Durangoko txoko gozoa, Aukan izozki denda

Edorta Andoni Berazaluze, izozkigilea, bere dendaren aurrean
Edorta Andoni Berazaluze, izozkigilea, bere dendaren aurrean (Oskar Matxin | FOKU)

Edorta Andoni Berazaluze ia 30 urtez aritu zen industrian lanean, multinazional batean. Urte horietako «presioa eta estresa» direla eta, «orain dela hiru bat urte» bi tronbo izan zituen. Bizitza lasaiago bat behar zuela erabaki zuen orduan, eta izozkigile egin zen. Ofizioa ikasi eta Durangoko izozki denda bat hartu zuen, negozioa eramaten zuen bikoteak herritik alde egin zuenean.

Orain dela bi urte inguru zabaldu zuen Aukan, Durangoko alde zaharrean, izozkiak eta txokolatezko produktu artisauak herritarrei eskaintzeko. Dendako bezero gehienak bertakoak dira, Durangon, izozkigileak nabarmendu bezala, ez baitago ia turismorik. Behin probatuta, bezeroek errepikatu egiten dutela nabarmendu du Berazaluzek, eta, batzuek, gainera, oporretatik bueltan (beste nonbait ere izozkiak jan ostean), Aukanekoak bezalakoak inon ez daudela esan ohi diotela. Arrakasta «kalitatezko lehengaien erabileran» oinarritzen du Berazaluzek.

Horrez gain, izozki eta goxo guzti-guztiak dendan bertan egiten ditu. Kalitatezko lehengaien kostua eta merkatuko prezioak tarteko, hori bai, oso mozkin-marjina txikia du Berazaluzek. Bakarrik lan egiten duenez, arazo horri aurre egin ahal izan dio orain arte. Batzuetan alabaren laguntza dauka, baina, bestelakoan, denda guztia berak bakarrik eramaten du. Udan izozkietara bideratzen du lana, eta, hotza egitean, txokolatezko produktuetara. Hala ere, urte osoan zehar saltzen ditu izozkiak, batez ere etxera eramateko.

Kontatu digu durangar askok erosten dituztela kantitate handietan, ospakizunetarako, etxean edukitzeko… Salmentan 24 zapore ditu, betikoak, Durangon eta Euskal Herrian ondoen saltsen direnak: «Hemen gustu finkoak izaten ditugu. Txokolatea? Ba txokolate. Kafea? Ba kafea. Ez ditugu nahasteak, saltsak, gustuko». Bere zapore gustukoena, hori bai, argi du: «banana split, izozkia, platanoa eta txokolatea nahasten dituena».