Amagoia Bilbao

Bakailaoz beteriko kuiatxo loreak

GETTY IMAGES
GETTY IMAGES (GETTY IMAGES)

Osagaiak 4 lagunentzat
8 kuiatxo lore, garbantzu irin, olioa, gatza. Betegarria:  tipula bat, 3 baratxuri ale, 2 piper berde, 100 ml tomate saltsa, 400 g bakailao, olioa, gatza. Saltsa: tipula bat, piper berde bat, 2 pikilo piper, 300 ml salda, olioa, gatza.
Zailtasuna                        3

Betegarria:
1. Bakailaoari gatza kentzeko 48 orduz ur hotzetan beratu. 
2. Tarte horretan ura bost aldiz aldatu behar dugu. Lehenengo hiru aldaketak zortzi ordutik izango dira, eta beste biak hamar ordutik. Atera eta ondo lehortu. Azala kendu eta txikitu.
3. Txikitutako tipula eta baratxuriak olio pixka batekin erregosi.
4. Txikitutako piperrak gehitu eta erregosi.
5. Tomate saltsa eta barazkiak berotu. Bakailaoa gehitu eta arin erregosi.
Saltsa:
1. Zerrendatan moztutako tipula olio pixka batekin erregosi.
2.  Tiratan moztutako piperrak gehitu eta erregosi.
3.  Barazkiak eginda daudenean, salda bota eta 10 minutuz egosi.
4. Irabiagailuarekin nahasi eta txanotik pasatu. Behar adina gatz bota.
Bukatzeko:
1. Garbantzu irina urarekin urtu eta ore fina lortu. Gatz pixka bat bota.
2. Loreak betegarriarekin bete eta oretik pasatu.
3. Zartagin batean olio ugari berotu eta loreak frijitu. Paperaren gainean atera.
Plateretan saltsa beroa jarri eta gainean loreak.