2015 URR. 25 IRITZIA Amamak MIREN AMURIZA Etxeko zapatila bi, zuraren gainean etzanda. Leotardo luzeak, negukoak, izterretan gora doazkio eta gonaren azpian ezkutatzen dira. Belaunburuen gainean pausatuta esku bi, zimur-zimurtuak. Beso argalak puntuzko jertseak estalirik, berdin bular laua eta sorbalda eroriak ere. Jertsearen lepoan alkandora zuri bat ageri zaio, gorengo botoiraino lotuta. Kokote nekatuak eusten dio kokotsari eta gainean ditu ia espresiorik bako ezpain mehe bi, irribarreari tiratzeko adina adore ez duten masail hondoratuen pentsura. Belarriak zintzilik, astun, ile-xerlo zurixken azpian ostenduta. Eta bat-batean begiak: nini beltz txikien bueltan eraztun grisak hedatu zaizkio eta kolorea jan diote irisari. Hantxe dago andrea besaulkian jarrita, isil-isilik ezerezari so. Bost film hauetarik edozeinetakoa izan zitekeen begirada abisal hori: “80 egunean” (2010), “Urte berri on, amona!” (2011), “Amaren eskuak” (2013), “Loreak” (2014) edo “Amama” (2015). Euskal zinemak gatazka politikoarekin edo literaturarekin izan duen harremana aztertu izan den legez, aintzat hartzeko moduko beste aldagai bat agertu da: azken urteotako ekoizpen entzutetsuenak adineko andreen bizipenetan oinarritutakoak dira. 1930eko hamarkadan jaiotako emakumeak eurak: gerraosteko alabak, baserriari eutsi ziotenak batzuk eta lantegietara jauzi egin zutenak besteak, trantsizioko emazteak, egungo amonak. Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren “80 egunean” beste jite batekoa den arren, deigarria iritzi nion gainontzeko filmek emakumeok antzera karakterizatu izanari: aura misteriotsuarekin, izaera maltzurrekoak edo erdi sorginak; batzuk hasieratik eta besteak aurrerago, baina menpekotasun egoeran laurak; mutu eta estatikoak, begirada abisaldunak. Ur sakonetan sartzea izango da agian, baina esango nuke belaunaldi batek aurrekoari (bereziki emakumeei) eginiko aitortza dagoela pelikula horien atzean eta ikusle moduan, emozio berdintsuak sentiarazi zizkidaten laurek: itomena, gurasoen ardura euren gain hartu behar duten seme-alabena; inpotentzia, begirada abisalak irakurri nahi eta ezina; eta beldurra, amaierari, ziklo aldaketari. Badu aitortzatik Izaro Glez. Ieregiren “81 amama” (2013) dokumentalak ere, amona-biloben arteko transmisioaz diharduena, baina kasu horretan oso bestelakoa da belaunaldien arteko harremanaren irakurketa; tartean beste belaunaldi bat izateak perspektiba askeagoa ematen diolako hainbaten. Oteizak zioen neolitoko cromlech-aren hutsunetik bere belaunaldira, laurogei amonako katea zegoela. Hutsunerik ez niretzat; Alizia untxiaren habiara nola, zulo oniriko batera erortzea lakoa baita zuoi, laurogeigarren belaunaldiari, begietara begiratzea. Euskal zinemak gatazka politikoarekin edo literaturarekin izan duen harremana aztertu izan den legez, aintzat hartzeko moduko beste aldagai bat agertu da: azken urteotako ekoizpen entzutetsuenak adineko andreen bizipenetan oinarritutakoak dira.