2016 UZT. 24 IRITZIA Zulo beltza MADDALEN IRIARTE Badakit oso zaila dela irenstea, kamioi batek ia ehun pertsona hil ondoren –tartean haur asko hil ondoren– antzeko ekintza, gertakari eta erasoei aurre egiteko ia edozein neurri hartzea ez dela zilegi esatea. Nire herriko Kontxako pasealekua datorkit burura behin eta berriz, abuztuko jaietan, su artifizialak hasi baino minutu batzuk lehenagotik haiek amaitu eta Donostian hain ohikoa den izozkia erostera joan arte. Bulebarrean eta Hernani kalean zezensuzkoak biltzen duen jende andana darabilt buruan egun hauetan, han kamioi batek sor dezakeen sarraskia. Gutxi behar da sekulako mina sortzeko eta Nizako irudiak behin eta berriz ekarri ditut Donostiara. Baina berdin Bilbon edo udako gauetan jende multzoa bilduko duten Euskal Herriko ehunka herritan ere. Beste ariketa bat ere egin dut, gordinagoa, mingarriagoa: gure seme-alaba, iloba, lagunak izan balira hildakoak, zer esango nukeen galdetu diot neure buruari. Izan ere, urrutiko gertakariak, ezagutzen ez ditugun hildakoak, telebistak eskaini arren nahi izanez gero begiak itxi eta gertatu dena ez ikusteko aukera izateak, beste hoztasun batez ikusteko aukera ematen digu edozein izugarrikeria. Eta gainera hemen, gurean, etxean ez dela gertatuko pentsatzearekin kontsolatzen gara edo irauten dugu bizirik. Hau guztia Europan gertatzen ari diren eraso larrien aurrean; zeresanik ez Sirian, Iraken edo Afrikan egunero gertatzen diren antzeko sarraski eta hildakoez. Haiek… haiek urrutiago daude, haiek ia ez dira gertatzen guretzat. Baina Nizako gertakariek, Frantzia azken hilabeteetan sufritzen ari den beste hainbatek, edo Bruselakoek edo Espainiakoek 2004. urtean eta aipaturiko gainerakoek, aspaldian hoztasunez, zorroztasunez, agintariak beste erabaki batzuk hartzera bultzatu behar zituzten eta, odola isuri berritan esaten diren esaldi handietatik harago, ez da sakoneko neurririk hartzen. Frantziak dagoeneko agortu ditu legeen barruan halakoei aurre egiteko neurriak eta argi dagoena da, ez duela lortu ezer ekiditerik eta gainera populismoa, ultraeskuina, xenofobia eta mendekuzko jarrerak hazten ari direla, norgehiagoka ero batean. Marine LePen-ek «islamiar erradikalak» Frantziatik bidali nahi ditu eta gogor eraso du Hollanderen gobernua hori egitera behartu nahian. Haiek identifikatu, zerrendatu eta bidaliz gero ere, frantziarrak dira horietako asko. Nora bidali behar dituzte? Euren herritik kanpora? Ezinezko lana da hori, jendea, mina sentitzen duena, muturrera eramateko balio duena. Europa ultraeskuinerantz doa oso era arriskutsu eta beldurgarrian. Honek ze talka ekar dezakeen ez dut uste inor neurtzen hasi denik. Argi dagoena da urte luzetan gestatzen joan diren arazoei muzin egin zaiela, beste alde batera begiratu zaiela, urrutiko hildakoak ez zaizkigula axola, urrutiagokoak gutxiago eta hitz potolo eta mehatxu handiek ez dakartela konponbiderik. Arazoa handitzen ari da, sakontzen, eta ildo berriak zabaltzen ari dira, benetan beldurgarriak. Nire herriko Kontxako pasealekua datorkit burura behin eta berriz, abuztuko jaietan, su artifizialak hasi baino minutu batzuk lehenagotik haiek amaitu eta Donostian hain ohikoa den izozkia erostera joan arte. Zezensuzkoak biltzen duen jende andana darabilt buruan, han kamioi batek sor lezakeen sarraskiaz.