7K - zazpika astekaria
OROILOREAK

Ume ostuaren arreba: Maria Luisa Ruiz

Maria Arana, bere bi umeekin, Bartzelonan, 1938 akaberan.

ERREFUXIATUAK

1936ko uztailaren 18an hasi zen bat-batean gerra. Nafarroatik zetozen karlistek Donostia laster konkistatuko zutela-eta, errepresioaren beldurrez, jende askok ihes egin zuen, mugaz bestaldera edo Bilborantz. 100.000 gipuzkoar errefuxiatu ziren Bizkaialde errepublikanoan. Batzuetan familia osoak -zahar eta ume-, beste batzuetan abere eta guzti joan ziren mendebalderantz, trenez edo autoan, oinez edo gurdiekin.

Maria Arana azkoitiarra Altzan bizi zen; neskamea zen ogibidez, bi urteko alaba zeukan, eta haurdun zegoen berriro. Senarra, forjaria eta anarkista, Donostia defenditzera joan zen etxetik. Eta Mariak alde egitea erabaki zuen. Azkoitia ere karlistek hartuko zutelakoan, Bilborantz joatea erabaki zuen, bi urteko alabatxoa, Maria Luisa, eskutik hartuta.

MARIA LUISA

“Amatxo, nora goaz, bada?”, imajinatzen dut galdetuko niola nik amari. Baina ez dakit, ez naiz akordatzen, dakidana besteek kontatutakoa da. Trenez, autoz, oinez gindoazen, beste jende asko bezala, bakoitza bere maletarekin, bakoitza bere jipoiekin.

Ez gindoazen bakarrik, aitaren anaiaren andrea, Tia Eugenia, eta nire lehengusu Pako ere gurekin zetozen. Osaba hori Lemoako frontean hil zen gero. Umeok, zer pasatzen zen jakin ez-eta, ebakuazio bidaia hori guretzat olgeta bat izango zen igual; gerra osoa ere bai beharbada, bizitzarekin nahasturiko jolas bat. Amak bai, bazekien zer pasatzen zen. Minez biziko zuen etxea uztea, aita auskalo non ibiltzea, eta noraezean joan beharra niri eskutik helduta. Batez ere, sabel harekin, haurdunaldiaren astunarekin.

Gogorrak, baina egun batzuk izango zirela pentsatuko zuen. Luzatzekotan, aste batzuk izango zirela. Hilabete batzuk. Bai zera…

UMEAREN JAIOTZA ETA BATAIOA

Eibar, Durango, Gernika edota Bilbo errefuxiatuz bete ziren. Errefuxiatuen kopurutzat 100.000 zenbakia kalkulatu bada arestian, ume errefuxiatuak 30.000 izango ziren. 1936ko urriko Euskal Gobernuaren informe ofizialetan, errefuxiatuen beharrak ikusten dira estatistikoki: errefuxiatuen %90ek arropak eskatzen zituzten. Euriak eta haize hotzak hasi zirelako udagoienerantz, eta negu luzea zetorrelako. Errefuxiatuen %7k etxebizitza eskatzen zuten. Errefuxiatuen % 3k, janaria.

Maria Arana Retegi, bi urteko alabatxoa eskutik helduta heldu zen Bilbora, eta haurdun.

MARIA LUISA

Ama erditu eta haurtxoa bataiatzera joan ginen, Atxurin trena hartuta Durangora. Amak izeko bat zeukan monja Santa Susanako komentuan, Sor Josefa. Horregatik joan ginen gu Durangoraino umea bataiatzera.

Umea jaio zela jakin zuenean, aitak aukeratu zuen izena. Zein-eta, Adolfo. Ez da ulertzen erraza, baina gure aitak-eta begi onez ikusten zuten Adolf Hitler egiten ari zena Alemanian alde sozialean. Bidez batez, komunisten kontra ere ari zenez. Ama nahastu egin zen, eta eskerrak, Adolfo ipini beharrean, Alfredo ipini zion. Nire neba, orduan, Adolfo barik, Alfredo Ruiz Arana deitzen zen.

