7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Kantoien logika!


Ume ginenean, umeago, gurasoek gaur bezalako igandeetan egunkaria erostera bidaltzen gintuzten. Aitak «periodista» esaten zion “Egin” gogoangarria saltzen zigun gizonari. Logikoa, periodikoak saltzen dituenari «periodista» deitzea, ezta? Gizon handia zen, herrena eta bizarduna. Gabonen bueltan zalantzak izaten nituen, gizon hori Olentzero ote zen. Umearen logika. Mandatua egiteko dirua aitaren diru-zorrotik hartzen genuen. Amak kontuz ibiltzeko esaten zigun, “Egin”-i «izparringia» esaten zion bitartean, logikoa hizkuntza sabindarra eta kaleko beldurrak nahastea, ezta?

Duela egun gutxira arte nik ere kalean erosten nituen egunkariak, bizi garen kaleko izkinan, hain justu. Baina egun batetik bestera, azal eta titular beldurgarrien artean, kazeta saltzailea desagertu egin da. Eta betirako, tamalez. Kaleko izkina batean egunkari eta aldizkari gutxi batzuk saltzeak ez du bizitzeko lain ematen. Argitaratzeak asko kostata ematen badu, saltzeak are okerrago izan behar du. Logikoa, ezta? Hil zaizkigun lagunak bezala, kaleko izkinaren bueltan ikusi dituzula iruditzen zaizun une horretan bezala, oraindik goizero gure kale kantoian egunkari saltzailea ikusten dut, baina ez dago, nire irudimenaren logika da.

Ez luke, baina, horren logiko izan behar goizero kaleko izkina horrela ikustea, hutsik. Baina, antza denez, berriz ere oker nabil, gure karriketako logika hori baita, hutsa, hustasuna, ezereza. Agintariak pozik egongo dira, ura tutu malguetatik goizero botaz izkina garbi dutelako orain. Bihartik aurrera beharbada egunsenti berri bakoitzarekin lotan dagoen norbait esnatuko dute, gero eta kotizatuagoak baitira gure kaleetan lo egiteko izkina goxoak. Edo beste modu batean goxotuko dute kaleko izkina; erosi eta botatzeko luxu eskuragarria eskaintzen duen eskapareteren bat jar dezakete, izan ogi, zein arropa, zein foodie. Tira, logikoa, ezta? Konpultsiboki kontsumitzen diren produktuak egunkariak bezala egun batetik bestera botatzen baitira.

Ez da gaurko kontua, Euskodisney batean bezala, gure karriketako izkinen goxotzea eta borobiltzearen bilakaera. Egunkariak goxokiekin batera saltzera kondenatuta dauden garaian, ohartu gabe dena borobildu eta goxotuz doa. Horrela, pipak edo palomitak jaten ditugun bitartean, kaleetako gertaerak etxean deskargatzen ditugun filmekin nahasten ditugu. Komisaria batean polizien esku hiltzen den senegaldarraren afera, Denzel Washingtonen azken Oscarra jasotako istorioarekin nahasten dugu. Altsasuko gertaera surrealista, Europa iparraldeko pelikula fin horietakoa bihurtzen da eta Donald Trumpen boterealdia animaziozko film ankerra. Logika honi jarraituz, kalean albisterik ez dago, pantailetan baizik. Pornografia bezala, soilik pantailetan gertatzen dira giza komeriak osatzen dituzten eguneroko tragediak. Logikoa, ezta? Pantailetan kontatzen dizkiguten gezurrek kalean gertatzen diren egiak ezkutatzen dizkigute. Logika petral horrek gure minak ikusezin diren kantoian egotera kondenatu ditu.