7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Ez


Asko kostatzen zait “ez” esatea. Laneko proposamenen bat iristen zaidan aldiro, baietz esaten dut. Dena onartzen dut ezetz esaten ez dakidalako eta gero larri ibiltzen naiz denera iristeko. Estresa, frustrazioa eta nekea eragiten dizkit ezetz esan ezinak, eta, hala eta guztiz ere, baietz esaten jarraitzen dut. Eta bizitza pertsonalean, berdin. «Ez esaten badiot, lagun hori txarto sentituko da». «Amari ezezkoa ematen badiot, neurekoia naizela pentsatuko du». Eta, hala, egin nahi edo egin ezin ditudan gauzak egin behar izaten ditut.

Beste batzuei ez zaie ezer kostatzen ezetz esatea, eta etxean ikusten dut hori. Asko eskatzekoa da gure semea, eta gehienetan senarrak “ez” esaten dio. Nik, aldiz, gauza batzuei ezetz esaten diet, baina beste gauza batzuekin negoziatu egiten dut. «Lagun horren etxera lotara bazoaz, nagusia zarelako da, eta nagusiek logela garbitzen dute. Logela garbitu eta gero, emango dizugu baimena lagunaren etxera joateko». «Nik ez dizut nahi duzun jostailu hori erosiko, baina zeure dirua daukazu itsulapikoan eta horrekin erosi dezakezu. Erabaki behar duzuna da, ea merezi dizun diru hori jostailu horretan gastatzeak». Ez naiz dena baimentzen duten ama horietakoa, nik ere jartzen ditut mugak, baina ez zait gustatzen denari ezetz esatea. Batez ere, semeak “ez” hori jasotzeko arrazoirik eman ez badu.

Ez ditut ezezko asko jaso bizitzan. Baten bat bai, eta onartu dut. Baina ez dut gogoratzen ez traumatikorik. Beraz, ez dakit nondik datorkidan ezetz esateko zailtasun hori. Chat GPTri galdetzea erabaki dut, eta hona hemen haren erantzuna. «Ez dituzu besteak mindu nahi, errudun sentitzen zara ezetz esaten; dena hain ondo egin nahi duzunez, ezetza porrotarekin lotzen duzu». Adimen artifiziala izateko, erantzun ona eman dit.

Orain egun batzuk, nire bizitzako ezezkorik gogorrenetakoa eman behar izan dut. Ez ezetz esan behar izan dudalako, proposatu didaten hori egin nahi nuelako baizik. Ilusio itzela egiten zidan, baina, arrazoi pertsonalengatik, ez zen momentua erronka horri baietz esateko. Egunak eman ditut lorik egin ezinik, triste, haserre eta ezetz esateagatik aurrerantzean beste aukerarik ez dudala izango errepikatzen. Ahaztu egin zait, erronka horri baietz esateak beste proiektu bati ezetz esatea suposatuko lukeela. Eta horrekin ere sufritu egingo nuke.

Ez dakit zutabe hau idazteko aukeratu dudan gaia gustatu zaizuen edo ez. Baina, aizue, konturatu naiz, 28 aldiz idatzi ditudala ez-ezetz-ezezko hitzak. Aldatzen ari ote naiz?