2025 API. 20 IRITZIA Andereño Amagoia Mujika Andereño Maria Jesusekin gogoratu naiz. Letra xeheez idazten ikasi genuen garaiko kutxan daukat memorian. Eta nire oroitzapenetan jertse gorri bat jantzita dauka. Gure amak egin zion, puntuz. Gogoan daukat nola gonbidatzen gintuen bere etxera bazkaltzera larunbatetan, txandaka eta nahi zuena. Hirunaka joaten ginen andereñoaren etxera bazkaltzera, ikasturtean behin. Bere seme-alabak eta senarra ezagutu genituen, bere etxea, bere makarroiak. Guretzat magala zen. Etxeko magal gozotik, ikastolako babesleku gozora. Errieta ere egiten zigun merezi genuenean, gure etxekoek bezalaxe. Toki segurua zen andereño Maria Jesus. Bere etxera bazkaltzera eramaten gintuen eta gure amari iruditu zitzaion opari bat merezi zuela emakume hark. Jertse gorri bat egin zion eskuz. Eta nik eraman nion, paperetan bilduta, izugarrizko ilusioz. Oraindik gogoan daukat ikastolara lehenengoz jertse gorriarekin etorri zen eguna. Gure mundu txiki eta garrantzitsu horren parte sentitzen genuen andereñoa. Uste dut hari gauza onak eta txarrak kontatzeko patxada genuela. Arazoren bat izanez gero, uste dut lasai kontatuko geniola andereñoari. Edo, aldrebes, hain ondo ezagutzen gintuenez, bera laster konturatuko zela aztoratuta geundenean. Denboraren joanak badu gauzak edertzeko joera, akaso zirenak baino politago jaso genituen gure umetako buru hartan. Baina andereño Maria Jesusekin akordatzean, irriño lasaia sortzen zait. Hezkuntzari eskatzen dizkiodan gauzetan lehentasunekoa da hori, ikasleek patxada topatzea irakaslearen ondoan. Pertsonatik pertsonako harremana izatea, gauza onak eta txarrak igartzeko gaitasuna garatzea eguneroko hartu-eman horretan. Irakaslea ikaslearentzat espazio segurua izan dadila. Jakintza ere garrantzitsua da, matematika eta historia, baina niretzat besteak behar du oinarrian, konfiantza eta jakintza emozionala. Haurrek eta gazteek ordu asko ematen dituzte heziguneetan eta hezitzaileekin, eta hor gertatzen dena aldean eramango dute bizitza osoan. Aitona-amona askok gogoratzen dituzte beren irakasleak, onak eta txarrak, ikasleak izan eta handik 70 urtera. Horrek erakusten du zein garrantzitsuak diren lehen bizipen horiek. Hezkuntza komunitateak lurrikara sasoia bizi duen honetan, pozgarria litzateke pertsonen bizitzak onerako markatuko dituzten irakasleak bultzatzea eta zaintzea. Horretarako baldintzak sortu eta irakaskuntzaren oinarriak gogorarazi. Irriño bat eta jertse gorri bat jasotzeko gure ume memorian. Hezkuntzari eskatzen dizkiodan gauzetan lehentasunekoa da hori, ikasleek patxada topatzea irakaslearen ondoan. Pertsonatik pertsonako harremana izatea, gauza onak eta txarrak igartzeko gaitasuna garatzea eguneroko hartu-eman horretan. Irakaslea ikaslearentzat espazio segurua izan dadila