Aitari ez zitzaion hori gustatuko. Are gutxiago bataiatzea bera, ur kristau bedeinkatuarekin. Aitak jakin gabe bataiatu zuen amak umea.

EBAKUAZIOA

Hegazkin italiarrek eta batez ere alemanek bonbardaketa izugarriak egin zituzten. Gudariek, hegazkinik eta defentsa antiaereorik gabe, ezin zuten ezer egin. 1937ko martxoaren 31n Durango bonbardatu zuten. Hiriaren erdialdea hondatu zuten, eta 300en bat hildako eragin. Bereziki elizak eta komentuak, eta Sor Josefa Arana ere Santa Susanako komentuan bertan hil zen goizeko 9ak laurden gutxiagotan, “metrailagatik”.

1937ko apirilaren 26an Gernikakoa gertatu zen, eta Bilbo aldeko jendea oso beldurturik zegoen, zeren, Emilio Mola jeneralak anuntziatutakoaren arabera, suntsipen ahalmen guzti hori deskargatuko zen laster Bilbon. Errepublikak eta Euskal Gobernuak ez zuten Britainia Handiaren eta Frantziaren laguntzarik izan oso berandura arte. Durangokoa eta Gernikakoa gertatu ondoren hasi ziren, 1937ko maiatzean, umeen ebakuazioan kolaboratzen.

Nazionalak Artxanda eta Pagasarriko gainaldeez jabetu ondoren, jendea ihesean hasi zen Nerbioi ibaiaren bazterretik, Zorrotzatik, gauez, baina itu erraza ziren. Ebakuazioa errazteko, Jose Antonio Agirrek kontraerasotzeko eskatu zien gudariei: “Kirikiño”, “Itxasalde” eta “Itxarkundia” batailoiek parte hartu zuten sakrifizioan…

MARIA LUISA

Gu txikiegiak ginen inora joateko udaberriko umeen ebakuazioan, Ingalaterrara eta Errusiara. Bilbon jarraitu genuen, bonbardaketa handien beldurrez eta ja janaria faltan. Bilbo erortzeko zegoela joan ginen mendebalderantz, Karrantzarantz.

Aireplanoak entzuten genituen eta ahoan, esker-eskuin, haginen artean egur bat ipintzeko esaten ziguten, entzumena ez galtzeko. Karrantzatik Santanderrera trenez joan ginen. Portuko pabiloi handi batean egin genuen lo.

Hurrengo egunean, itsasontzi handi batera igo ginen. Jende pila bat barruan. Itsaso zabalean ere ez zegoen lasaitasunik, jendea gaixotzen zen ontziaren kulunkarekin. Guk hartu genuen barkua azkena izan omen zen.

FRANTZIAN ETA KATALUNIARA

Ez zen erraza hainbeste jenderentzat aterpea topatzea, eta janaria, eta arropak. Frantzian, leku politak eta garbiak zeuden; 80.000 bat izango ziren errefuxiatuak, horietatik asko umeak. 1937ko irailean, Frantziako Gobernuak errefuxiatuak kanporatzea erabaki zuen, Espainiara. Aukera librea eman zuen: Espainia nazionalera itzuli ala Espainia errepublikanora.

Euskal Gobernuaren informe baten arabera, 30.000 euskaldunek erabaki zuten Kataluniara joatea; 60.000 itzuli ziren artean Irunetik Hegoaldera.

Euzko Jaurlaritzak Bartzelonan zeukan egoitzatik antolatu zen errefuxiatuen harrera. Jose Antonio Agirre, Manuel Irujo eta beste buruzagi batzuk Kataluniara joan ziren. “Euzkadi” egunkari abertzalea ere hantxe argitaratzen zen, eta “Euzkadi Roja” asteroko komunista. Bazegoen han euskaldunentzat beste etxe bat: Euzko-Etxea-Hogar Vasco.

