7K - zazpika astekaria
ARGAZKI ERREPORTAJEA

Kukuak kantatzen duenean

Euskal Herriko elezaharretan maiz agertzen da kukua: udaberriaren iragarletzat hartu izan da, baita dirua erakartzeko sinbolo gisa erabili ere -kukua entzutean poltsikoan txanpon bat zeukana, aberastuko zen seinale edo-, eta haurren kantutegian izen propio errepikatuenetako bat izan da.

Kuku eurasiar edo arruntaren emea. (Juan Luis Mugertza)

Kuku eurasiar arra hegan. (Juan Luis Mugertza)

Kuku errusiar arra zuhaixka batean pausatuta. (Juan Luis Mugertza)

Kuku eurasiar arra, pinu baten adarburuan, hegan egiteko prest. (Juan Luis Mugertza)

Kukua (Cuculus canorus) hegazti migratzailea da. Udaberria datorrela iragartzen du gure kukuak, eta euskal kondaira eta sineskerien ikurra da. Kukuaren lehen kantua entzuteak, dirua poltsikoan izanez gero, zorte ona zekarrela esan nahi zuen. Kukuak ez ditu bere kumeak hazten; beste txoritxo (txantxangorri, kaskabeltza...) batzuen habietan jartzen ditu arrautzak: “Kukuak txantxangorria inude”. Euskal Herriko zenbait lekutan horren harira badago uste bat, zeinak esaten duen egun, bizimodua dela, erosotasuna dela, bikote askok seme-alaba bakarra ekarri ohi dutela. Kukuak ere arrautza bakarra jarri ohi du auzokoaren habian. Beraz, seme-alaba bakarra ekarri duen bikote horrek kukuarena egin duela esan ohi da. Kukuak 12 edo 13 habiatan erruten du arrautza bana ezkutuka. Bere arrautza lagatzean, habian dagoen arrautzetako bat kentzen du, habiaren jabeak berea balitz bezala zaindu dezan. Kukuaren arrautza beste arrautzak baino azkarrago ernaltzen da. Izan ere, hamaika egun besterik ez ditu behar. Kukukumeak, jaiotzen denean, ondoan dituen arrautza guztiak habiatik botatzen ditu hegoak erabiliz. Ordurako txitaren bat jaiota baldin badago, hari ere mokoka eraso egingo dio habiatik bota arte.

Kuku emea enbor baten gainean. (Juan Luis Mugertza)

Kuku emea mokoan beldar bat duela. (Juan Luis Mugertza)

Kuku arrunt arra pinu baten puntan. (Juan Luis Mugertza)

Euskal kulturan zortearekin eta negu amaierarekin lotzen da hegazti hau, eta atsotitz eta uste asko dago bere inguruan: “Kukuak oker jo”, “Maiatzean kukuak kuku, diruz banitu bi zaku”, “Etorri da kukua, joan da negua”, “Kukua iristean, udaberria da; kukua oraindik iritsi ez bada, udaberria ez da hasi”... Hegazti hau entzutea erraza bada ere, ikustea oso zaila da. Basoko pinudi ilunetan izaten da, eta oso mesfidatia da. Horregatik esaten da «kukutu» (ostendu edo ezkutatu). Kukuak gure artera etortzeko sekulako lana hartzen du. Izan ere, negua Afrikako hegoaldean igarotzen du eta 9.000 kilometroko bidaia egin behar izaten du Europara heltzeko. Gainera, normalean, bide guztia gauez eta bakarrik egiten du. Martxo-apirilean heltzen da; maiatzean kantatzen du gehien, eta ekainean mutu gelditzen da: “Sanjoanetan kuku, sanpedrotan mutu”. Gure kuku arrunta gehienok oso ondo ezagutzen dugu, baina ezin dugu utzi aipatu gabe Euskal Herriko Nafarroako eskualdeetan dugun beste kuku bat, “kuku mottoduna”, alegia.

Kuku eurasiar bat hegan. (Juan Luis Mugertza)

Kuku eurasiar bat pausatuta. (Juan Luis Mugertza)

Kuku mottoduna (Clamator glandarius), Nafarroako hegoaldean. (Juan Luis Mugertza)

Kuku eurasiar arra, hegan. (Juan Luis Mugertza)