7K - zazpika astekaria
HARIZTIA, MUGA GAINEAN DAGOEN ATE BAT

Asier Gogortzaren Hariztiak etorkizuna darama barnean

Bizi guzirako proiektu gisa ulertzen du Asier Gogortza Asensiok «Hariztia», Ibardinen, Bera eta Urruña artean, eraldatzen ari den paisaia. Bertako berri jasotzen duen hirugarren argazki liburua plazaratu du, muga pasatzearen ingurukoa. Iraganari begira hasi bazen ere, argazkilariak etorkizuneko proiektuak egin nahi ditu eta «Hariztia»-k aukera hori ematen dio.

Haritz sortu berri bat, Zaldibar izendatua, bataio argazkian egunkariko bere orrialdearekin jantzita. Asier Gogortza Asensio

Asier Gogortza Asensiok 2000. urtean hasi zuen argazkilari ibilbidea, berak egindako kamerekin. Maletak kamera bihurtu zituen, adibidez, Portugalera bidaiatzeko. Ongi pasatzen zuen, eta gero eta kamera handiagoak egin zituen, bera ere barrenean sartzeraino.

2010ean, bunkerrak kamera bilakatuz, hormigoiaren testura eta kanpoko paisaia nahasi zituen. Sorleku eta bizileku duen Beratik hasi eta Europa osoko bunkerretan barna ibili zen, Marga bikotekidea lagun, gerrarako ziren eraikinak arterako baliatuz.

Halako batean, aldatzeko beharra sentitu zuen, eta bide berriak esploratzeari ekin zion. Frontoien serie bat egin zuen, baita baserriena ere, mendebaldeko paretak erakutsiz beti. Une batean, mugako argazkiak egiten hasi zen, eta muga-marrara joanez eman zituen hiru urte. Justu mugaren gain-gainean jartzen zuen kamera. Mugarria oihal zuri batekin estaltzen zuen. Hala, iruditik ateratzen zuen eta bestelako efektu bat lortzen zuen.

«HARIZTIA»-REN SORRERA

“Hariztia” proiektua Ibardin gainera bizikletaz egin ohi duen itzuli batetik sortu zen. Zatirik ederrena Tomaseneko bidea da beretzat, Urruñako lurretan. Larhun mendiaren begiradapean, Beñatbaita baserriaren ondoan, hantxe agertzen dira bi haritz dotore, paisaia osoa menderatzen. 2019ko udazkena zen zuhaitz haien ehun ezkur bildu zituenean. Oraindik ez genuen covid-19aren susmorik ere, baina Gogortzak honako gogoeta zerabilen: «Etorkizunak ez du itxura onik, sorgin-gurpil baten antzekoa da, ez dakigu nola atera hortik. Epe luzerako proiektu bat hasi behar dut argazki bidez».

Sentitu, pentsatu eta ekin. Jasotako ehun ezkur horiek jogurt poto eta esne kaxetan erein zituen. Hazi horiek, oihan baten ideiak bezala, etorkizuna zeramaten barnean.

2020ko martxoan konfinamendua iritsi zen, eta bere gogorrean ekarri zuen gauza onetako bat abiadura mantsotzea izan zen. «Periodikoa oso-osorik leitzen nuen; gainera, paperean. Plazer handi bat zen», oroitu du Gogortzak. Bitartean, landare ttiki batzuk sortzen hasi ziren, eta egunkariko berriekin haiei izenak jartzera jostatu zen. 500 urte irauten ahal duen arbola batentzat izena asmatzea zen jokoa, ziztu bizian pasatzen diren albisteekin.

Bataioko argazkia egin zien denei, bakoitza bere egunkariko orrialdearekin jantzita. Batzuek, ezinbertzean, pandemiarekin zuten lotura: Wuhan, Pangolin, Covid-19, Sars... Egun haietan hil ziren artista batzuk zuhaitz bihurtu ziren: Little Richard, Zumeta, Ulibarrena... Toki batzuk ere hautatu zituen; Tripoli, Tinduf, Ararat eta New Delhi, adibidez. «Oihan latente bat zen potentzian, eta bagenuen denbora begira egoteko», adierazi du argazkilariak.