MARIA LUISA

Asko itzuliko ziren etxera, beldurrak gaindituta, edo beldurrez beterik. Gure amak ez zuen nahi izango ez Donostiara ez Bartzelonara joan; pentsatzen dut ezinbestean aukeratuko zuela Kataluniara joatea; etsiturik, beharbada. Katalunian, uste dut gu Blanesera eraman gintuztela, fraileen ikastetxe batera. Ohe baino jende gehiago, pertsona gehienek zoruan lo egiten zuten.

Arropa zaharrekin, asistentzia sozialak emandako arropa eta oinetakoekin, umeok eskolan edo jolasten jarraitu genuen. Egoera ez zen ez hobetu ez lasaitu, bonbardaketak izaten ziren, eta gosea. Errefuxiatuak gero eta gehiago ginen eta janariaren problema gero eta larriagoa zen. Esne kondentsatu latak ematen zizkioten amari, baina esan didate esne kondentsatua berak guri ematen zigula.

Ama gaixotu egin zen. Tuberkulosia diagnostikatu zioten. Birika-mina erremediorik gabekoa zen orduan. Eztularekin odola botatzen zuen ahotik, eta sudurretik.

AMAREN HERIOTZA ETA ITZULERA

Bartzelonan bazegoen Euzkadi izeneko ospitale bat; Granollersen Gernika izeneko beste ospitale bat ume gaixo eta anemikoentzat. Bazegoen tuberkulosoen Dispensario Central Antituberculoso, Ravalen…

Egoera larriagotu egin zen 1938. urtean zehar. Abendurako, ez zegoen irtenbiderik. Negua zen eta Armada frankistaren erasoa Bartzelonarantz kontzentratu zen. 1939ko urtarrilaren 26an erori zen hiria, eta urtarril amaieran eta otsail hasieran exodo itzela izan zen mugaldera, Pirinio elurtuetan barrena, milaka errefuxiatu armada errepublikanoaren hondakin eta guzti.

Maria Aranak ez zuen ihes egiteko indarrik izan. Blanes frankistek konkistaturik, Azkoitira idatzi zuen gutun bat, etxera itzultzeko deseatzen zegoela esanez, ume biekin joango zela trenez. Jendez gainezka hasi ziren alde batetik bestera ibiltzen abere-trenak.

Abisatutako egunean, trenaren zain, Donostiako geltokira amaren ahizpa Luziaren senarra etorri zen. Koinata eta bi ume jaso behar zituen. Lau urteko neskato bat hartu zuen bakarrik, Maria Luisa, egurrezko maletatxo batekin.

Neskatoak trenera igo nahi zuen atzera. Amarengana eta nebarengana itzuli nahiz-edo, bagoira igo nahiz, abrigoaren sonbreirutxoa galdu zuela esaten zuen.

MARIA LUISA

Amak karta bat idatzi zuen, trenez etorriko ginela Euskal Herrira, baina bera hil egin zen bitartean. Ama hilda, beste andre bat arduratu zen gutaz, bera ere Donostiara zetorrelako. Andre batek hartu gintuen eta estaziora joan ginen. Blaneseko estazioan jende asko zegoen, eta hantxe gertatu zen neba ere galtzea.

Treneko billeteak hartzen ziren momentuan andre handi gazte bat etorri omen zen:

- Ai, ume koitaduak! Ama hilda, ezta? Eta aita, auskalo non egongo ote den.

-Auskalo ez, badakigu non dagoen -erantzun zion gurekin zegoen andreak-, kartzelan dago.

- Bueno, nahi baduzue neuk zainduko dizuet ume txikia zuek billeteak erosten dituzuen bitartean.

Hantxe egongo zela umearekin. Joan ginen billeteen ilarara, billeteak erosi. Baina, bueltan, ez ume ez andre.

Amarik gabe, nebarik gabe, bakar-bakarrik itzuli nintzen Euskal Herrira.

Nebak 88 urte bete ditu aurten, igual bizirik dago eta, seguru asko, ez daki nondik datorren.