7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Jokabide kodea


Ama, Gorkak esan dit ‘pakete’ bat naizela ez dudalako gola sartu». «Aitorrek esan dit ez dudala inolako ekarpenik egiten futbol taldean». «Ander negarrez egon da, Ekhik esan diolako bere erruz galdu dugula partida». Nire semea egunero etortzen da ikastolatik halako komentarioekin. Ez dauka arazorik lagunekin, ez dauka arazorik notekin, baina futbolean jokatzen hasi orduko etortzen dira buruko minak. Irainak, keinu txarrak, mespretxuak. 9 urte baino ez dituzte eta euren partidetan ikusten dut nola jokatzen duten. Norbaitek huts egiten duenean, animatu ordez, errieta egiten dio taldekideak. Baloia langara botatzen duenari txarto begiratzen diote ustez lagunak direnek. Eta oso ohikoa da partida galdu eta umeak negarrez egotea. Errespetu falta ez ezik, enpatia falta itzela dago eta gurasook daukagu errurik handiena.

Futbolarekin eraldatu egiten gara. Partida irratitik entzutean, zoroen pare, oihuka hasten gara autoan: «Zoaz pikutara!», «nazka ematen duzue!». Eta San Mamesen edo Sadarren ere antzera: «Bi milioi euro kobratzen ari zara eta ez duzu ezertarako balio!», «arbitro kabroia!». Kirola kutsatu dugu. Harmailak tentsiogune bihurtu ditugu. Animo oihuak irainengatik aldatu ditugu. Eta hori ikusita, nola ez dute berdin jokatuko umeek!

Marra gorria zeharkatzen duten gurasoak ere badaude eta lantzean behin egunkarietan agertzen da dena delako eskolarteko partidan gurasoen arteko liskarrak egon direla. Edo aita batek arbitroa jipoitu duela. Auzo-lotsa sentitzen dut hori irakurtzen dudanean. Eskola-kirolaren helburua gozatzea da; ez, lehia sustatzea. Eskolarteko partidak, ez dira Championsa. Eta Messi bakarra da munduan, nahiz eta guraso askok uste duten euren semea edo alaba hurrengo izar estratosferikoa izango dela.

Eskola-kirolean dagoen giro nahasiaren aurrean, Bizkaian, “errespetua” dioten kartelak erakusten hasi dira partidetan. Eta pentsatzen ari dira datorren ikasturtean jokabide kode bat ezartzea. Entrenatzaileek ez ezik, gurasoek ere sinatu beharko dute jokabide kode hori, errespetuz, begirunez eta duintasunez jokatuko dutela adierazteko. Ondo iruditzen zait neurria, baina lotsagarria iruditzen zait honaino iritsi izana.