7K - zazpika astekaria
«HEMEN BEHARKO LUKE»
Elkarrizketa
TXUMA MURUGARREN
MUSIKARIA

«Kontzertuena sorgin gurpila da, programatzen da etekinari begira»

Mutrikun egin dugu hitzordua Txuma Murugarrenekin, aurki argitaratuko duen «Hemen beharko luke» (Gaztelupeko Hotsak) apartari buruz mintzatzeko. Mundua pikutara doan bitartean, honetaz eta hartaz jardun dugu ahotsa urratuta duen kantariarekin, hainbeste abesti poetikoren eta, aldi berean, sendoen egilearekin.

Txuma Murugarren musikaria, Mutrikuko kaleetan. (Jon Urbe FOKU | FOKU)

Buruhandiak, txarangak, alkandora eta galtzak edo gona urdinak eta koadrodun zapiak daramatzaten herritar taldeak... Goiko plazan hitzordua egin dugun arren, herriko jaiek sortzen duten giro erlaxatuan gustura sumatzen zaio Txuma Murugarreni (Errenteria, 1964). Ez zaio arrotz ikusten, alderantziz. Kalbarixo jaiak dira Mutrikun. «Piñastei eguna da gaur», zehaztu du; arrantzaleen eguna, alegia. Portua herriaren erdigune bihurtzen den eguna. Oraindik dendetara iritsi ez den -Txuma Murugarrenek berak ere ikusteke du gaur arte- “Hemen beharko luke” (Gaztelupeko Hotsak, 2025) cd-a daramat poltsan, berri-berria. Azalean, eta denborak hondatutako eraikin herdoildu baten aurrean, Txuma Murugarren bera dago, lore koloretsu eta animalien burua duten gizaki bitxi batzuez inguratuta. Adimen artifiziala erabilita, Niko Vazquezek (Niko Grafixmo) sortu duen unibertso mitologiko-punki-nostalgikoaren adibidea dira cd honen azala eta kontrazala. «Tempus fugit» (denbora badoa) etorri zait burura, kanta hauek entzutean. Baina Txuma Murugarrenen zazpi kanta hauetan ez dago nostalgiarik, denboraren joanaren onespena baino. Hau da dagoena, esango balu bezala. Eta dagoena zazpi kantuetan bildu du, bere aurreko lanak baino soinu-giro potenteagoa, egiazkoagoa eta inguratzaileagoa erabilita.

Duela lau hilabete atera zen lehen aurrerapena, “Berantetsia”, diskoaren laugarren kanta: «Hemen beharko luke jada / Baina ez dago./ Berantetsita zaude / Honezkero». Are gehiago: «Zerbait gehiago izan beharko zenuke / Baina ez zara». Zein letra ederrak idatzi dituen musikari beterano honek azken hamarkadetan. Diskoa “Ez naiz” kantarekin abiatu du: «Ni ez naiz poeta / harakina naiz. / Ni ez naiz luma / ni ganibeta naiz»; Iñigo Aranbarrirekin batera idatzi du. Eta “Ez eman amore”-rekin bukatu du: «Ez da burua jaisteko unea», entzuten zaio. Nostalgia eta etsipenarekin ahaztu, beraz. 90eko hamarkadan, Sasoi Ilunak taldearekin atera zituen hiru diskoen ondoren, bakarkako bideari ekin zion 2000. urtean “Nire leihoak” (Oihuka) lanarekin. Urtebete geroago Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin grabatu zuen hurrengo lana, eta hor mantendu da, kieto. 2023an atera zuen aurreko diskoa -“Gautegia”, Nick Caveren bertsioak-, eta aurki, bera ere konturatu ez den urteurren batzuen erdian, “Hemen beharko luke” iritsiko da, laster dendetan izango dena.

Piñastei eguneko goiza pasatu dugu elkarrekin, aldapan gora eta behera, aspalditik ezagutu duzun lagunarekin berriz elkartzen zarenean daukazun sentsazio horrekin.

