2016 ABEN. 18 IRITZIA Bertsio «onfiziala» Alaia Martin Eskoletako patioetan azkarren egiten diren metroak ahotik belarrietarainokoak dira. «Anerekin haserretu naiz» entzuten da frontoi ertzean eta «Mikelek beti agindu egin nahi du» txirristan, «Kimetzek Nahiari esan niona Unairi kontatu dio» liburutegian, eta zuzendaritza gelan ergatibo piloa entzuten da, ergatiboaren aurreko izenaren jabea bertan egon gabe. Tabernetan «gainera ezkontzekotan ziren», esaten dio Joxek Juliani eta «baina bi musu baino ez ziren izan» Laidak Oskarri, «ba ez zuen horrelakoa ematen…» Onintzek Kattini, «lehendik ere ez ziren ongi egongo», «gajoa…» Ekhiri Ekhik. Lantokietako kafe makinetan «nik uste Ines kaleratuko dutela…» Oierrek Joni, «astean seitan lo hartzen du» Kikek Udaneri, «zaila da txakurra bi aldiz hiltzea» Larak Anetzi, «astelehena dut asteartero» Karlosek Iratiri… eta kamerek memoria histerikoa gordetzen dute. Ospitaleetan «itzal bat baino ez da izango…», esaten dio Kontxik Mareni, «gu hobeto gaude» Maddi Anek Mireni, «itzaliko al duzu zigarro hori?» Aiorak Maikari, «gaur ez dut berri txarrik emateko indarrik» Imanolek Deiri, «ahal dugun guztia egin dugu» Pilarrek ispiluari… Kioskoetan «txikleak», «kromoak» eta «kobratu hau» esaten da. Eta kiwia janda joaten direnek, «eskerrik asko». Erosleak dirua prest eramaten du. Txanpon handienetik txikienera dorretxo bat eginda. Egunkarietan asko esaten da. Esaten da zerbait argitaratzen ez denean, albistetasuna galdu arte errepikatzean, albiste bat, eta eman ezean loturarik ez duen beste albiste bat, aldamenean jartzean, argazkirik ez ipintzean, edo argazkiaren zati bakarra erakustea hautatzen denean. Erakusketak ere, beti dira erakusketa, eta ezerakutsian preso geratzeko arriskua dute. Altsasuko kioskoetan, adibidez, «ez da posible» esaten dute, eta ez da izaten aspaldian egunkarien salneurria garestitu delako. Maitasun istorioen bertsio ofiziala ere eman nahi izaten dugu. Digestio arazoak dituzten sentimenduak orekatzeko ezinbestekoa da errelatoa. Garunak jakin behar du bizi eta biziraun duzula, ulertu eta kaxoi batean gordetzeko moduko ulermen ariketa egin duzula, biribila, kaxoian sartu bai baina atera ere egin daitekeena. Zerbait gogorra bizitzean, kontatu egin behar izaten dugu, atera edo geugandik islatu, azala kristalduta. Eta kontatzean ezin dugu kontatu usainez,zaporez, emozioz, arrazoiz…hezurdura sinple bat behar dugu minak mamitzeko. Herri honi gertatutako gauza gogorren historia tabernetan, ospitaleetan, lantokietan eta tabernetan ari gara inprimatzen. Inprima dezagun geureetan. Geure bertsio onfiziala. Kioskoetan «txikleak», «kromoak» eta «kobratu hau» esaten da. Eta kiwia janda joaten direnek, «eskerrik asko». Erosleak dirua prest eramaten du. Txanpon handienetik txikienera dorretxo bat eginda.