7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Kide berria


Mugikorra mahaian jarrita dago, lekua hartu du. Kide berri bat da. Espazioa emango diogu, esateko duena entzungo dugu nahiz eta hasitako elkarrizketa eten behar izan. Azken batean, mugikorrak ezin du beste modu batean parte hartu, ez daki zer den txanda itxarotea, ezin du. Norbaitek mezu bat bidali du edo norbaiti jakinarazpen bat heldu zaio. Hitz egiten ari zenak arnasa hartu du esatear zuen hitza irentsiz. Besteok zain gaude pantailatxoak dionari tartea eskainiz. Beharbada, ozen komentatzeko zerbait izango da: «Bilera ordua aldatu dute, barkatu joan beharra dut». Edota: «Traste honek mugitzeko esan dit! Hara, eseri berri gara eta!». Edo akaso: «Gero patatak ekarriko dituzu?».

Mezu aleatorioak dira, naturaltasunez ahozko elkarrizketan sartu ditugunak. Modu horretan, bileraren aldaketa gaitzetsi dugu taldean: «Beti gauza bera! Aizu, ez zaitez joan! Pertsonak gara, planak egiten ditugu, egin ditzakegu! Bizitza lana egitea baino gehiago da». Mugitzeko eskatzen duen gailuak ere errieta jaso du: «Mugitzeko bera! Trankil egoteko parada beharrezkoa da! Egunaren estresarekin nahikoa ez, eta gainera gastatutako kilokaloriak zenbatu behar al dituzu? Hobeto kendu aplikazio hori!». Eta azkeneko ideiari gehitu dizkiogu pare bat aholku: «Eta txokolatea! Aprobetxatu txitxarroa erosteko, eskaintza du Marialuisak!».

Horrela, mezuak hasierako elkarrizketan labaindu dira eta hasierako kontua hautsi egin dute; haria apurtuta, ez da erraza jakitea zertaz ari garen, baina hortxe gaude bata bestearen aurrean, bata besteari entzuten, agian pentsatuta genuena kontatu gabe, aukera galduta. Kontuak txarrera egin duelakoan nago: azkeneko lagunen arteko kafean, kide berriei tokia, dagoeneko, egina genien, mugikorrak mahaian zeuden, smartwatch-ak dar-dar batean eta gailuen argi hotz urdinaren pean lagunok edaria isilik edaten ari ginen, taldean sartutako kideei lagunduz; ez baita oso erraza ohiko lagun talde batean sudurra sartzea. Hortaz, atzamarrarekin kili-kili eginez pantailan, oharkabean, mezuren bat ozen botatzen genuen: «Pertsona honek dio online bileren ehuneko hamarrari baino ez zaiola kasurik egiten. Eta Hardvardeko titulua du». Edo: «Atzoko entrenamendua ikusita, gaur atseden egin beharko nuke, ibiltzearekin nahiko, 18.000 urrats ondo legoke». Zein: «Patatak berez hantura kontrakoak dira, baina dieta antiinflamatoriotik kentzen dituzte».

Mezuak airean lurrundu ziren, baieztapen keinuren batek-edo eman zien jarraipen eskasa. Izan ere, kide berriek badute esan nahi dutenaren ibilbide orria edo scroll infinitua, ez dute arretarik galduko kanpoko interferentziaren batek eraginda. Informazioa irmo barreiatzen da bidezidorretik zehar; berez, hitzak maneiatzen dituzte, baina ez elkarrizketak.