«Hemen beharko luke» disko honi ziklo baten bukaeraren usaina hartzen diot nik. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin atera duzun bakarkako hamargarrena da. Izan daiteke, bai.

Eta aurten 25 urte bete dira zure bakarkako lehenengo diskotik («Nire leihoak», Oihuka, 2000). Azken lan honetan bertan horrelako giro bat badago, bat datorrena gizartean eta planetan, orokorrean, antzematen denarekin. Ziklo baten bukaeran egongo bagina bezala. Ez dakit sentipen berbera daukazun. Bai, nik uste dut nolabait begiak irekitzeko ordua edo horrelako zerbait izango litzatekeela. Bizitzan barrena izan nahi izan duguna, batzuetan ere merezi genuena pentsatzen genuen hori, eta hori dena berehala etortzekoa zen, hori guztia, eta gaur-biharretan etorriko da hau... Eta gaur-bihar hori pasatu da, beste gaur-bihar bat etorri da, eta beste bat, eta azkenean konturatzen zara ez dela etorri. Hain etortzeko pronto zegoen hori ez da gertu, ez? Eta orduan, alde batetik, etsipena; baina, beste alde batetik, konturatzen zara, ba, bueno, estoizismoa badagoela hor. Klaro, bizitzaren kontra ezin duzu ezer egin. Dagokizun bidea jorratu duzu -utzi dizuten bidea nonbait, e?-, zeren hemen ez da, ‘nik nahi dut hau’, baizik eta ‘hau nahi dut eta saiatuko naiz, hemendik ez bada handik’. Baina bideak ez dituzu askotan zeuk delineatzen. Eta horren bueltan dago nire musika, ibilbide osoari erreferentzia eginda: non hasi izan nintzen, zer izan nahi nuen eta zertan gelditu den kontua.

Ez da tristea, hala ere. Ez. Eta bukaeran erreibindikazio bat du, amore ez emateko, sikiera zugatik, ez beste ezerengatik. Uste dut, gainera, denbora honetan guztian geruzak kentzen joan garela...

Biluziago gaude? Bai, eta, gainera, gure biluztasunarekin adiskidetuago. Orduan, ez da orain dela 20 urte geneukan inseguridade puntu hori. Orain bestelako kontuak dira. Baina horrek ere ekar dezake etsipena: ohikeria bat. Ohitu egiten zara, eta ez duzu hortik atera nahi.

Horretan ere diskoak badu beste ikuspegi bat, hain zuzen ere, horri aurre egiteko, produkzioari dagokionez, diskoa etxean grabatu dudalako. Uste dut izan dela erronka bat, zeren nik beti lan egin dut modu berean: etxean sortu eta atondu puntu bateraino, eta gero, hortik aurrera, musikariekin lanean hasi nintzen, eta nik etxean grabatutako dena gelditzen zen apunte gisa, baina ez genuen erabiltzen. Ondoren birgrabatu egiten genuen, denok batera estudio batean. Oraingo honetan kontua da: hemen ispiluan zure burua ikusten duzu eta niri, egia esaten badizut, ikusten dudana gustatzen zait. Ni ondo sentitzen naiz. Eta asuntoa da, bueno, ba, begira, ikusten duzun hori onargarri edo gustuko egiten baldin bazaizu, orain arte egin duzun lan modu honetan, zergatik ez ditugu, bada, etxean grabatutakoak hemen utzi? Eta halaxe egin nuen. Bateria serie guztiak etxean eginda daude, jakina, bateria programatuekin. Teklatu asko daude, baxu sintetikoak, gitarra noizean behin... eta gauza horiek guztiak gelditu egin dira diskoan. Ahots batzuk ere bai, nahiz eta etxean daukadan mikroa nahiko petrala izan, eta batzuk birgrabatu ditugun gero estudioan, asko nabaritzen zelako kalitate aldetik. Ekaitz Hernandezek [mellotrona, baxua, sinteak, bateria programazioa, llopak, zaratak... irakur dezakegu cd-an] eta Miguel Ramirezek (gitarrak eta baxua) lan egin dute nirekin disko honetan. Ekaitz Hernandezek teklatuak eta baterien programazioan eskua sartu du. Izan da ping-pong online bat, eta estudiora joan gara bakarrik nahasketak egitera.

