Ilargi Avila
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskal Herriko 162 musika taldek Spotify plataformari boikot egitea erabaki dute

Spotify musika plataformako nagusi den Daniel Ek-k dron militarrak garatzeko inbertsioa egin ostean, Euskal Herriko 162 musika taldek batu dira boikot egitearren. Entzuleei boikoterako deia egiteko baliatu dute Iruñean egindako agerraldia.

Musikariak Palestinarekin taldea Iruñean egindako agerraldian.
Musikariak Palestinarekin taldea Iruñean egindako agerraldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Duela hilabete batzuk jakitera eman zen Daniel Ek-k, Spotify musika plataformako nagusiak, Helsing Defense armagintza enpresan egindako inbertsioa. 700 milioi euro inguru bideratu zizkion Ek-k enpresari Israel Palestinan gauzatzen ari den genozidioan erabiliko ziren dron militarrak garatzeko. 

162 musika talde ezberdinetako 650 musikari deseroso sentitu dira haien «lana eta pasioa» Israelek probesten duelako eta hau ekiditeko Musikariak Palestinarekin taldea osatu dute Spotify-ri boikot egiteko eta entzuleak kontzientziatzeko. 

Gaur goizean Nafarroako hiriburuan dagoen Katakraken agerraldia egin dute, taldeak azkeneko hiru hilabetetan jaso duen elkartasuna eta laguntza eskertzearren. Antolatzaileek azaldu dutenez, duela hiru hilabete zazpi lagun ziren besterik ez eta gaurkoan 650 batu dira kausa honen alde.

Hasiera batean bakarrik bi musika taldek sortu zuten mugimendua hazi egin da eta bortizkeriaren kontra zabaldu nahi zuten mezua Euskal Herri osoan zehar barreiatzea lortu dute.

«Kontziente gara dimentsio horretako plataforma batean euskal musikariok apenas dugula ekonomikoki eragiteko gaitasunik. Baina sinetsita gaude egin dezakegun ekarpenik handiena dela boikot kolektiboa eta haren bitartez zabaltzen dugun mezua», adierazi dute agerraldian izan diren bozeramaileek.

Era berean, Musikariak Palestinarekin taldeak gehitu du ez duela moraletik mintzatzeko intentziorik ezta batu ez diren kideei ezer aurpegiratzeko helbururik. Aldiz, ulermen mezu bat bidali nahi izan diete eta ekimenera batu nahiko luketen gremiokideei beso zabalik hartuko dituztela jakinarazi diete. 

Antolakuntzaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute eta entzuleei dei egin diete Israelen indarkeria oztopatzeko, izan ere, diruarekin kritiko izateko garaia ailegatu dela adierazi dute. Horrela, entzuleei boikotera batzeko gonbita luzatu diete antolatzaileek. Horrez gain, azkeneko mezu bat bidali diete entzuleei zein musikariei. «Jakinik Spotify-rendako ez garela inor, ez dadila ezer izan Spotify guretzat», gaineratu dute.