2016 UZT. 10 futbola, larrua eta haria Chichihualco, baloiaren jiran bizi den herria Futbolzaleek hitzordu garrantzitsua dute gaur iluntzean, Eurokopako finala jokatuko baita. Askok ez diote begirik kenduko baloiari. Hari begira bizi dira urte osoan Chichihualcoko (Mexiko) bizilagunak; herritar asko baloigintzaren tradizioari eusten saiatzen dira, baina txinatarren produktuen lehiak eta narkotrafikoak gero eta nekezagoa egiten dute ahalegina. Yemeli Ortega {{^data.noClicksRemaining}} Artikulu hau irakurtzeko erregistratu doan edo harpidetu Dagoeneko erregistratuta edo harpideduna? Saioa hasi ERREGISTRATU IRAKURTZEKO {{/data.noClicksRemaining}} {{#data.noClicksRemaining}} Klikik gabe gelditu zara Harpidetu {{/data.noClicksRemaining}} Orratza modu finean barneratzen du baloia osatuko duten binilo zatietako bakoitzean. 72 urte ditu eta Chichihualcoko herritar gehienek bezala, kolore biziko baloiak egitetik ateratzen duen diruarekin bizirauten du Virginiak. Gurasoengatik ikasi zuen ofizioa eta orain bere bilobei erakusten die, eskolatik itzulitakoan sos batzuk lortzeko jos dezaten. Mexiko hegoaldean dagoen Guerrero estatuko herri honetako kale malkartsuetan eguneko edozein ordutan topa daiteke norbait baloiak josten, herriko ohiko irudia bilakatu da, kaleko hormetan ere baloiak daude marraztuta han eta hemen, herri honek futbolarekiko duen tradizioaren adierazle. Emakume talde bat, esaterako, egunero batzen da herriko plazan elkarrizketa bizian barneratu eta baloiak josteko; alkandora jantzi gabe duen gizon batek nahiago du kalean, zuhaitz baten itzalpean, lanean aritzea. Bien bitartean, haurdun dagoen emakume bat etxeko sukaldean ari da; bere tripa handiarekin zailtasunak ditu hariari tira egiteko, baina sei urteko ilobak banan-banan gerturatzen dizkio josi behar dituen oihal zatiak eta horrek lana errazten dio. Tenperatura altu eta etxe ezegonkorreko herri hau eskuz egiten dituzten futbol baloi ezagunei esker bizi da. Orain dela ez urte asko, negozioaren sasoi hoberenetan, Mexikoko lehen mailako taldeek eta herrialdeko selekzioko jokalariek erabiltzen zituzten herri honetan egindako baloiak. Baina Asiako lehiakideek, narkotrafikoak edota AEBetarako emigrazioak eraldatu egin dute baloi hauen merkatua eta egun ohiko azoka txikietan topa daitezke. Amerikako Kopa jokatu berri duen Mexikoko selekzioak ere nahiago izan du Adidas markako baloiekin entrenatu. Egoera makala izanagatik ere eta lehen adina dirurik ematen ez duen arren, Chichihualcon bizi diren 25.000 biztanleetako askok gogor eusten diote baloiak egiteko tradizioari. «Hemen guztiok josten ditugu baloiak: gizonak, emakumeak, haurrak... nire senarrak ere bai! Ez dago beste lanik», azaldu du Virginia Ramirezek, egurrez egindako bere etxean albaintzen ari den bitartean. Emakume honek 17 urte zituenetik josten du eta puntadaz puntada eskuetako atzamarrak erabat gogortuak ditu jada. Ez du behar, beraz, orratzen ziztadez edota hariak eragin dezakeen erredurez babesteko titarerik eta inolako babesik gabe egiten du lan. Materialen aldaketak lagundu du horretan halaber; egun material sintetikoak baliatzen dituzte eta lehen erabiltzen ziren larru zatiak baino malguagoak dira josteko. Aurpegi guztia zimurtzen dion irribarre batekin, egunean bost baloi josteko gai dela dio. Marka egiten du. Urteek eskarmentua eman dute eta horren araberakoa da baloia josten eman behar den denbora. Batzuek besteek baino azkarrago egiten badute ere, batez besteko bi ordu inguru behar dira, larru zati guztiak elkartzeko. Lan handia trukean soilik hamar peso (0,49 euro) jasotzeko. «Oso pobreak gara, apenas dugun gatzik edo babarrunik», kexatu da. Urte oparoak bizi osteko gainbehera. Chichihualcoko