Bueno, esaten diozu zeure buruari, konfiantza hori ere badaukat, konfiantza, esateko: ‘Begira hauxe da egiten dudana, eta ez dago tranparik’. Baliabide tekniko ugari erabili ditut, jakina, garaiak diren bezalakoak direlako.

Autotunea ere erabili duzula ikusi dut. Autotune puntta bat ere erabili dute, pixka bat eta abesti batean.

Azkenengo hamar diskoak Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin atera dituzu, zigilu beterano eta txiki batekin. Gizon leiala zarela esan daiteke? Bai, bai.

Hiru urtetik behin plazaratu duzu disko bat. Zurea musika bizitzeko modu propio bat dela esango nuke, zirkuitutik aparte. Ez duzu lanbide bezala hautatu ere (irakaskuntza ari da), ezta? Lehen esaten genuen, guk horraino ailegatu nahi dugu eta horrainoko bidean elkar topatuko dugu nonbaiten, ezta? Niri egokitu zaidan bidea da nahiko makurra, eta pixka bat apartekoa. Esango nuke bide printzipaletik aparte joan naizela. Batzuetan pentsatzen dut, gainera, nik egiten ditudan gauzak beste frekuentzia batean egiten ditudala. Badakizu zenbait animaliak ikusten dituztela gauza batzuk guk ikusten ez ditugunak, beste frekuentzia batean ikusten dutela; begiez antzematen dituzten irudiak edo entzuten dituzten frekuentziak guk ezin ditugu antzeman... Eta iruditzen zait nik egiten dudana, oro har, ez dela ulertzen, beste frekuentzia batean arituko banintz bezala.

Gogoratzen naiz 2016an atera genuen diskoan [“Zerbait ari da gertatzen”] kantu bat zegoela “Dirua falta bazaigu” izena zuena, eta hasiera zen: «Jende asko dagoela munduan eskrupulurik gabe esaten zenidan». Eta hori egia da, eta denok dakigu. Eta rolloa ez zen hori. Kontua da kritika batean jarri zutela letra sozialak egiten hasia nintzela.

Bai? Egia da zure letrek ukitu bat dutela, esan nahi dut gizartearen giroari oso lotuta daudela... Bertan bizitzen naizelako.

... baina zure kantak oso poetikoak dira! Bai, nik ez dut esaten ez daukadala zerikusirik erreibindikazio sozial batekin. Horregatik esaten dizut, batzuetan, edo ez dute entzun edo entzun dutena ez dute atzematen. Horregatik esaten dizut frekuentziarena, eta halaxe egin naiz, bidean, pixka bat intuizioz. Tokatu zait underground izatea, kritikaren aldetik oso ona, errespetu pila bat jaso dut; eta jendeari galdetzen badiozu: ‘Bai, bai...’. Baina gero nire musika ez da entzuten. Nire kontzertutara jende gutxi joaten da; are gehiago, arazoak dauzkat kontzertuak topatzeko. Orduan, hor dago deskonexio berezi bat, erabat ulertzen ez dudana.

Noizbait irakurri dizut ez dakizula benetan publikoa ote daukazun. Bai. Galdetzen didatenean: ‘Zein da zure publikoa?’. Galdetu zidatenean lehenbiziko aldiz, nire buruari esan nion: Baina jendeak badauka publiko bat?

