7K - zazpika astekaria
KIROLA

Sarkopenia, isilpeko etsaia

(Getty Images)

Kirolean pentsatzen dugunean, muskulu handietan eta markak hobetzeko jardunean pentsatzen dugu, baina badago isilean aurrera egiten duen prozesu bat: sarkopenia. Hain zuzen, adinarekin lotutako gihar masaren eta gihar indarraren galera da sarkopenia.

Hogeita hamar urtetatik aurrera, gorputzak gihar masaren %3-8 galtzen du hamarkada bakoitzeko, eta galera hori bizkortu egiten da 60 bete ostean. Hori ez da estatistika hutsa, egunerokoan eragiten du: indar gutxiago aulkitik altxatzean, erortzeko arrisku handiagoa, autonomia galera…. Baina, adinaren ondoriozko beste prozesu batzuekin ez bezala, sarkopenia moteldu edo partzialki leheneratu daiteke, betiere tresna egokiak erabiliz gero.

Farmakorik eraginkorrena ez da pilula bat, guztiok eskuragarri dugun ariketa fisikoa baizik. Fisiologiako ikerketek erakutsi dute erregularki pisua altxatzeak muskulu proteinaren sintesia estimulatzen duela, baita 80 urtetik gorako pertsonengan ere. Ez da beharrezkoa pisu oso altuak mugitzea, gorputzeko atal guztiak astean bizpahiru aldiz lantzearekin nahikoa da. Pisu libreko ariketak, makina gidatuak, goma elastikoak edo norberaren gorputz pisua erabil daitezke, eta hilabete gutxian aldaketak nabariak izaten dira.

Nutrizioak ere badu funtzio garrantzitsu bat sarkopeniaren tratamenduan. Proteina kontsumo egoki batek, egunean zehar ondo banatuta eta ez otordu bakar batean kontzentratuz, esfortzu baten ondoren muskulua berreraikitzen laguntzen du. Jarduera aerobikoari eta kalitatezko atsedenari gehituta, indar entrenamendua da gaur egun prebentziorako esku hartzerik osoena.

Horregatik, geroz eta entrenatzaile gehiagok diote gauza bera: inoiz ez da berandu hasteko. Ez dio axola inoiz gimnasioan ez ibili izanak; gorputzak, adina edozein dela ere, erantzuten du. Kirola ez da errendimendua bilatzeko ekintza soilik, medikuntza prebentiboa ere bada. Gaur gure gorputza zaintzen hastea biharko inbertsioa da: mugikortasunean, autonomian eta bizi kalitatean irabaztea. Sarkopenia isilean eta konturatu gabe doa aurrera, baina entrenamendu saio bakoitza hari aurre egiteko tresnarik onena da.