2025 AZA. 23 IRITZIA «Gerrymandering» Amaia Uribe Trump 2028” eslogana daraman txapel gorria salgai dago Donald Trumpen dendan. Berez, Estatu Batuetan presidente batek ezin ditu bi agintaldi baino gehiago egin, baina azkenaldian gehiegitan iradoki du Trumpek berriro hauteskundeetara aurkez daitekeela. Eta badakizue ez duela gehiegi behar bere jarraitzaile fidelak sutzeko. Bitxia da ustez munduko potentzia nagusia den herrialdean gertatzen ari dena. Hauteskunde-barrutiak eraldatzen ari dira, alderdien mesedetan. Herrialde gehienetan manipulazio elektorala litzatekeena legezkoa da Estatu Batuetan. Gerrymandering esaten zaio maniobra horri eta hamar urtean behin egin daiteke. Hautesbarrutien mugak aldatzen dituzte demokratek edo errepublikanoek irabazteko. Oraingo honetan Texasen hasi dute borroka. Hauteskunde presidentzialetan demokratek irabazi zuten barrutietako mugak zabaldu egin dituzte herri trumpistak barruan sartzeko. Hartara, lortzen dutena da barruti berrietan gehiengoa errepublikanoa izatea eta datorren urteko hauteskunde legislatiboetan errepublikanoek bost eserleku gehiago lortzea. Ohion, Missourin eta Ipar Carolinan ere berdina egin dute eta guztira bederatzi eserleku gehiago izatea bermatu dute errepublikanoek. Demokratek erreakzionatu egin dute eta euren kontrolpean dagoen Kalifornian ere hautesbarrutien mapa eraldatu dute. Barnealdeko eskualdeak kontserbadoreagoak direnez, eskualde horiek demokratak diren kostaldeko barrutietan sartu dituzte. Momentuz, lau eserleku gehiago lortuko dituzte demokratek, baina hauteskundeetako mapen gerrak aurrera jarraitzen du eta guztira hamahiru estatutan espero da gerrymanderinga aurrera eramatea. 1812an hasi zen praktika hau. Elbridge Gerry Massachusettseko gobernadore demokrata izan zen hauteskunde- barrutien mugak bere interesen alde eraldatu zituen lehena. Barrutietako bat hain zen irregularra, ezen arrabio edo salamandra forma zuela. Eta hortik dator izena. Gobernadorearen abizena eta salamander berba batu eta mugimendu elektoral berria jarri zuten martxan. Inoiz baino arduratuago sumatzen ditut New Yorkeko lagunak. Gerrymanderginga noraino ailegatzen ari den ikusita, uste dute Trumpek beste agintaldi bat lortzeko saiakera egingo duela. Steve Bannon bere aholkulari ohiak berriki elkarrizketa batean esan du Trumpek Etxe Zurian jarraitzeko plan bat dutela. Eta bien bitartean, “Trump 2028” eslogana duen txapela gorria jarri du Bulego Obalean. Bitxia da ustez munduko potentzia nagusia den herrialdean gertatzen ari dena. Hauteskunde- barrutiak eraldatzen ari dira, alderdien mesedetan. Herrialde gehienetan manipulazio elektorala litzatekeena legezkoa da Estatu Batuetan. «Gerrymandering» esaten zaio maniobra horri eta hamar urtean behin egin daiteke