7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Eko-katedralak

1970eko hamarkadan, Louis Guillaume Le Roy (1924-2012) «lorategi basati» ideiagatik egin zen ezaguna. Egun, artista errebelde eta «ecotect» izendaturiko hau berraurkitua izaten ari da. Landareen, animalien eta gizakien arteko elkarrekintza sortzailearen aldeko defentsak, artearen mugak zabaltzeaz gain, egungo pentsamendu ekologikoari aurrea hartu zion.

Landareek, animaliek eta pertsonek elkarrekin lan egiten jarraitzen dute Mildamen. Ekosistemaren konplexutasuna areagotzen da, intsektu, hegazti, anfibio eta beste animalia askorentzat habitat ezin hobea osatuz. (Minji Choi)

Lorategiaren historia bere forma, sinbolo eta promesen bidez zeharkatu ondoren, sail hau Louis Le Royren «eko-katedralari» begira amaituko da. Jardin mota hori ez du definitzen ezagutzen den estilo batek; arkitekturaren, paisaiaren eta denboraren arteko harremana erabat birdefinitzen duen estetika da.

Le Royk, 60ko hamarkada amaieran, denboran zehar jarraitu zuen esperimentu bat hasi zuen Mildamen, Herbehereetatik iparraldera. Bere eskuekin eta boluntarioen laguntzarekin eraikuntza-hondakinez osatutako lurraldea eraikitzen hasi zen, morterorik, makinarik eta aurrez definituriko planik gabe. Zabortegi batekin nahas zitekeena, egia esan, horma, pasarte, dorre eta plataformen koreografia konplexua da, non mineralak eta landareak etengabeko negoziazioan ari diren. Juntura irekiek aukera ematen dute likidoak instalatzeko, hezetasuna iragazteko, haizearekin batera iristen diren haziek tokia aurkitzeko. Natura ez da apaingarria, obraren egilea da.

Eko-katedrala deiturak, alde batetik, Le Royk lan egiteko erabili nahi zuen sare ekologikoa aipatzen du, eta, bestetik, Erdi Aroko katedralen denboraren esanahia berreskuratzen du, obra horiek ez baitzituzten bukatzeko asmoarekin hasi. Harentzat denbora proiektuaren beste aldagai bat da. Kontua ez da deriba naturalaren aurkako diseinua mantentzea, baizik eta bizitzak eta prozesu ekologikoek gizakiak hasitako obrarekin jarraitzea. Erabateko kontrolari uko egite hori, berez, konpromiso modua da, paisaia bat eraldatzen jarrai dezakeela onartzea, koherentziarik galdu gabe. Landareek, animaliek eta gizakiek modu baliokidean lan egiten duten lorategia da, aldez aurreko planik gabe eta energia libre batek mugituta.

Obraren erradikaltasunak, historikoki ordenatik, simetriatik edo paradisu egonkor baten ideiatik eraikitako europar lorategiaren tradizioa desafiatzen du. Gaur egungo lorategiak ere, naturalak direla aldarrikatzen dutenak ere, etengabeko mantentze-lanetan oinarritzen dira, aldaketaren aurka borrokatzeko. Eko-katedralak alderantzikatu egiten du logika hori; hemen aldaketa lehengaia da. Beste lorategi batzuentzat mehatxua dena -espontaneoa, desordena, kaosa- edertasunerako eta aniztasunerako aukera bihurtzen da.

Milaka tona hiri-soberakin berrerabiltzea ez da keinu ekologikoa soilik, adierazpen estetikoa ere bada. Hiriak baztertzen duenaren arrastoak ezabatu beharrean, Le Royk material noble gisa berrerabiltzen ditu, konplexutasun-espazioak eta ñabardurak sortzeko gai diren material gisa. Adreiluaren metaketa irregularrak nahi gabeko testurak eta patroiak sortzen ditu; prozesuaren estetika da, ez formarena, orbainak erakusten dituen paisaiarena. Eko-katedralean barrena sartzea denbora-esperientzia bat da, baina hondamendi klasiko bat ez bezala, hemen ez dago ezer amaituta, etengabeko berregitea gunearen bereizgarri da.

2012an Le Roy hil zenez geroztik, tokiko elkarteek lanean jarraitzen dute, obra mendeetan zehar garatzeko pentsatuta dagoela sinetsita. Belaunaldien arteko jarraitutasun horrek eko-katedrala kasu bitxi bihurtzen du, non arkitekturak ekologiaren eskala luzea bere gain hartzen duen.

Serie hau osatu duten lorategiek natura kontsidera daitekeenarekin erlazionatzeko modu desberdinak eskaintzen zituzten, baina Mildameko adibideak bestelako gerturatzea proposatzen du, natura agente gisa ikusten hasteko beharra azpimarratuz. Paisaia diseina daitekeela onartzea, bai, baina posizio apalago batetik, hots, hasieran lagunduz eta ez azken forma eman beharra sentituz.

Jasangarritasuna eslogan bihurtzeko arriskua dagoen une honetan, eko-katedralak benetako ekologiaren pazientzia erakutsi nahi du, sobran dagoenarekin eraikitzea, biziari tartea uztea, norberak hasitakoa denborak bukatzea. Hori dela eta, lorategi hau aurtengo ibilbiderako itxitura egokia da, lorategi garaikidea ez duelako estilo batek definitzen, aliantzak sortzeko zein ziurgabetasunak onartzeko lekua delako.