2025 ABU. 17 IRITZIA Atzera-kontaketa Amaia Uribe Dendetan hasi dira jada eskolako materiala saltzen. Herriko jaietako zapi koadrodunaren ondoan, hor daude motxilak, koadernoak, arkatzak. Jaiak gozatu beharko genituzkeen unean, hasi zaizkigu laster umeak eskolara itzuli behar direla gogorarazten. Eta beti berdina egiten digute. Klaseak hasten direnean, Gernikan behintzat, urrian ospatzen den Euskal Jaiko arropak jarriko dituzte salgai. Euskal Jaia igarotzen denean, Gabonetako apaingarriak. Gabonak pasata, maiteminduen eguneko bihotzek eta bonboiek hartuko dituzte apalak. Sentsazioa dut, gero eta gehiago, datorrenari begira bizi garela. Epe luzerako planak egiten ditugu. Ekainean jartzen dugu iraileko bazkariaren data, urtebete lehenago erosten ditugu oporretako hegaldiak eta hilabeteak ematen ditugu gustuko taldearen kontzertuko sarrera poltsikoan dugula. Ahaztu egin zaigu ze ederra den plan zehatzik gabe etxetik atera eta espero ez genuenaz gozatzea. Nire semearekin ikusi dut hori. Oporretako lehen egunean, Estatu Batuetako parke naturalik ederrenetako batean galdezka hasi zitzaidan: «Gaur non afalduko dugu?». «Bihar non egingo dugu lo?». «Zenbat egun barru joango gara rafting egitera?». Aurrean zeukan laku ederraz gozatu ordez, etorriko zenari begira zegoen. Atzera-kontaketa etengabe bat bihurtu dugu gure bizitza. «4 egun, asteburua heltzeko». «21 egun, oporretan joateko». «97 egun, jubilatzeko». Eta zenbat pertsona hilko ziren atzera-kontaketaren erdian? Nik dakidala, astearteetan heriotzak egoten dira. Jendea hiltzen da oporretan joan aurretik. Eta badaude batzuk, jubilatu baino egun batzuk lehenago hil direnak. Horregatik, gero eta gutxiago gustatzen zaizkit atzera-kontaketak. Etorriko dira asteburuak, oporrak eta jubilazioak, baina galdutako uneak ez dira itzultzen. Zutabe hau irakurtzen igaro duzuen denbora ere ez da itzuliko. Espero dut gozatu izana eta batez ere zer pentsatu eman izana. Utzi atzera-kontaketak eta bizi. Epe luzerako planak egiten ditugu. Ekainean jartzen dugu iraileko bazkariaren data, urtebete lehenago erosten ditugu oporretako hegaldiak eta hilabeteak ematen ditugu gustuko taldearen kontzertuko sarrera poltsikoan dugula. Ahaztu egin zaigu ze ederra den plan zehatzik gabe etxetik atera eta espero ez genuenaz gozatzea.