7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Kazetaritza ez da bozgorailua


Obama presidenteak kargu hartu die Ameriketako Estatu Batuetako komunikabide nagusiei, hango hauteskunde kanpainan bete behar duten papera zorrotz bete dezaten. Hitz bitan, Obamak esan die komunikabideei ezin dutela amore eman; euren ardura dela hautagaiak eta hautagaien proposamenak goitik behera eta zorroztasunez ikertzea. Kazetaritzaren betebeharra dela herritarrei egia non dagoen bilatzen laguntzea. Ekidistantzia ez dela kazetaritza. Inpartzialtasuna ez dela hautagai guztiei tarte berbera eskaintzea, denak zorroztasun berberaz arakatzea baizik. Kazetaritzaren erantzukizuna dela baten bat gezurretan ari dela salatzea. Kazetaritza iritzi publiko libre baten bermea dela, ez mezuak zabaltzeko tresna soilik. Eta arrazoi du Obamak, nahiz eta Etxe Zurian egon den bitartean teoria eta praktika beti bat ez datozela erakutsi.

AEBetako kanpaina jarraitzen duzuenok konturatuko zineten hemen izaten ditugun kanpainekin zerikusi gutxi duela hangoak. Hautagaien bizitza publiko eta pribatua zein mailaraino ikertzen den; ikerketa soziologikoak zein mailaraino egiten diren (auzoz auzo, atez ate ia); hautagaien proposamenak noraino aztertzen diren (egingarriak diren, finantziaziorik izango ote duten...); ze jarrera izan dituzten hautagaiek iraganean gai korapilatsuenetan... Egia esan, inbidia emateko modukoa da AEBetako presidentetzarako kanpaina, baina ez dago arriskuz kanpo: komunikabide nagusiek inoiz ez dute serio hartu Donald Trump; analista politiko errespetatuenek esaten zuten errepublikanoek ez zutela inoiz hautagai gisa onartuko; Hillary Clinton derrigorrean izango omen zen demokraten hautagaia; Sanders senataria anekdota hutsa omen zen...

Gatozen orain Euskal Herrira. Kanpainaz kanpaina ibiliko gara datozen hilabeteetan. Espainiako Gorteak lehenengo, Hegoaldean; Eusko Legebiltzarra ondoren, EAEn; Frantziako presidentzialak ondoren, Iparraldean; Frantziako parlamentua beranduxeago eta, batek daki, agian tartean berriro Espainiako Gorteetarako ordezkariak hautatu beharrean.

Euskal kazetaritza AEBetakoarengandik oso urrun ibiliko da herritarrei kanpaina horien berri ematean. Inork ez ditu auzitan jarriko komunikabide publikoetan legeak agintzen dituen arauak, gehienak interes informatiboaren kontrakoak; debateak ez dituzte kazetariek antolatuko, hautagaien aholkulariek baizik, inork ez dezan aparteko larririk pasatu; proposamen berri edo polemiko baten aurrean, ikerketa serio baten ordez, kontrakoei emango zaie hitza, horrekin dena konponduko balitz bezala; zorroztasuna ekidistantziarekin nahastuko da, inpartzialtasuna kronometroarekin; kazetaritza megafoniarekin. Eta hautagairen batek gure planeta laua dela esaten badu? Ondoko hautagaiari emango diogu hitza, karratua dela esan dezan! Eta bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

Kazetaritza ez da bozgorailu bat. Eta inoiz baino gutxiago hauteskunde kanpaina batean. Eta panorama etsigarria izanik ere, ezin da etsi. Horixe nahi lukete!