2015 AZA. 15 IRITZIA Ponpeiaren itxura MADDALEN IRIARTE Ponpeia Sila Julio Zesarren emaztea izan zelako pasatu da historiara. Plutarkok kontatzen digunez, Antzinako Erroman izandako pasadizo batek eman zion bilatu gabeko protagonismoa Ponpeiari: Juliok dibortziatzea erabaki zuen gertaera haren ondoren. Ponpeiaren kontrako ezer ezin izan zuten frogatu, baina Julio Zesarren esaldia Mendebalde osoan ezaguna da azken bi mila urteetan: «Zesarren emazteak edozein susmoren gainetik egon behar du». Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren gaur egungo presidentea, Francisco Perez de los Cobos, PPko militantea izandakoa da. 2010ean aukeratu zuten auzitegi horretako kide, eta hilabete batzuk beranduagora arte, hilero ordaintzen zion PPri militante gisa zegokion kuota. Legea inoiz baino gehiago behartu eta interpretazio berri bat eginez, auzitegiko kideek Perez de los Cobosi kargu ez hartzea erabaki zuten. Logikoa da Auzitegi Konstituzionala aktualitatearen protagonista bilakatu izana, ikusirik Espainiak bizi duen krisi konstituzionala eta, oro har, antzeko jatorria izan duten krisietan Espainiak izan duen jokabidea: Filipinei edo Kubari erreparatu besterik ez dago. Politikarentzat tarte gutxi, edo batere ez; soluzio militarrak (azken finean, errepresioa) nahiago. Eta behin arbitroa izendatuta, eta arauak irakurrita (Espainiako Konstituzioa, alegia), are logikoagoa da Auzitegi Konstituzionalak zein erantzun emango duen aurreikustea. Espainiar nazioaren batasun deuseztaezinean oinarritzen da bertako Konstituzioa, eta nazio horixe da espainiar guztien aberri komun eta zatiezina (2. artikulua). Beraz, izan Euskal Herria gaia (Kontsulten legea, Ibarretxe plana), izan Katalunia (orain urtebeteko kontsulta, Parlamentuaren azken adierazpena), erantzuna beti izango da berdina: Espainia bakarra da, burujabetza espainiar nazioari dagokio, burujabetza ezin da zatitu eta abar. Alde horretatik, beraz, sorpresarik ez. Baina Espainiako Konstituzioak gauza gehiago ere esaten ditu. Esate baterako, hamalaugarren artikuluan, espainiar guztiak berdinak direla legearen aurrean eta ezingo dela inor diskriminatu. Eta buelta asko eman badizkiot ere, ezin dut ulertu nola litekeen, gai jakin batzuetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak formak ere ez gordetzea: bere web orria bisitatuz, ikusi dut normalean hilabeteak behar izaten dituela gai bat aztertuko duen edo ez erabakitzeko. Baina Euskal Herria edo Katalunia tartean direnean, Auzitegia prest dago errekurtso bat egunean bertan aztertu eta ebazteko. Di-da. Beraz, berdintasunarena ez da egia: errekurtsoa zeinek sinatzen duen kontuan hartzen dute; ez da berdina Mariano Rajoyren sinadura (edo Zapaterorena) eta babesa eskatzen duen herritar soil batena. Perez de los Cobosena beharbada ez, berak onartu zuelako PPko militantea izan zela, baina gainerako epaileen papera ulertzea benetan zaila egiten zait. Eta, noski, Ponpeia Sila datorkit berriro burura. Susmo guztien gainetik... esan omen zuen Zesarrek. Baina bada beste gauza bat, ulertzen are zailagoa. Nola litekeen, oraindik ere, baten batek konfiantza izatea. Erroman inozotzat hartuko zuketen. Ezin dut ulertu nola litekeen, gai jakin batzuetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak formak ere ez gordetzea: bere web orria bisitatuz, ikusi dut normalean hilabeteak behar izaten dituela gai bat aztertuko duen edo ez erabakitzeko. Baina Euskal Herria edo Katalunia tartean direnean... di-da.