2016 ABEN. 11 adrift proiektua Zabor-biltzaile ESPAZIALAK 50eko hamarkadan, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak “Sputnik 1” aitzindaria jaurti zuenetik nazio desberdinek orbitan jarri dituzten satelite eta objektu artifizialen kopuruan hazkunde esponentziala nabaritu da. Baina, zaharkitu ondoren, zer gertatzen zaio tresneria horri? Espazioko esplorazioan erabilitako lanabesak Lurraren inguruan orbitatzen dabilen zabor espazial bihurtu da. Eta orain arte bilakatu nahi dute. Azken eguneraketa: 2016 ABEN. 14 - 17:01h Marian Azkarate Gure planetaren inguruan orbitatzen ari den zabor espaziala garbitzea ez omen da erraza, ez behintzat gaur egun ditugun baliabideekin, baina dagoeneko inolako erabilgarritasunik ez daukaten objektu hauek sor ditzaketen arazoez jabetu gaitezen lagungarria izango den proiektu bat jarriko da aurki martxan. Adrift dauka izena, Britainia Handia du jaioterri eta Interneten hazkuntza sarea, artea eta zientzia elkartzea du xede. Cath Le Couteur eta Nick Ryan artistek asmatu dute ekimena eta laster Interneten jarraitu ahal izango da projectadrift.co.uk helbidean, baita Londreseko Hackney House galerian ere datorren urtarriletik aurrera. Hamarkada hauetan espaziora jaurti diren satelite eta objektu artifizialei esker inoiz ez bezalako aurrerapen zientifikoa lortu da, beste planeten esplorazioa errazteaz gain, gureari buruz daukagun ezagueran sakontzeko baliabideak eman dizkigutelako. Onurak ukaezinak dira, baina gaur egun oraindik konpondu gabeko arazo bat sortu dute: Lurretik gertuko orbitetan dauden objektu guztiek iraungitze-data dutenez, egun hori iristean, espazioratu dituzten enpresa edo erakunde nazioartekoek deskonektatu egiten dituzte... eta akabo, han gelditzen dira inork behar ez duen txatar zati bihurtuta. Politika honen erruz, espazio-ontzien zatiz, satelite puskez eta mota guztietako objektu artifizialez osatutako hondakin multzo batez inguratuta dago gure planeta. 2013an, esaterako, eta NASAren datuen arabera, neurri desberdinetako 100 milioi pieza inguru zeuden gure orbitan, horietako 27.000k 10 zentimetroko neurria zutelarik. Orbitak, erabilezinak? Zakar zati horiek espazioan egongo balira, besterik gabe, «ezer egin gabe» bezala, ez legoke arazorik, baina grabitazio-eremuak eragina du horiengan eta, zoritxarrez, abiadura handia har dezake: 6 eta 10 kilometro segundoko. Beraz, kontrolik gabeko zakar geruza bat sortzen ari gara. Adibidez, 2011. urtean, “Kosmos-2251”-ren hondakinak ISS Nazioarteko Espazio Estaziotik 250 metrora pasatu ziren, eta estazioaren segurtasuna arrisku bizian jarri zuten. Handik hiru urtera antzeko egoera pairatu zuten estazio bereko sei astronautek. Gainera, Donald J. Kessler NASA agentziako kolaboratzailearen iragarpenaren arabera, Lurraren beheko orbitako zakarrek «domino efektua» jasango dute; hau da, zakar zati horiek, batak besterekin talka egin ostean, zakar gehiago sortuko lukete eta, denboraren poderioz, Lurraren beheko orbita –planetatik 600 eta 1.000 km artean– erabilezin geldituko litzateke. Beraz, ezer egiten ez bada bederen, etorkizunean ezinezkoa izango zaie satelite gehiago orbitan jartzea, edo behintzat, oso zaila izango da objektu berriak espazioratzea zikintasun horrekin guztiarekin jo gabe. Txatarra zati bat «adoptatu» ezazu. «Inoiz ez nuen gai honetan erreparatu, baina orain dela bi urte Piers Sellers astronauta eta meteorologoaren istorioa irakurri nuen. Berak espatula bat galdu zuen 2006an, misio espazial batean –dio Cath Le Couteur zinemagileak–. Oso bitxia iruditu zitzaidan: sukaldeko tresna bat Lurraren inguruan orbitatzen, milaka kilometroko abiaduran». Bueno, sukaldeko tresna baino, “Discovery” espazio-ontziaren kanpoaldea konpontzeko erabiltzen ari zen espatula bat zen Sellersek galdu zuena. Irudia, dena den, dibertigarria da eta akuilu izan zen Le Couteurrentzat, Nick Ryan soinu-teknikariarekin batera, Adrift proiektua gauzatzeko. «Gure asmoa zera da, espazioko gai ezezagun hau azaleratzea eta, era berean, erakustea kosmosaren esplorazioan zein neurrirainoko arazo larriak sor ditzaketen zakar zati horiek guztiak», egilearen beraren hitzetan. Proiektua hiru ataletan banatu dute: dokumental bat (“Watch”, edo Begiratu), esperientzia interaktibo bat (Adoptatu) eta soinu-instalazio bat (Entzun). “Watch” film laburrari dagokionez, edertasunaren eta arriskuaren arteko mugaren inguruko hausnarketa dela esan daiteke. Sellersen espatularen istorioa eta Txileko behatokia –munduko hiriburu astronomikotzat jotzen dute Txile– abiapuntu harturik, hainbat adibide batu dituzte. Zakar espazialak atmosferan erre, Lurrera erori edo urte luzez orbitatzen gera daitezke. Azken aukera honen adibidea Vanguard dugu, hor goian dagoen txatar espazialik zaharrena. Eguzkiaren energiarekin espazioratu zen lehen satelitea izan zen “Vanguard”, 1958. urtean jaurti baitzuten gure orbitara... eta orain, proiektu honi esker, ez da hain bakarrik sentituko, Twitterreko kontu bati esker, «adoptatu» egin dezakegulako, bera baita proiektu honen bigarren atalerako (Adoptatu izenekoa) aukeratutako hiru zabor pusketako bat: Vanguard bera (@VanguardAdrift), Suisat (@SuisatAdrift) eta Fengyun (@FengyunAdritf). Suisat kontua 2006tik espazioan orbitatzen dagoen errusiar traje espazial bati dagokio eta Fengyun urtebete beranduago izen bereko txinatar satelite klimatikoaren eztandan sortutako 150.000 zatietako pusketatxo bat da. Twitterren bidez jarraitu ahal izango ditugu zati hauei buruzkoak: beraien kokapena, abiadura eta izango dituzten «bizipenak». Espaziotik datorren musika. Proiektuaren hirugarren atalari dagokionez, Entzun izenekoa, “Machine 9” izeneko makina da ardatza, Nick Ryan-en asmazio bat. Musika makina hau, funtsean, zilindro formako fonografo erraldoia da, eta espazioko zakar puska horien mugimenduak soinu bihurtzen ditu denbora errealean. Bi metroko luzera duen zilindroa 1.500 zuloz osatuta dago, azal lakatu batekin itxita. Zulo bakoitza zabor espazial horren puska bati dagokio eta, zati horrek planetaren inguruan orbitatzen doan heinean eragiten duen mugimendua audio bihurtzen du orratz mekaniko baten bidez... eta musika pieza berezi eta bakarra sortzen da. Makina honen asmatzaileari espazioan dagoen isiltasunak egonezina sortzen omen zion eta, horregatik, hondakin hauei «ahotsa ematea» otu zitzaion: «Fonografoa hondakin espazialen arrastoak jarraitzen ari da une oro. Mota honetako zakar zati bat gure tresneriaren gainetik pasatzen den bakoitzean, zortzi ezten motordunek radarreko zehar-gune bakoitzean oinarritutako soinua egokituko diote».