GAIAK

CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, «behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako»

30 urtez euskarazko zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan diren CAF-Elhuyar sarietan etena egitea erabaki dute antolatzaileek, «sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako».

CAF-Elhuyar sarien azken edizioaren saridunak. (ELHUYAR)

CAF-Elhuyar sarietan etena egitea erabaki dute antolatzaileek, «sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako», astelehen honetan prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Hain zuzen ere, 30 urtez euskarazko zientzia dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyar, eta egun 31. edizioa zegoen martxan.

«Baina sarietan etena egitea erabaki dugu erakunde antolatzaileok, sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako», deitoratu dute.

Jakinarazi dutenez, azken urteotan jasotako lan kopuruak «nabarmen» behera egin du aurten, eta testuinguruak ere «ez du ahalbidetzen sariketa baldintza txukunetan egitea».

Horregatik, etena egin, eta, aurrera begira, euskarazko zientzia dibulgazioko lanei ikusgarritasuna emateko moduez hausnarketa irekiko dute datorren ikasturtetik aurrera. Aurtengo parte hartzaileei barkamena eta esker ona adierazi diete, bide batez.

Azken edizioanAnder Tobalina, Antton Babaze, Uzuri Albizu, Enekoitz Telleria eta Mikel Ojinaga izan ziren saridunak, eta Miren Basaras EHUko irakasleak jaso zuen merezimenduari emandako saria, euskarazko dibulgazioan erreferentea delako, bereziki mikrobiologiaren eremuan.