Ibardinen landatutako hariztiko zuhaixka bat hazten. Asier Gogortza Asensio

BERAKO ETA URRUÑAKO UDALEN BABESA

60 zuhaitz atera ziren aitzinera, eta horiekin harizti bat landatzeko proposamenarekin jo zuen Gogortzak Berako Herriko Etxeko atea. Herri lurrak badituztela eta aukeratzeko erran zion alkateak. Sukaldeko mahaian mapa zabal-zabal paratu zuenean, muga aldera joan zitzaion begirada: Erentzungo lepoa hautatu zuen, Urruñak eta Berak partekatzen dutena. Urruñako Udalari galdetu, eta hark ere gustuz babestu zuen egitasmoa.

Hala azaldu du argazkilariak proiektu honen funtsa: «Paisaia batean kontzienteki esku hartu, nola eraldatzen den ikusi, eta gertatzen denaren jarraipena egitea, batez ere argazki bidez».

Aukeratutako paisaia bidegurutze bat da, garai batean iratze tokia izandakoa. Bertatik itsasoa eta Ibardin ikusten dira.

LANDAKETA

2021eko abenduan landatu zituzten haritzak. Oraindik plastikozko babesak ziren paisaia aldatzen zuten elementu bakarrak. Baina behorrei gustatu, eta azkura egiteko erabiltzen zituzten. Zerrakua jartzea erabaki zuten orduan.

Ander Rodriguez arkitektoarekin elkartu zen Gogortza, eta hark marrazki bat egin zion: bidexkak errespetatzen dituzten bi borobil dira, bertze forma geometriko batzuk sortzen dituztenak.

Hariztia laborategi gisa baliatu zuen argazkilariak. Adibidez, ikastolako 14 urteko ikasleei haritz banarekin egin zien argazkia, eta handik bost urtera argazki bera errepikatzekotan gelditu ziren.

“Hariztia. The oak trees” liburu serieko lehen alean bildu zuen istorio hori guztia, euskaraz eta ingelesez.

BEGIRADA HEZI, RESET

Hariztia galdera filosofiko eta existentzialen inspirazio zen Asier Gogortzarentzat, eta hala izaten segitzen du. «Zertarako ari naiz hau egiten? Ikuspegi bat, munduari begiratzeko talaia bat, izateko. Garrantzitsua baita nondik begiratzen dugun. Begirada zaharrak balio du etorkizunera begiratzeko? Ez. Beraz, begirada hezi behar nuen, reset egin».

“Autopsiak” argazki seriea hortik jaio zen. Leiho itxiak ageri dira. Ikuspegi bat ezabatzen dutenak. Jada ez dute balio garai bateko leiho horiek, baina iraganaren arrasto bat utzi dute. Baigorri Nafarroa Garaiko herri hustua ere ikus dezakegu. «Garai batean izan zen; orain ez da. Tristea eta sujerentea da aldi berean. Urteetan joan naiz Nafarroako herri hustuetara, baina ez nuen lortzen argazkirik egitea. Pentsatzen nuen paisaia hori ikusiko nuen azken pertsona nintzela. Bazuen lotura autopsiarekin, gorpu bati ematen zaion azken begiradarekin. Hortaz, maindire batekin estali nuen paisaia hori, autopsietan bezala», azaldu du.

Zeri begiratu? Zer irizpiderekin? Lurrean zegoenari erreparatzen hasi zen hariztian: iratzea, belarra, harriak, makilak, onddoak... Bildu, estudiora eraman, eta argazki bana egin zien testuingurutik at. Hainbat modutara antolatu zituen gero, koloreka edo gaika.

Zenbat denboraz begiratu? «Hariztia hagitz mantso hazten da eta horrek talka egiten du daramagun erritmoarekin. Hariztiaren erritmora egokitu behar nuen».

ORDU ERDIZ BEGIRA

Ariketa bat egunero Zokoara joatea izan zen. Ordu erdiz egoten zen bertan itsasoari so, argazki bakarra egiteko, beti argitzeko unean. «Hasieran ez zen erraza ordu erdiz begira egotea, baina gero burua erabat aldatu zitzaidan eta ongi pasatzen nuen. Itsasoan gauzak ikusten hasi nintzen».

Hariztira itzuli zen ikasitakoa aplikatzera. Mendian oraindik astiroago gertatzen dira gauzak. “Smoke” filmean inspiratuta, astero-astero argazki berdina egin zuen. Ondotik irudi guztiak bata bertzearen ondoan jarri zituen, urte osoko argazki mosaikoa osatuz. Bigarren liburuan jaso du kontakizun hori.

