2024 ABEN. 29 KIROLA Kondromalazia edo kondropatia (Getty) Jurgi Fernandez - Salto Training Azken urteetan sarritan entzun dugun hitz hauen azalpena eman nahi dut gaur. Bi hitz hauek esanahi berbera dute eta oso erabiliak izaten dira belauneko patologiak dituzten pazienteen artean. Belauneko artikulazioan parte hartzen duten hezurrak inguratzen duten kartilagoaren higadurari erreferentzia egiten dio. Belauneko kartilagoaren funtzio nagusia femurra, tibia eta errotularen arteko marruskadura ekiditea da, belaunaren mugimendua baimenduz. Hiru hezur hauek inguratzen duen “kuxin” moduko bat dela esango genuke, amortiguazio lanak egiten dituena. Kartilagoa, ehun berezi bat da, gorputzeko beste ehun guztiek ez bezala inerbazio eza duelako eta odol fluxu gabe bizi delako. Honen ondorioetako bat da mina sentitzeko gaitasuna kentzen diola, baina aldi berean higadurak eragiten duen gainbeheratze prozesua ez da sumatzen, eta agertzen denean normalean oso aurreratuta dago. Gainera, kartilagoaren birsortze prozesua, bi faktore hauen ondorioz, gorputzeko edozein egitura baino zailagoa eta motelagoa da, gaitasun hau mugatuta baitago faktore ezberdinengatik. Kondromalazia agertzen denean, ehun hauen konposaketan endekapen bat egon dela esango genuke, eta hau lau mailatan banatu dezakegu: lehenengo mailan edo maila baxuenean kartilagoa biguntzen hasita dago; bigarren eta hirugarren faseetan kartilagoan mikrohausturak agertzen dira; eta laugarren fasean kartilagoa desagertzen hasi da eta hezurra azaleratzen da. Azken fase honetan mina nabaritzen da normalean, hezurrak sentsibilitatea duelako eta beste egitura batekin kontaktatzean mina ematen duelako. Mina toki ezberdinetan agertu daiteke, baina ohikoena errotularen goialdean izaten da, belaunaren flexio-estentsioa egiterakoan (eskailerak igotzean edo jaistean, jauzi egitean…). Lesio honen faseak progresiboak dira eta atzera bueltatzea ezinezkoa da, kartilagoaren hondatzea ez delako suspertzen. Gihardura garatuz edo artikulazioa hidratatuz (tratamendu ezberdinak daude azken honetan) artikulazioaren inpaktua gutxitu daiteke, eta, ondorioz, mina gutxitu, baina belaunaren egituraren egoera ez da aldatzen.