NAIZ

Gripearen eta covidaren aurkako txertaketak datorren asteetan abiatuko dira

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren astean hasiko dira gripearen eta covidaren aurkako txertaketekin, Nafarroan, aldiz, urriaren erdialdetik aurrera. 60 urtetik gorakoak, pertsona zaurgarriak eta umeak izango dira txertoa jasotzen lehenak.

Datorren astetik aurrera abiatuko dira txertaketak.
Datorren astetik aurrera abiatuko dira txertaketak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan datorren astean abiatuko da gripearen eta covidaren aurkako txertaketa kanpaina, Nafarroan, aldiz, urriko bigarren hamabostaldian. Txertaketen helburua pertsona zaurgarrienen babesa indartzea dela adierazi dute.

Lakuako Osasun Sailak datorren astelehenean jarriko du martxan kanpaina, 60 urtetik gorakoei, sei hilabete eta bost urte arteko haurrei, haurdun dauden emakumeei eta gaitz horiek harrapatuz gero osasun arazoak arrisku handiena duten pertsonei zuzenduta dago.

'Zu zara funtsezko pieza gripea saihesteko. Jarri txertoa' da Osakidetzaren leloa, Alberto Martinez Osasun sailburuak eman ditu ostegun honetan kanpainaren inguruko xehetasunak. Eta aipatu duenez, gizarte zerbitzuetako eta osasungintzako profesionalak, pertsona zaurgarrien zaintzaileak eta pertsona zaurgarriekin bizi direnak, haurtzaindegietako eta haur hezkuntzako ikastetxeetako langileak eta funtsezko zerbitzu publikoetako langileak ere deituta daude. Bereziki haurren txertaketan jarri nahi izan du arreta Osakidetzak, «beren osasunean izan ditzaketen konplikazioengatik eta gaixotasuna beste pertsona batzuei transmititzeko gaitasuna duen biztanleria delako». Hori dela eta, duela hiru urtetik, sistematikoki jartzen die txertoa sei hilabete eta bost urte arteko haurrei.

Osakidetzak aurten erabiliko dituen txertoen artean, sudur bidezko txertoaz gain, txerto adjubatua dago, jada instituzionalizatutako pertsonetan erabiltzen zena, hots, egoitzetan daudenetan. Aurten, lehen aldiz erabiliko da txerto hori 75 urtetik gorakoen artean, eraginkortasun indartua baitu.

Guztira, Osakidetzak 786.200 dosi izango ditu aurten, eta zerbitzu erakundeen artean banatuko ditu, bakoitzeko herritarren beharren arabera. Guztietan ezaugarri nagusia da gripearen aurkako txerto tribalente bat dela, A andui bi eta B andui bat dituena.

Xede populazioko kideek ostegun honetatik eskatu dezakete zita Osakidetzaren webgunearen bidez, edota osasun zentrora deituta. 

Urriaren bigarren hamabostaldia

Nafarroako Osasun Sailak urriaren bigarren hamabostaldian hasiko du gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina bateratua. Aurten, 70 urte edo gehiago dituzten biztanleei eta arrisku handiko gaixotasunak dituztenei zuzenduta dago, baita haurdun daudenei ere. Gripearen txertaketaren kasuan, 60 urtetik aurrera txertoa hartzeko gomendioari eusten zaio.

Kanpaina abenduaren erdialdera arte luzatuko da, baina data horren ondoren txertoak jartzen jarraituko da irizpideak betetzen dituzten pertsonentzat edo hasieran ezarritako epean immunizatu ezin izan zirenentzat.

Aurreko urteetan bezala, hitzordua hiru modalitatetan eskatu ahal izango da: lehentasunez, 60 urtetik gorako pertsonentzako Osasun Karpeta Pertsonalaren bidez, beren osasun-zentroko edo kontsultategiko aurretiko hitzorduaren telefonora deituz edo aurrez aurre Lehen Mailako Arretako zentroan.

SMS mezuak bidaliko zaizkie xede-biztanleei, adin handieneko taldeei lehentasuna emanez (80 urteko eta gehiagoko pertsonak), zitazioa kudeatu ahal izan dezaten.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (NSS-O) osasun-langileek gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpaina ere urriaren bigarren hamabostaldian hasiko da.