Paisaia batean kontzienteki esku hartu, nola eraldatzen den ikusi, eta gertatzen denaren jarraipena egitea da proiektuaren funtsa. Aukeratutako lekua Ibardinen dago, Bera eta Urruña arteko bidegurutze bat da. Asier Gogortza Asensio

«HANKAPASOA»

Hirugarren liburua “hankapasoetatik” abiatzen da. «Gauza ederra dira ‘hankapasoak’, izenetik hasita. Oinezkoari muga fisiko bat gainditzen laguntzeko asmoz, sinadurarik gabeko artistek diseinatu eta egindako egiturarik oinarrizkoena».

Argazkilariak bi paratu zituen, arbolak babesten dituen zerrakua gainditzeko. Ondotik, Ander Rodriguezek diseinatu zuen bat muga- marraren gainean. «Eskultura bat da. Anbiguoa da, jendeak ez daki ongi zer den. Mahai bat? Agertoki bat? Bakoitzak gauza ezberdinetarako erabiltzen du. Begiratoki ere bada. Eta jendeak bere buruari argazkia egiteko baliatzen du», kontatu du irribarrez.

Hariztia muga gainean dagoen ate bat dela ulertu zuen Gogortzak, eta ate horretatik pasatzen zenari erreparatu zion. Pasatzearen ingurukoa da, hain zuzen, aurkeztu berri duen hirugarren liburua.

INTZOLAN, ODEI BARROSOREKIN

Odei Barrosorekin batera, esku-hartze bat egin zuen Intzolan. Usategietatik Oletara egurrezko 15 taula paratu zituzten, Barrosoren bertso puskekin. Urruñatik Berara nahiz Beratik Urruñara, bi norabidetan dute zentzua bertsoek. Paseatzen zoazela taulak azaltzen zaizkizu zuhaitz artean, eta bertsoak osatzen joaten zara.

Igarotzearen sinbolo dira erreka eta ibaiak, eta Bidasoak erranahi berezia du. 2024an Baztan-Bidasoa zeharkatzen duten hainbat zubiren argazkiak egin zituen Asier Gogortzak, hilabetero bat, Erratzuko iturburutik hasi eta Txingudiko badiaraino. Horretan ari zela, saltoka zihoan izokin baten irudia lortu zuen. Eta horretan ari zela, argazki artistikoetan lekurik ez duten baina garaiaren erakusgarri diren bertze elementu batzuekin egin zuen topo: kamioiekin.

KAMIOIAK

«Gero eta gehiago enfokatzen hasi nintzen kamioiei. Beratar bat, Garaile, garraio enpresen bildumagilea da. Pasatzen diren kamioi guztien izenen zerrendaz betetzen ditu koadernoak. Beregana jo nuen eta zerrendak pasa zizkidan», kontatu du argazkilariak.

Toldoei ere erreparatzen hasi zen, beren testura, kolore eta formei. Ibilbide baten arrastoa biltzen dute hautsez eta zikinez betetako oihal horiek. Toldo urdinen argazkiekin egindako konposizioak ederrak dira. Zokoko egunsentien seriekoak dirudite.

Hariztia bezala, Asier Gogortza ere hazten ari da argazkilari gisa. «Bizi guziko proiektu bat bezala da hau, eta honekin lanean segituko dut, gehiago edo guttiago. Hiru liburu egin ditut hiru urtez, eta orain pausa behar dut», adierazi du.

25 urteko bere ibilbidean, badira errepikatzen diren ezaugarriak. Adibidez, ez dio jendeari argazkirik egiten. «Jendeaz ari naiz, baina bertze modu batera», azaldu du. Lan egiteko moduari dagokionez, metodoa finkatzeak ematen dio buruko minik handiena, baina geroko lana errepikakorra, mekanikoa izan ohi da.

Errepikatze horretan aldaketa ikusten eta bilatzen saiatzen da. «Hasieran gehiago begiratzen nion iraganari: bunkerrak, herri hustuak, leiho itxiak... Baina nire burua behartzen dut ez gibelera begiratzera, baizik eta aitzinera. Etorkizuneko proiektuak egin nahi ditut. Hariztiak aukera hori ematen dit. Erabat irekia da, ez dakit nola jarraituko duen, eta ezjakintasun hori da bere xarmetako bat», agertu du.