Salmentetan nabarituko da. Baina egia da egun ez direla cd-ak saltzen. Nik salmentetan ez dut ikusten. Garai batean ibili ginen dexente, baina betiere ibili gara modu nahiko prekarioan. Egiten genuen diskoa, eta gero aurkezpenetara baliabideen erdiekin joan behar izaten genuen. Aurrekontu txikiak, leku txikiak.

Pandemiaren ostean zuzeneko kontzertu txikiak jaitsi omen dira, zirkuituak desagertu direlako. Hori da sorgin gurpil bat. Sartzen baldin bazara mundu honetan defizitarioa izaten, asuntua da lehenengo urteetan eutsiko diozula daukazun energia eta ilusioarekin, baina hori ere gastatu egiten da. Eta gero eta energia eta ilusio gutxiago daukazu merkatu, entzuleria, zera horretan guztian, ezta?

Eta horrek zer ekartzen du? Horrek ekartzen du hurrengo aurkezpenetarako bestelako moduz pentsatzen duzula: ez duzu bitartekorik eta baliabiderik lau-bost musikari eramateko, ez dakizulako aterako diren lau, bost edo hamar kontzertu, eta orduan jendea ez duzu edukiko entseatzen hilabete oso bat, gero ezer ez egiteko. Horrek ni amorratu egiten nau, zeren ez zait batere gustatzen jendearekin jolasten ibiltzea. Oso serio hartzen dut musikarien lana. Eta uste dut horrek guztiak autozentsura egitera eramaten zaituela abestiak egiteko garaian.

Orain hau prestatzen ari gara, aurkezpenak. Hiru musikari egongo gara eszenan. Eta zergatik ez bateria jotzailea? Oholtzan lan handia egingo dugu, baina beste lan bat eginda ere eramango dugu. Horrek emango digu askatasun bat ibiltzeko leku askotan, aurrekontuari gehiegi begiratu gabe eta modu duinean.

Kontraesana dago hor, egun kontzertu erraldoien garaian gaudelako. Euskal musikan ere horretara jo dugu: kontzertu handiak -Fermin Muguruza, Zetak, ETS...- programatzen dira. Hiru ordutan saldu egiten dira sarrera guztiak. Eta nire galdera da, noiz arte mantenduko da joera hori? Lehen esan dizudan bezala, hori sorgin gurpila da. Zenbat eta arrakasta gehiago izan, orduan eta kasu gehiago egiten dizute. Eta horrek ekartzen du jendearen pentsamenduan presente egotea eta horrek ekartzen ditu kontzertu gehiago.

Gaur jendeak, programatzen duenean, aretoa bete nahi du, eta esaten dute: ‘Txuma, bai, oso ondo dago, baina ez du areto hau beteko’, eta atzera egiten dute. Behin telebistan esan zidan irratiko tipo batek: ‘Jo, es ke, zure musika oso ondo dago, baina irratian jartzeko...’. Aizu, tio! Hori da pertzepzio pertsonal bat, zeren nork esaten du ezin direla jarri? Programatzaileek ere ikuspegi erabat komertziala daukate.

Gaur egun programatzen dena da komertzioari begira, etekinari begira. ‘Gastatzen dugu dirua, baina diru hori errekuperatu edo gehiago atera behar dugu’. Kontua ez da kultura defizitarioa dela berez, kulturak izan behar du etekina, bestela ez dugu programatuko. Orduan esaten duzu: ‘Baliabide gutxirekin hasi nintzen eta gero eta gutxiago dauzkat’. Gurpil horretan sartuta, produkzio txikiagoak egin behar dituzu nahitaez, baina, produkzio txikiagoak izanda, jendearentzat ez dira hain erakargarriak, ez dakit zelako “Mitoaroa” bezala. Hor lehiatzen ari gara, musikako behe-erdi klase horretan.

