J.S.

Turroi berezi batekin ospatu zuten gorrotxategitarrek mendeurrena

Gorrotxategi familiak ehun urte bete ditu gozogintzan hasi zenetik eta, urteurrena behar bezala ospatzeko, festa berezia antolatu eta espresuki prestatutako turroia herritarren artean banatu zuen.

Edurne Pasaban, Nerea Eizagirre, Maria Ubarretxena, Maite Urruzola eta Irene Larraza, turroia ebakitzen.
Edurne Pasaban, Nerea Eizagirre, Maria Ubarretxena, Maite Urruzola eta Irene Larraza, turroia ebakitzen. (JUANMA)

2016. urtean aro berri bati ekin zionez geroztik, Rafa Gorrotxategik artisau gozogintza goi mailako gastronomiara eramatea lortu du, betiere belaunaldiz belaunaldi gordetako tradizioa oinarri hartuta.

Izan ere, gozogile familia honen historia 1925. urtean hasi zen; Rafa Gorrotxategiren aitona Joxe Mari Gorrotxategi Otaegi Zegamatik Tolosara etorri eta Anacleto Berroetaren gozotegia hartu zuen; hala, herri honetan XVII. mendetik zetorren tradizioari jarraipena eman zion. Hori bai, garai hartan gozogileak kandelagile ere baziren, argizariak egin ondoren sobran geratzen zitzaien eztia gozoak egiteko erabiltzen baitzuten. Halaxe hasi zen gaur egun turroi, txokolate eta gozo famatu hauen historia.

1950eko hamarkadan Rafa Gorrotxategiren aita Joxe Marik Gorrotxategi Pikasarrik hartu zuen bere gain negozioa eta, argizaria albo batera utziz, buru-belarri hasi zen hain ezagunak egin diren xaxuak, tejak eta turroiak egiten. Obradoretik kanpo, Joxe Marik lan handia egin zuen gozogile edo konfiteroaren lanbidea ezagutzera ematen ere, eta berak eginak dira lehen gozogintza museo etnografikoa eta “Euskal gozogintzaren historia” lan mardula.

Bere seme Rafa Gorrotxategik 1993. urtean hartu zuen obradorearen ardura eta 2016an aro berri bati ekin zion, obradorea Tolosako alde zaharretik Usabal industrialdeko instalazio berrietara eramanda. Urte hauetan, Rafa Gorrotxategik artisau gozogintza goi mailako gastronomiara eramatea lortu du eta une honetan laugarren belaunaldia ate joka dator, bere seme Joanes eta Armintz lantaldeko partaide baitira.

HERRIKOAK ETA FAMATUAK

Mendeurrena behar bezala ospatzeko, gorrotxategitarrek festa aparta antolatu zuten azaroaren 13an Tolosako Zerkausian, historia luzea hasi zen Plaza Zaharretik metro gutxira. Bertan elkartu ziren gozogile familia honi gertu-gertutik jarraitu dioten tolosar ugari, baita pertsona ezagun asko ere, hala nola Hilario Arbelaitz eta Roberto Ruiz sukaldariak eta Luis Chillida eta Nisa Goiburu artistak.

Politikarien artean, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea gerturatu zen festara; kirolarien artean, Edurne Pasaban mendizalea eta Nerea Eizagirre futbolaria, eta arlo sozioekonomikoan, Irene Larraza (Etxepare institutuko zuzendaria) eta Maite Urruzola (Tolosako Laboral Kutxako bulegoko zuzendaria), guztiak tolosarrak. Azken laurek, gainera, eginkizun garrantzitsua izan zuten; izan ere, Rafa Gorrotxategik egun horretarako prestatutako turroi berezia zatitzea egokitu zitzaien.

Turroi berriak lima eta limoia ditu, baita trufa zuria ere, azken honen gozotasun eta leuntasuna zitrikoen freskotasunarekin konbinatzeko. «Ehun urte hauetan guregan konfiantza jarri duten guztiei eskerrak emateko modua izan da», azaldu zuen Rafa Gorrotxategik.

Turroi berriarekin batera, Jakitea elkarteak prestaturiko jakiak ere dastatu zituzten. Eta ekitaldia biribiltzeko, Tolosako txistulariek Jose Ignacio Ansorenak Joxe Mari Gorrotxategiri eskainitako pieza jo zuten, eta Jon Maia bertsolariak, Rafa Gorrotxategiri herritarrei plazera ematen jarraitzeko deia egitearekin batera, Tolosari bibotea ez mozteko eskatuz amaitu zuen bere bertsoa.