Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. 2025 ABU. 17 - 21:10h Gotzainak, Odon Elorza eta toreroak, 20. Irrikitaldian Irrikitaldiaren 20. edizioa ospatu dute igande Donostian, Aste Nagusia amaitu berritan. Piratek ospa egin eta lekua utzi diete toreroei, gotzainei... Ohiturari jarraituz, «pasilloa eta salbea» egin dituzte ‘Belle Epoque’ garaian egongo balira bezala. NAIZ Bukatu da Donostiako Aste Nagusia eta amaierako brotxea jarri diote Donostiako Piratek Irrikitaldiaren 20 edizioarekin, begiko partxea kendu eta mozorroak jantzita. Galaz, toreroz, gotzainez eta baita Odon Elorzaz ere jantzi dira donostiarrak, euren buruaz barre egiteko. Ezin dotoreago esnatu da Donostia igande goizez. Izan da ‘Belle Epoque’ garaiko arropak soinean kalera atera denik, gaurko egunez ohikoa izan ohi den legez; baina, izan da, halaber, ausartagorik ere. Horrela, turistaz edota elizgizonez jantzi dira asko eta asko, besteak beste, turistifikazioaren eta Ticket Bairen aurkako aldarriak zabaltzeko. Urtero bezala, Boulevardeko kioskotik abiatu dira, bertan antzerkiaren lehen zatia eginda, eta Santa Maria elizara arte «pasilloa eta salbea» egin dituzte Kale Nagusian barrena. Hain zuzen, elizako atarian egin dute antzerkiaren bigarren zatia.