GAIAK

Bilboko Konpartsak, arrosa kolorez jantzita

Berezia da aurten Bilboko Konpartsen txosnek Aste Nagusian hartu duten itxura ezohikoa. «Txosnak. Gureak, denonak» aldarrikapena ikusgarri egiteko estetika baliatuta, aurten denak kolore arrosaz jantzi dituzte. Hala ere, zaila izaten da antzeko dekorazioa prestatu duten bi txosna aurkitzea.

Francoren eta Justiziaren arteko ezkontza tarta erraldoia prestatu du Hontzak aurten. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Betaurreko arrosak jantzita eramatearen sentipena eragitea lortu dute aurten Bilboko Konpartsek. Denek ala denek kolore hori dute dekorazioaren oinarri 2025eko Aste Nagusian. Izan ere, zer lirateke Bilboko txosnak aldarrikapenik gabe? Imajinatze hutsa ere ezinezkoa da.

Horregatik, aurten “Txosnak. Gureak, denonak” leloa modu grafikoan adierazteko ideia ezin aproposagoa da praktikara eraman dutena. Eta denak arrosak dira, bai, baina ez daukate batak bestearekin zerikusirik, lortu dute nolabaiteko homogeneotasun hori neurtua eta tamainakoa izatea. Horrela, Konpartsa bakoitzak bere izaera mantentzea lortu du eta 27 arrosadun soloa eratzea lortu dute Areatza inguruan.

Jai herrikoien aldeko aldarria izan da aurtengo txosnen apainketarako konpartsek aukeratu duten gaia, baina Palestinari elkartasuna adierazteko abagunea ere baliatu dute, aipamen txikia eginda batzuek, zegokien espazioaren zati handi bat horretara zuzenduta besteek.

Atzealdean, horren bereizgarri duen kolore gorria alde batera utzi behar izan du Kaskagorrik, toldoan baino ez baitu mantendu; ez die uko egin, ordea, Asterixi eta dorreari. Aurten, kaskoan galiarrak eraman ohi dituen hegoak nahikoa ez eta tximeleta bat ere jarri diote, ‘Hegal eginez Independentziara’ hel dadin.

Garai bateko Otxarkoaga eta gaur egungoa alderatu ditu PaYa konpartsak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Telebista jarri dute txosnaren gainean Pa..Ya!-koek, hain zuzen ere ‘PayaTB’, nola ez. Garai bateko Otxarkoaga eta gaur egungoa alderatu dituzte, funtsean, izaera mantendu dutela argi utzita: «Borrokas y maleantes». 

Palestina, txosna denetan

Gunean dituen kideena baino bakunagoa da aurtengo Kaixo konpartsaren proposamena. Azken muturrera eraman dute proposatutako gaia, Ticket Bairen aurkako leloaz txosna ia osoa hartuta. Palestinan egiten ari diren genozidioa salatzeko baliatu dute eszenatoki gaineko txokoa.

Askapeñak “gezurrez” bete du txosna, kategoria horretan sartu baitituzte “buloak”, “ongizate estatua”... bestelako kontzeptu batzuen artean. Egunez gordeagoa da, baina gauez argiak piztuta nahikotxo aldatzen da txosnaren itxura.

Marijaia, Palestinarentzat nahiko luketen bakea eta emakumeen eta identitate disidenteen askatasuna irudikatu dute, besteak beste, Txinparta konpartsakoek, Higinia Garay ilustratzailearen diseinu garbi eta koloretsuarekin. Algaran ere Palestinari elkartasuna adierazi nahi izan diote. Eta Moskotarrak konpartsakoek Bilboko hainbat ikur bildu dituzte haien olanan. 

Altxaporruk ‘Kulturaren hondamendia’ itxuratu du. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Kulturgunean, Altxaporruk “Kulturaren hondamendia” itxuratu du, olanatik ateratzen den egitura batekin, zorigaiztoko errusiar mendi batekin. Eta Txinbotarrek, bi hamarkada beteko dituzte honetan, ikur dituzten txoriez apaindu dute txosna.