Nik, zinez, esango dizut disko honetan aurrerapauso bat eman duzula. Nik esango nuke baietz. Aurrerapausoa, eta lotsa asko kendu. Eta etxean egindakoari eutsi. Diskoak zazpi abesti dauzka. Eta zazpi abesti dauzka nahita, ez nuelako nahi 11-12 kantu izatea. Eta zazpi hauetatik entzungo dira bi... Eta niri abestiek benetan inporta didate, abesti batek bere bizitza daukalako, bere mundua erakusten duelako. Hori gabe ez da erabat ulertzen artista baten ibilbidea edo musikari baten ibilbidea.

Zein garrantzi dute letrek zurean? Nire burua ikusten dut historiak kontatzeko zalea. Instrumentista gisa oso txarra naiz, pakete bat naiz. Nik uste dut dislexia puntu bat ere badaukadala nire garapen biomekanikoan! Baina, bueno, baliatzen ditut instrumentuak nire abestiak sortzeko, eta horrekin nahikoa daukat. Diskoan entzuten diren piano gehienak nireak dira, eta uste dut puntu horrek lagundu egiten diola nik eman nahi dudan mezuari. Horregatik uste dut koherenteago gelditu dela.

Ikusi ditudan zuri buruzko biografia guztietan Bizkaiarekin lotzen zaituzte beti, Enkarterrian bizi zinelako. Ortuellan sortu zenuten Sasoi Ilunak taldea 80-90eko hamarkadaren amaiera aldera, zure kontura ibili aurretik. Musikaren egoera erabat ezberdina zen orduan, ezta? Sasoi Ilunarekin lehen diskoa grabatu genuen 1991n Oihukarekin [“Sasoi ilunak”, 1991] eta gauzak oso desberdinak ziren. Garai hartan produkzioak bestelakoak ziren. Adibidez, Elkarrekin grabatu genuen Lasarten zuten estudio zaharrean, eta han bazegoen apartamentu bat musikarientzat, bazkari-afari-gosariak joaten ziren etxearen kontu... Beste baldintza batzuk zeuden, eta diskoa ere saltzen zen orduan. Baina gero pixkanaka gauzka aldatzen joan ziren. Guk 1991ko diskoa grabatu genuen bakarrik binilo eta kasetean. Bigarrena [“Heri xumeak”, 1993] cd-an ere bai, lehenbiziko aldiz. Eta uste dut hirugarren diskoa [“Harakina”, 1998] bakarrik cd-an atera zela, eta ez naiz oroitzen jada biniloan atera ote zen. Aldaketa hori izan zen oso arina. Hamar urtetan desagertu ziren gauza asko, produkzioak guztiz aldatu ziren. Eta gogoratzen naiz 2000. urtearen hasieran oso modan jarri zela autoprodukzioa, eta zen dena-denaren jabetza eta ardura geratzen zela musikarien esku... Gauza oso polita, baina niri inoiz ez zait gustatu, iruditzen zaidalako lan izugarria dela. Batzuok ez dugu balio gure burua saltzeko edo promozionatzeko; orduan, autoprodukzio bat eginez gero, ganbara bete disko izango nuen. Produkzioak aldatzen joan ziren, dagoeneko ez da dirurik jartzen diskoak grabatzeko: dirulaguntzarik badago, ondo; bestela zure poltsikotik doa, eta manager etxeak daude bilatzeko... Kontuak asko aldatu dira. Dena den, ni zentzu horretan alderdi merkantil horretan oso galduta nago. Inoiz ez dut jakin nire burua promozionatzen eta, gainera, beti ematen dit lotsa puntu bat niri buruz eta nire lanari buruz hitz egitea. Kostatu egiten zait. Nik eman ematen dut, eta gero jendeak esan dezala nahi duena.

[Argazkilaria iritsi da. Tartean txaranga baten doinuek ‘lagunduta’, elkarrizketa ahal izan dugun moduan bukatu dugu. Mutrikuko kaleetatik barrena goazenean, bata eta bestea agurtzen doa. Argazkirako paratu den bitartean, porturantz goaz, elkarrizketa interruptus honetan. Ederra dago benetan Mutriku egun eguzkitsu honetan.]

