako portua, Matxitxako eta Higer lurmuturra…) negu gorrian artikoko espezie asko datozela hango hotzetik ihesean.

Okil handia (Dendrocopos major)

Okil berdea (Picus sharpei)

TXORIAK ETA ESAERA ZAHARRAK

Azkar eta ondo usoak egiten du hegan.
Beltz guztiak ez dira beleak.
Eperra mingainetik galtzen da.
Hegaztia airerako, gizona lanerako.
Hoa antzarak ferratzera!
Hostoak erori, habiak ageri.
Kalean uso, etxean otso.
Mundua nahi duenak luzaroan bizi, oiloekin ohera eta txoriekin jaiki.
Okila kantetan, euria ateetan.
Txoriak ere duen hainbat odol ematen du.
Zozoak beleari ipurbeltz.
Txoriak ere duen beste odol isurtzen du.
Txori bat eskuan hobe, ehun hegaz baino.
Kaiola deus ez txoririk gabe.


Ubarroi handia (Phalacrocorax carbo)

Zozo arrunta (Turdus merula)

BITXIKERIAK HEGAZTIEN INGURUAN

Munduko txori bidaiari handiena Ipar-txenada da. Artikotik Antartikara migrazio sasoian hemeretzi mila kilometro egin ditzake.

Zortzi mila eta seiehun txori espezie daude mundu osoan. Penintsulan bostehun eta hirurogeita bederatzi inguru.
Kolibria da atzera hegan egin dezakeen txori bakarra.

Hegaztirik azkarrenak malkar-sorbeltzak eta belatzak dira. Lehenengoak berrehun kilometro orduko baino gehiago har dezake. Bigarrenak, hirurehun.

Txoriek abesten dute beste txoriak erakartzeko, eta arriskua jakinarazteko. Gehienetan, arrek abesten dute.
Txori bakoitzak bere melodia du. Antzarek karranka egin ohi dute; usoek, urruma; enarak, txio; txontak, txorrotxio; artatxoriak, pio…

Munduko txoririk txikienak «sunsun» du izena, bi gramo pisatzen du. Kubakoa da. Handienak, ostruka. Bi metro eta erdi baino gehiago luze eta 110 kilo pasatxo ditu. Afrikakoa da.

Euskaraz badaude txori batzuk oso izen bitxia dutenak: marikoi handia, marikoi isatslaburra, potorro arrunta, potorro txikia...