2016 EKA. 12 IRITZIA Desberdintasuna amagoia mujika Telebistaren aurrean erdi lo erdi esna nagoela, belarriak tentetu zaizkit. Luxuzko ezkontzen inguruan ari dira, aberatsek dirutza zein erraz eta zein tonto gastatzen duten deskribatzen. Hogeita gutxi urteko bikote batekin ari dira; biek dituzte goi mailako ikasketak eta ezkondu ondoren «hirugarren munduko» hiri batera omen doaz bizitzera, daukaten aberastasunarekin han patxadaz eta luxuz biziko direla irribarrez esanez. Kazetariak, orduan, herrialde horretan dauden desberdintasun sozialen inguruan galdetu die. Ez dute galdera ulertu eta iruditu zait hitz hori entzuten duten lehen aldia dela. «Zein desberdintasuni buruz ari zara? Itxura desberdina dugula guk eta hangoek?». Eta ni gero eta tenteago, sofatik erne. Kazetariak bere galderaren norabidea azaldu die eta bata besteari begira geratu dira bikote gazte tentela. «Tira, gu bizi garen inguruan ez da desberdintasunik ikusten. Toki lasaia da». Eta ikusten ez dena ez da existitzen, ezta? Eta duela egun batzuk baroisa espainola ezagun eta plastikozko batek esandakoarekin akordatu naiz: «Aberatsa izatea oso zaila da, ardura handia dakar». Sare sozialetan alde guztietatik eman diote, gutxitxo nire iritzirako. Izan ere, zeinek ikusten du desberdintasuna? Behean dagoenak ikusi eta sufritu egiten du, zanpatua dagoela bizirauten saiatzen baita. Goian dagoenak, ordea, ez du ikusten, normalean ez duelako behera begiratzeko ohiturarik eta premiarik. Zapaldu, zer edo zein zapaltzen duzun begiratu gabe, badaezpada, barrengo harrik sor ez dadin. Gizarte parekideagoa eraikitzeko –berdin sozioekonomikoki eta berdin generoari dagokionez–, batzuek dituzten pribilegio zenbait utzi egin behar dituzte, batzuek zeozer galdu behar dute. Eta hori, nonbait, ez dago boladan. Halako trajerik ez da ikusten aberatsek bitxirik distiratsuenak eta takoidun zapata zorrotzenak aukeratzen dituzten pasareletan. Baina, hain urrutira joan gabe, inguruan begiratu eta desberdintasun sozialen kontrako borrokak ez zaizkit hain bistakoak iruditzen. Premia larria duenak nahiko lan izan ohi du egunari aurre egiten. Eta aberatsa izan gabe premia handirik gabe bizi denak bestelako borroketan gastatzen du normalean energia. Izan ere, denei ematen digu bertigo pixka bat beheko eskaileran dagoenari begiratzea, bihar-etzi gu hortxe egon gaitezkeela dakigulako akaso. Politikan omen dabiltzan haize berriek urduri eta letxe txarrean jartzen dituzte urteetan eta hamarkadetan agintetik hurbil ibili direnak. Luxuzko ezkontzetara joaten direnak. Orain agintean dauden batzuk ez baitaude beren telefono zenbakien zerrendan. Bada garaia inongo zerrendatan agertzen ez diren herritarren neurriko herria eraikitzen hasteko. Zeinek ikusten du desberdintasuna? Behean dagoenak ikusi eta sufritu egiten du, zanpatua dagoela bizirauten saiatzen baita. Goian dagoenak, ordea, ez du ikusten, normalean ez duelako behera begiratzeko ohiturarik eta premiarik. Zapaldu, zer edo zein zapaltzen duzun begiratu gabe, badaezpada, barrengo harrik sor ez dadin.