Mutrikun hamarkada bat baino gehiago daramatzazu, ezta? Aurretik Enkarterrian bizi zinen. Bizkaitar bezala agertzen zara leku guztietan! Urte asko pasatu ditudalako Bizkaian. Enkarterriko herri hartan arazo batzuk izan genituen eskola publikoa zela eta ez zela. Gorabehera batzuk izan genituen, eta erabaki genuen hor ez genuela jarraitu nahi. Eta etorri ginen hona, bagenuelako etxe bat hartua, uda pasatzeko eta horrela. Baina igande batean gauzak han nola zeuden eta guk ez genuela nahi gure seme-alabak hor haztea, esan genuen: ‘Bagoaz hemendik!’. Igande arratsalde batean maletak egin eta etorri ginen. Eta, hemen oso ondo. Umeak oso ondo moldatu dira eta gu ere bai, primeran. Herri erosoa da eta herri euskalduna. Udan paregabea da herria. Beno, neguan ere bai, e?

Herri txiki batean ez da gogorra egiten negua? Ez. Herri txikia da, baina denetarik dago. Eta kanpoan lan egiten dugunez, zerbait behar baldin badugu, joatean edo etortzean, hartzen dugu behar dugun tokian.

Eta nabaritu duzu konposatzerako orduan? Ez nuke esango [harritu egin da galderaz].

[Eserita dago Aitxitin kalearen kantoiaren eskailera batzuetan. Txoko ezkutuez lepo dago kostaldeko herri hau. Rock-aren mundutik dator Txuma Murugarren, botako diogu galdera.]

Rock and rolla hilda dagoela diote, zuk zer diozu? Nik uste dut gauzak ez direla horrela hiltzen. Rocka beti egongo da. Orain, zenbat jendek entzungo duen? Olatua bezala da: bat etorri, bestea joan, baina olatuak beti daude. Orduan ez punka, ez rock and rolla ez dira berez betiko hilko.

[Atxukaleko miradoreko muralaren aurrean gaude. Hemendik arrantzaleek itsasoa kontrolpean izaten zuten. Behean, txalupak mugitzen ari dira. Sekulako eguraldia egiten du, paradisuaren traza du honek. Gure bizkarrean, arte eskolako 37 ikaslek egindako horma irudia: 5,5 metroko luzera du eta 3,2 metroko altuera. Hau irakurri daiteke: “Mutrikuarrek, lehenik Nafarroako Erregeari eta gero Gaztelako errege Alfonso VIII.ari, bale bat ematen zioten urtero zerga-ordain gisa”.]

Nick Cave-ren «Nocturama» diskoa «Gautegia» [Gaztelupeko Hotsak, 2023] bilakatu zenuen. Nick Cave ia ikonikoa da. Haren erantzunik jaso al zenuen? Egon al da feed-back-ik? Diskoa prestatu genuenean, ez zitzaigun bere ekoizlearen erantzunik iristen. Eta, diskoa prestatuta geneukanean, esan genuen ‘aterako dugu!’. Atera eta astebetera Nick Caveren emazteak bere blog batean idatzi zuen izugarrizko oparia zela, Nick Cave guztiz mugituta zegoela barrutik. Eta ‘ostia, begira, Xarra [Gaztelupeko Hotsak argitaletxeko partaidea], zer dagoen hemen! Mekaguendios, orduan alta eman beharko diogu!’. Eta orduan eman zen alta, izkribatu zen diskoa. Eta ea hemendik kanpo gu entzuten gaituzten? Entzuten da, Kanadatik eta beste toki batzuetatik noizean behin jasotzen duzu email bat, eta ez dakizu zergatik eta nondik heldu den hori horraino. Beno, gaur egungo mundu globalizatu honetan gutxien espero duzunean gertatzen dira gauzak hauek.