GAIAK
Elkarrizketa
Claudia Goenaga
Kaletarrak kuadrillako kidea

«Lan handia da, baina gogoa izanda kuadrilla bat jaio egiten da»

Kuadrillen goreneko une betean sortu zen Kaletarrak, 2023an. Claudia Goenaga sortzaileetako bat da eta, NAIZekin hizketan nabarmendu duenez, gogoa da kuadrilla bat eratzeko benetan beharrezkoa dena, lan handia egin behar bada ere. 150 pertsonako talde honetan «oso giro ona» daukate.

Claudia Goenaga Gasteizko Kaletarrak blusa eta nesken kuadrillako sortzaileetako bat da. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Nola bizi dira Gasteizko Jaiak kuadrilla baten barnetik?

Duela hiru urte atera ginen kalera lehenengo aldiz. Ni ‘neska’ nintzen beste kuadrilla batean eta Kaletarrak-en nagoenetik oso ezberdinak dira. Oso kuadrilla txikia gara, 150 pertsonakoa eta guztiok ezagutzen dugu elkar gutxi gorabehera. Gero, elkarren artean daukagun harremana oso ona da eta benetan oso giro ona.

Nola sortu zenuten kuadrilla?

Lan egiten. Argi geneukan zer nahi genuen, zer ez zitzaigun gustatzen eta zer gustatzen zitzaigun. Orduan, esfortzu handiz egin dugu, lehenengo urtea burokrazia lan handia delako, eta kontuak egitea da pasatu behar den beste etapa bat. Baina gogo kontua da, gogoa jarrita jaio egiten da. Gainera, bederatzi pertsonaren artean sortu genuen eta ez zen pertsona bakar bat lan guztia egin behar zuena. Beraz, ondo.

(Marisol RAMIREZ I FOKU)

Zer nabarmenduko zenuke zuk jaietatik?

Gure kuadrillan herritarrei eskainitako ekitaldi ezberdinak egiten ditugu, tartean Probintzia Plazan, abuztuaren 6an, pintxo-pote solidario bat, Arabako Minbiziaren Aurkako elkartearen mesedetan. Jasotako diru guztia beraientzat izango da. Gero, aurten lehenengo aldiz erresidentzia batera joango gara. 7an ‘Kaletarrok’ izeneko ekitaldia egiten dugu, diskoteka moduko bat. Iaz lehenengo aldia izan zen eta, arrakasta izan zuenez, aurten errepikatu egingo dugu.

Kuadrillak historikoki gizonen taldeak izan dira, duela gutxi arte. Nolakoa da emakume izatea gaur egun kuadrilla baten barruan?

Gurean gizon baino emakume gehiago gara. Ez dakit kopuru zehatza, baina gehiengoa emakumeok osatzen dugu. Nik ez dut inoiz ezberdintasunik ikusi, gurean behintzat, blusen eta nesken artean.

«Pandemia ostetik uste dut jaiak gehiago bizi direla egunean zehar gauez baino»

Zer nolako aldaketak nabaritu dituzu azken urteotan jaietan?

Nesken agerpena batik bat. Gero, nire sentsazioa da, baina pandemia ostetik uste dut jaiak gehiago bizi direla egunean zehar gauez baino. Beti izan dira egunez ekintza ezberdinak egiteko, baina nik nire inguruan ikusten dut gauean gutxiago eta egunean gehiago ateratzen dela jendea.

Eta gero eta jende gehiagok nahi du kuadrilla batean sartu, ezta?

Bai, kuadrilla guztietan itxarote zerrendak daude sartzeko, beteta daudelako. Ez da ez dugulako nahi jende gehiago sartzea, jatetxeetan ez gara sartzen eta edozein gauzarako ez da gauza bera 150 pertsona edo 300 kudeatzea. Gu behintzat, daukagun esperientziarekin ezin gara gehiago izan, ez gara iristen.

Zer berezitasun daukate Gasteizko jaiek beste herrietan ospatzen direnekin alderatuta?

Kuadrillen artean dagoen harremana eta blusek eta neskek hiria animatzen duten modua gasteiztarra dela eta ez dagoela parekorik.