7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Hitz lauz


Eskoziako Alderdi Nazionalak, eskozieraz Scottish National Party esaten diotenak (SNP), kongresua egin du joan den asteburuan, maiatzeko hauteskundeak begi bistan dituztela. Nicola Sturgeonek, Alex Salmondi lekukoa hartuz alderdiko buruzagi nagusia eta Eskoziako lehen ministro denak, edo ministro nagusi, oso argi hitz egin die alderdikideei eta eskoziarrei. Hirugarren agintaldi bat lortu nahi du. Ordura arte independentziaren aldarrikapena indartsu mantendu behar dela uste du, eta hauteskunde horietatik aurrera, orain arte izandako lorpenei bultzada eman. Ozta-ozta irabazi zuten independentzia nahi ez zutenek herrialde hartan demokratikoki egindako erreferenduma, baina independentzia zaleek ez dute etsi. Ez dute amore eman. Galdeketa haren ostean, independentziaren aldarrikapena ozen zabaldu ostean, Erresuma Batuko hauteskunde orokorretan Eskoziari Westminsterreko parlamentuan dagozkion 29 eserlekuetatik 26 lortu zituen bere alderdiak. Sturgeonek esan zuen bezala, euren lorpenak ez du aurrekaririk Erresuma Batuko gaur egungo politikagintzan. Kontserbadore eta laboristak ia mapatik desagerrarazi zituen SNPk.

Erresuma Batuan kontserbadoreak eskuinerantz egiten ari dira etengabe, eta Jeremy Corbyn laboristen lider izendatu zutenetik, oso egoera zaila izan du bere alderdi barruan: urtetan boterean eta boteretik gertuen egon diren izen handiek ez baitute erraz onartu bere garaipena. Blair, Brown eta bere ingurukoak indartsu kontra izan arren, alderdiko hauteskundeak irabazi zituen, baina kudeaketa ez zaio erraza egiten ari: ez da erraza ezkerrera egitea, alderdi barruko botere faktikoak gainean dauzkazunean; baina ez da erraza ezkerrera ez egitea, zure jarraitzaile gehienek ezkerrera egitea nahi dutenean. Dena dela, maiatzean izango dute laboristek burua altxatzen hasi ote diren erakusteko lehen aukera: Eskozian beti izan dira indartsu, SNPk ia desagerrarazi zituen arte. Gauzak honela eta oraindik zazpi hilabete luze geratzen badira ere, Sturgeon andreak argi du independentzia aldarrikatu behar duela eta irabazi egin behar duela.

Honek guztiak, askoz ere lehenago diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ikusmiran jartzen gaitu. Bi hilabete barru izango dira hauteskunde horiek eta Hego Euskal Herritik kabalarik handienak nork irabaziko, nork edo nortzuek gobernatuko eta gobernatuko duten haiei zer eskatu beharko zaien ari dira alderdiak. Espainian, Erresuma Batuan bezala, bakoitzak ditu bere komeriak. Orain arte bi partiduren arteko kontua izan dena, lauren artekoa bilakatu daiteke. Historikoki agintearen alternantzia izan duten bi alderdiak kalkulagailua eskutan hartuta dabiltza kontuak ezin borobildu. Baina Espainian Euskal Herriak aurkituko du orain artekoa. Eta gainera esan egin dute. Ez dago sorpresarik. Oso eskergarri izango litzateke Sturgeonek eskoziarrei esan dien bezala, anabasa horretan ez dagoela aterabiderik, hemengo alderdiek ere Euskal Herrirako bidea zein den argi kontatzea herritarrei. Bide orri argi eta hitz lauz. Ulertzeko moduan.