7K - zazpika astekaria
KIROLA

Tapering

(Getty)

Tapering-a funtsezko estrategia bilakatu da errendimenduaren alorrean, bereziki erresistentziako kiroletan. Lehiaketa garrantzitsu baten aurreko asteetan entrenamendu karga pixkanaka murriztean datza teknika hau, gorputza errekuperatu, energiaz kargatu eta probaren egunerako egoera fisiko onenean egon dadin. Izan ere, erresistentzia kiroletan, non atletek bolumen eta karga altuak jasaten dituzten, kirolariaren gorputza nekea pilatzen joan ohi da eta horrek eragin negatiboa izan dezake lehiaren egunean. Baina zein dira taperingak errendimenduan dakartzan onurak?

1• Nekearen murriztea. Taperingak aurrez metatutako nekea murrizten laguntzen du, lesioak eta giharretako gainkargak saihestuz. Lan karga murriztutakoan, ordura arteko kargak superkonpentsatzen ditu atletaren organismoak; hau da, entrenamendu kargetara egokitzen da eta bere errendimendua hobetzen du

2• Energia erreserben areagotzea. Entrenamendu kargak gutxitzearen ondorioz, gorputzak glukogeno erreserbak betetzeko aprobetxatzen du. Hori funtsezkoa da lehiaketaren egunean beharrezko disponibilitate energetikoa izateko. Kontuak horrela, eta erremedioa pilula bat hartzea baino osasuntsuagoa izanda, hasi jarduera fisikoa egiten, eta ziur zure bizi kalitateak hobera egingo duela.

3• Errendimendu mentalaren optimizazioa. Taperingak ez dio errendimendu fisikoari bakarrik mesede egiten, baita errendimendu mentalari ere. Karga fase baten ostean, estres fisikoa gutxitu eta atletak freskoago, motibatuago eta kontzentratuago sentitzen dira.

Tapering fasea diseinatu eta burutzerako garaian, argi izan behar dugu atleta bakoitzaren kasura egokitu beharko dela. Hala ere, Mujikak eta Padillak (2017) zehaztu zuten moduan, bolumen entrenamendua modu progresiboan %40-60 artean murriztu behar da, nahiz eta intentsitatea ez jaitsi. Praktikara eramanda, korrikalari batek pixkanaka kilometro gutxiago egin beharko lituzke azken 2-3 asteetan, baina bere erritmoak ez lirateke gutxitu beharko, intentsitate altuetan korri egiteko egokitzapen horiek kontserbatu ahal izateko. Beraz, entrenamendu kargaren gutxitzea kontraesanezkoa izan daitekeen arren, zientziak argi erakusten du azken fase hau errespetatzea funtsezkoa izan daitekeela errendimendua optimizatzeko.