«Control chat» legea: «Pegasus» denontzat
Europar Batasunak gure poltsikoan espioi txiki bat jarri nahi du, haurren abusu sexualak borrokatzea aitzakiatzat hartuta, WhatsApp edo Telegramez elkarbanatzen ditugun mezu, irudi eta bideo guztiak zelatatzeko. Agur intimitateari. «Control chat» izenez ezagutzen den proposamenak alarma piztu du.

Pribatutasuna defendatzea ez da inoiz erraza izan. Botereek beti nahi dutelako berdina: sarbide errazagoa eta informazio gehiago. Kontrolatzeko gose aseezina dute, eta, hartara, bidea zabaltzeko eta azpilanak egiteko, emozionalki oso kargatuak diren argudioak erabiltzen dituzte: pederasten aurkako borroka, haurren osotasunaren defentsa. Broma gutxi.
Europar Batasuneko txandakako presidentetza duen Danimarkak «Control chat» izenez ezagun den proposamena mahai gainean jarri du, lehenago Hungariak egin zuen bezala. Funtsean, haurrak babestea aitzakia, mugikorretako mezu, argazki eta bideoen zelatatzea baimentzen du. Eta egokiak diren ala ez, legalak ala ilegalak diren ebazteko, gobernuak agindutako datu base batek edo Adimen Artifizial modelo batek ebaluatuko du, edukia onartzen den ala ez erabakitzeko. Europar Batasunean, beraz, WhatsApp edo Telegram bidez zabaltzen diren mezu denak eskaneatuko dira, europar guztien sakelan espioi txiki bat sartuz. Espiatzeko Israelgo Pegasus software sofistikatuaren beharrik gabe.
«EUROPAR BANATUTASUNA»
Beste hitz batzuekin esanda, Europan pribatutasun eskubidearen akabera. Proposatu dena hori baita: mugarik gabekoa, neurrigabea, denon komunikazio intimo eta ezkutuak erakutsiko dituen zelatatze masiboa; denonak, giza jende korriente ororena, izan ministro, alkate, edo ekintzaile. Eta munduko leku askotan gertatzen den bezala, pribatutasuna hiltzearen edo bizitzearen arteko ezberdintasuna denean, jende asko jar dezake hil ala biziko atakan.
Europar Batasuneko txandakako presidentetza hartu zuenean, Hungariak hasi zuen dantza hau. Baina Danimarkak presidentetza hartu duen honetan, are erradikalagoa den proposamena jarri du mahai gainean, bere agintaldiko lehentasun bezala aurkeztuz. Proposaturikoa, Erresuma Batuan indarrean dagoenaren oso antzekoa da. Izan ere, Londresek erabaki berri baitu WhatsApp edo Telegram mezularitza aplikazioak edo Google, Microsoft eta Amazon bezalako eduki hornitzaileak zelatatze masibora behartuta daudela, pederastak aurkitzea hala aginduta.
Hungaria eta Italiarekin batera, Estatu espainola (posizio erradikalenekin lerratu da, muturretik muturrera zifratzea debekatu behar dela defendatzeraino) izan da Danimarkak proposatutakoaren defendatzaile porrokatuena. Estatu frantsesa zalantzan egon da, baiezkotik gertuago, ñabardura txiki batzuekin proposamena onartu dezakeela aurreratuz. Aldiz, Austria, Suedia, Finlandia eta Herbehereak (zerbitzu sekretuek herrialdearen erresilientzia digitala kaltetuko duela ohar eginik) aurka azaldu dira lehen unetik, ezetzaren blokea osatuz.
Alemania zen, hemen ere, gakoa. Denak zeuden bere erabakiari adi. Eta, azkenean, atzera egin eta ez du «chat kontrola» babestuko, kontrakoa egingo zuen zurrumurrua bolo-bolo ibili den arren. «Masazko zelatatzeak zuzenbidezko estatu batean tabua izan behar du», adierazi du, abusu sexualen ebidentzia materialak aurkitzeko telefono mugikor guztien zelatatze masiboari ateak itxiko dizkiola iragartzean.
Kontrako botoa aurreratuta, pribatutasunaren aldeko ekintzaile eta aditu teknologiko askok lasaitu ederra hartu dute. Ez da ahaztu behar blokeorako gutxiengoa hor dagoela, hots, EBeko populazioaren %35 duten lau estatuk lege proposamen baten onarpena oztopatu dezaketela.
ARRISKUARI ATEA ZABALDU
Europako Kontseiluan konpontzeke segituko du kontuak. Urriaren 14an bozkatzekoa zen, baina data atzeratu da. Ateak itxita negoziatzen jarraitzen dute, hitz jokoekin eta neurrira egindako definizioekin pribatutasuna defendatuz.
Honen harira, mezularitza zifraturako Signal aplikazioaren zuzendari Meredith Whittaker zorrotz mintzatu da: «Zuhur jokatu behar da proposamen ‘berriekin’, zelatatze indiskriminatua debekatu eta pribatutasuna babesteko ‘eduki ezagunen’ zelatatzea edo bakarrik hash bat duten irudi eta bideoena baimentzen dutenekin».
Zeren, zifratu baino lehen edukia zelatatzea, edo gero, edo bitartean, zifratze beraren helburua desegitea da, arriskuari atzeko atea zabaltzea. Hitz joko eta manipulazioekin ezkutatu ezin den errealitatea. Teknikoki adostasun handia baitago: «jende onari» eta «asmo onei» bakarrik irekiko dion atzeko aterik ezin da eraiki. Gainera, pagotxa dira, hacker eta estatu etsaiek ateok aprobetxatuko dituztelako.
Whittakerrek argi ohar egin du: «Mehatxu existentziala da. Gure zerbitzuetatik zelatatu eta gure integritatea mantendu artean erabakitzera behartzen bagaituzte, integritatea erabaki eta Europako merkatua utziko dugu».

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

La verificación de la edad con selfis, un sistema de identificación cada vez más frecuente

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