20 urte bete ditu aurten Zorrotzako Txinbotarrak konpartsak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskalgunean, Hau Pittu Hau konpartsak euskararen aldeko aldarriei eskaini die txosna. “Hiri grisa” euskarak koloreztatutakoarekin alderatu dute. Eguzkizaleek, aldiz, turistifikazioa piztia bezala irudikatu dute, fenomenoaren ondorioak modu grafikoan zein idatziz adierazita. Txori Barrotek, eraso matxisten aurkako leloaz gain, konpartsaren izaera ezin hobeto irudikatzen duen olana prestatu du.

3D

Kaialdean, Satorrak zein Trikimailu egitura tridimentsionalak eraikitzera animatu dira. Lehenek sator forman irudikatu dute haien burua, lubaki baten atzean Bilbo etsaiengandik defendatzen ari direla. Bigarrenek ere hiria itxuratu dute, oraindik ere geratzen diren betiko dendetako batzuei enpresa handien gero eta mendekoagoa den Bilbo batean tokia emanda.

Tingladoetan, Pinpilipauxak aukera eskaini die une batez tximeleta sentitu nahi dutenei, photocallean behar bezala kokatuta hegalak dituzten plantak egin ahal izateko.

Hontzak konpartsak, urtero bezala, dekorazio ezin deigarriagoa prestatu du. Zer eta Francoren eta Justiziaren arteko ezkontza tarta erraldoia prestatu dute. Bandera espainiarrak erdi itsututako justizia taburete batera igotako “generalisimoaren” aldamenean jarri dute, “ezteien” 89. urteurrenaren oroigarri. La Suizako seiei elkartasuna adierazteko keinua ere ez du falta txosnak.

Ia udaletxearen parean dagoen Teilape gunean, Hor Dago Abante! konpartsak Aste Nagusiaren lehen egunetan bereziki eskertzekoa izan den ohiko elefantea jarri dute, bero itogarriari aurre egiteko tresna ezin baliagarriagoa. Mono gorri batez jantzitako Txomin Barullo “Desinformazioen jolas”-etako heroi gisa irudikatu dute, hainbat hedabide zuzenean seinalatuta.

Mekauenek komiki formatua baliatu du mezua helarazteko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Arriagara bueltako bidean, Triangunen, Bizizaleek kutsadurak izorratutako etorkizun distopikoa irudikatu dute. Eta Mekauenek komiki formatua baliatu du mezua helarazteko. Halaber, konpartsa internazionalistak plataforma deigarria prestatu du, animal print estanpatuaren erdian Netanyahu bera marraztuta. Gune berean, Sinkuartelen gaia bermilitarizazioa izan da, eta haren ondorioak itxuratu dituzte txosnaren apainketan.

Zaratas konpartsak minimalismora jo du, baina aldarrikapen desberdinak jasotzea lortu du, hala ere. Aixeberrik dekorazio basatiago baten aldeko apustua egin du, hiruzpalau dinosauro ere eraikita.

San Nikolas tren eta metro geltokira bidea hartuta, Kranbak okupazioaren aldeko aldarrikapenak bildu ditu dekorazioan, eta rokodromoa ere eraiki du, nahiz eta gauez itxita mantendu duten, pare bat trago edanda ez dadin inor Spiderman dela sinistuta ezbeharren bat sortzera animatu. Piztiek kolore arrosa eurena duten berdearekin uztartu dute, efektu deigarria lortuz.

Kranbak okupazioaren aldeko aldarrikapenak bildu ditu dekorazioan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Uribarri konpartsakoek hiriaren historiaren mugarri garrantzitsu batzuk islatu dituzte. Eta Tintigorri deustuarrak tomateak uztartu ditu alien inbasio batekin.

Kanpaia onenari, eulia traketsari

Politak, itsusiak, landuak, azkar batean eginak... Iritzitik asko dute balorazio horiek, eta nork berea izan dezake. Hala ere, Bilboko Konpartsak federakundeak serio hartzen du txosnak atontzea eta emaitza ebaluatzeko saria, eta zigorra banatuko ditu, hots, kanpaia eta eulia. 2007tik egiten duten sari banaketa da, eta gaur bertan emango dute epaia, herri bozketaren, konpartsen botoen eta epaimahai artistiko baten artean erabakia.