7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Obramenduak


Herri eta hiriguneetako fauna ugaldu egin dela iruditzen zait. Txakurrena, esate baterako. Etxetik irteeran, goizean lanerako orduetan edo ilunabar-gauekoetan, auzoan ikusten ditut txakurrak, txakur asko, handiak eta txikiak, jantzita edo biluzik, batzuetan banaka, inoiz biren edo hiruren artean etxeko nagusi gazte edo zaharragoa trailan daramatela, parke edo zelaigunera txiza edo kaka egitera doazenean. Eta egiten dute kaka eta txiza txakurrek. Ez nago txakurrek kaka egitearen aurka; egiten dugu guk, eta egin dezatela beraiek ere larria dutenean.

Lorategian, parke modukoetan, kale kantoian, espaloian eta espaloi ondoko zelaiguneetan egiten dute, batzuetan lodi, besteetan zirin, beti erruz. Eta ez nago txakurrek leku horietan guztietan kaka egitearen aurka ere. Ernegatzen nauena da txakurrek libre izatea eta haien etxeko jabeek eta gutako edonork debekatuta edukitzea parkean, kale kantoian, zuhaitz ondoan txiza edo kaka egitea. Saiatzen naiz ulertzen guk baditugula horretarako leku espezifikoak etxean, tabernan, nonahi, eta ez dagoela modurik txakurrak horretara jartzeko beraien sentimendu naturalenak bihurritu gabe, edo komun aproposak asmatu gabe. Jakinean nago, bestalde, eta ikusi izan dut haien obramendua poltsatxoan jaso eta zaborretara botatzen aritzen direla txakurrei jarraika joaten diren emakume edo gizonezko batzuk. Baina zalantza daukat hori ez ote den animaliarentzat bere joera naturalen aurkako esku-hartze umiliagarria, egindako lekuan uzteko eta ez inork maneiatzeko egin baitu txakurrak egin duen hori. Dena dela, zuhurregi erreparatu gabe ere ikus dezakezu espaloietan eta espaloi ondoko zelaiguneetan jaso gabe geratzen dela txakur kaka asko, abereari umiliaziorik ez eragitearren bertan utzita seguru asko.

Eta bazoaz behar ez den lekura begira eta bete-betean zapaltzen duzu mokordo bat, edo langileak etortzen dira desbrozadorarekin parke eta espaloi ondoko zelaiguneetako belarrak ebatera, eta tresna horrek badu dohaina harrapatzen duen guztia zipriztintzekoa. Eta zuk hortxe aparkatzen duzun autoa hartzera zoazenean, geruza berri pinportadun usaintsu bat emanda aurkitzen duzu.

Eta horren aurka ere ez nago; egotez ez nago ia ezeren aurka. Baina ernegatzen nau txakurrek libre duten lekuetan guretzat debekatua ez ezik gaizki ikusia ere egotea geure larriak nasaitu eta obramenduak egitea.

Zer diozu, Eltzikorta, parkerik eta zelaigunerik ez daukazuen eremu horretatik? Horma ondoko arrakalan ipomeak badaude, gutxienez?