baloiek 1960. urtean hartu zuten sona. Orduan 70 lantegi zabaldu zituzten eta baloiek herriko ekonomia bueltaka jarri zuten. Gaur egun, ordea, hamabost lantegi baino ez daude martxan, eta hilabetean gutxi gorabehera 15.000 baloi ekoizten dituzte. Asko dira, baina orain dela 40 urte 60.000 egiten zituzten, herriko alkate Alfredo Alarconek dioen moduan. Bera ere baloiak egiten dituen lantegi baten jabe da. Tailer hauetan baloiak egiteko behar diren larru zatiak moztu eta tindatzeko beharrezkoa den makineria dute. Horiek herritarrek josten dituzte etxean, berriz ere lantegira bidali aurretik. Bertan baloiak puztu egiten dituzte eta azken ukituak eman, merkatura behar bezala irits daitezen. Chichihualcon tailerra zabaldu zuen lehena da Alberto Morales. Astean 1.200 baloi ekoizten ditu gaur egun eta horietako bakoitza gainbegiratzen du ea ondo amaitua dagoen jakiteko. Gorri biziz, beltz distiratsuz edota berde horixkaz margotzen ditu Don Beto izenarekin merkaturatzen diren baloiak. Bakoitza hiru eta bost dolar artean (2,7 eta 4,5 euro) salduko du eta ale bakoitzeko zortzi zentimoko irabazia lortuko du. Aurrera egiteko adina diru irabazten badu ere, faltan botatzen ditu aurreko garaiak, baloi merkeagoak egiten dituzten Txinako eta Pakistango enpresak iritsi aurrekoak, hain zuzen ere. «Ez aurrera eta ez atzera gaude. Ezin dugu gehiago ekoitzi, ez dugulako ez materialean ez tresnerian inbertitzeko adina diru irabazirik», ohartarazi du. «Munduko edozein lekutan egindako baloiekin lehiatzeko gaitasuna dugu. Gure baloiak erabat esferikoak dira, eskuz josiak; Txinan egindakoak, berriz, ostikada emandakoan edozein tokitara joan daitezke», nabarmendu du, Tigra taldeko jarraitzaileentzat eskatutako 200 baloietako bat eskuan hartuta. Chichihualcoko familia hainbat baloigintzari esker bizi diren arren, gero eta jende gutxiagok onartzen du horren lan gogorra hamar pesoren truke, batez ere marihuana eta mitxoletaren laborantza eta trafikorako hain oparo den eremuan. «Jende askok jada ez du josi nahi, nahiago du mitxoleta erein. Gehiago irabazten du», azaldu Arturo Alarcon alkateak; bi anaiekin batera kolore biziko baloiak egiten ditu, elkarrekin sortua duten lantegian. Narkotrafikoa eta emigrazioa. Gerreroko hainbat gunetan bezala, Chichihualco kartelen menpe dago. Herritarrei presio egiten diete narkotrafikoan has daitezen eta euren artean liskar gogorrak izaten dituzte. Abenduan, esaterako, hamazazpi gorpu topatu zituzten sakan batean. Alarconen iritziz, AEBetara herritarrak joan izanak ere eragina du jostun kopuruan: «%70ek herria utzi dute eta AEBetara joan dira, eta bertatik dirua bidaltzen dute». Lan eskurik gabe geratu zirela ikusita, enpresari txiki hauek mendian galdutako herrietako bizilagunengana jo zuten baloiak jos zitzaten. Herrian bertan dagoen kartzelako presoak ere hasi dira arlo honetan lanean; espetxera astero 5.000 baloi bidaltzen dituzte josteko. «Mutilek gogoa jartzen dute eta gauza txarretan ez pentsatzeko balio die lan hau egiteak», aipatu du 53 urteko gizon honek, Spidermanen marrazkia edota «FIFA World Cup Brasil» hitzak dituzten baloien artean eserita. Bertako agintariek ematen dituzten datuen arabera, gaur egun herriko 40 familiak lan egiten dute baloiak josten eta beste 200 batek egiten dute inguruko mendi eremuetan. «Hamar peso jositako baloi bakoitzeko, ez da asko, ezta?», aipatu du Erasmo Floresek. 43 urteko laborari eta musikaria, 6 urte zituenetik ari da ia etenik gabe lan honetan. «Ezta bazkaria egiteko ere ez da osatzen diru honekin. Jainkoak ematen diguna baino ez dut jaten», nabarmendu du, etxeko ataria eusten duen zuhaitzak eskaintzen dion itzalaren babesean eguneko bigarren baloia osatzen duen bitartean.