2025 EKA. 22 IRITZIA Astelehenaz Sustrai Colina S.apurgarria, Gaur igandea da baina bihar ez dituzu semeak eskolara eramango. Gaur igandea da baina lanera joango zara bihar. Gaur igandea da baina bihartik aurrera eguneko lehen orduan baizik ez duzu ibai ertzetik lasterka egin ahalko eta zure bizimodua zerk baldintzatzen duen gehiago, klimak ala kapitalak, gogoetatu beharko duzu. Gaur igandea da baina bihartik aurrerako beroak orain artekoak baino oladarkorrago berunduko dizu garuna. Gaur igandea da baina, biharamuna ez bada, bezpera izango da bihar. Gaur igandea da baina bihar piztuko duten sua itzali omen dute gaur. Gaur igandea da baina urteko gaurik motzena izango da biharkoa eta, ezinbestez, gaua luzea baina bizitza laburra dela aldarrikatzen zuen lagunarengana ihes egingo dizu gogoak. Gaur igandea da, musikaren eguna izan zen atzo, betiko sinfoniak joko du bihar eta susmoa duzu azarorako BEC-erako sarrerak erosita dauzkan adiskidea ez duzula jaigunean dantzan ikusiko. Gaur igandea da, ez zara mezetara joango, baina udako santutegia errepasatzen hasi eta errua baino kultura kristauagoak bizi zaituela ohartuko zara. Gaur igandea da, tomate landareei zure buruari baino mai(z)tasun handiagoz erreparatuko diezu, Eva Baltasarren “Tres cuerpos salvajes” eta Belen Gopeguiren aspaldiko zutabe bat soseguz irakurri, baina bihartik aurrera udako gehigarri bat izango zara zu ere. Gaur igandea da baina ez dakizu zutabe hau astelehenez argitaratuko zenukeen, idazten edo irakurtzen diren egunekoak diren izkribuak eta, halabeharrez, zenbat ñabardura galtzen diren hemendik orainera. Gaur igandea da baina palestinarrek bihar izango den jakin gabe jarraitzen dute, atzora eramaten zaitu eraso sexista bakoitzak, aldi berean herenegun zein etzira torturaren aitortzak,eta ez daukazu agenda ireki beharrik irailera arteko ez-denbora aspaldi abolitu zela jabetzeko. Gaur igandea da eta bi hilabeteko itzalaldian irudikatuko zara, ez daukazuna idealizatzeko zure joerak gogaituko zaitu eta daukazuna ez galtzeko beldurrez iratzarriko zara bihar. Gaur igandea da, oraingoan ere ez duzu iazko zutaberik plazaratu, baina susmoa duzu iazko korapiloekin askatu beharko zarela bihar ere. Gaur igandea da, bi aste falta dira bizi zaren hirian mundua amaitzeko, baina gutxiago faltako da bihar. Gaur igandea zen, bihar astelehena da; gaur astelehena da, bihar igandea zen. Gaur igandea da baina urteko gaurik motzena izango da biharkoa eta, ezinbestez, gaua luzea baina bizitza laburra dela aldarrikatzen zuen lagunarengana ihes egingo dizu gogoak.